Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

miércoles, 9 de octubre de 2013

V. atala
Jentilen gotorlekuko sekretua 

Basajaunaren heriotzak nahigabe handia eragin zuen leinukoen artean, batez ere hain era inozoan gertatu zelako. Basoko herrietan bizi ziren; edo agian diren, basoko jaunek, (etorkinen ahotan aspaldi Jentilduak) ezin izan zuten ulertu zerk bultzatu zuen Basajaun bere burua horrela erasotzera, are gutxiago leinuko jentil nagusiak  bere buruari egindako erasoa inork eragindakoa izan zitekeenik. Patu, zori edo asturuaz gain, bakoitzaren, bizi eta hiltzeko moduak norberaren esku daudela uste duen kulturatik datozela kontuan hartzen badugu, hau da: balbea noiz etorriko zain egon beharrean, gizataldearen mesedetan heriori deitzeko eskubidea dutenak izanik nola onartu inoren eskutik hiltze hori, hiltzailea izakirik gorena izan arren?

Gertatutakoaren ondorioz, behealdeko jende txikiarekin harremanak eten ziren, ez zituzten haien balioak ez jokabideak ulertzen, are gutxiago gizartea antolatzeko moduak. Ulertezinena ordea, AMA tratatzeko modua, Amari, ama lurrari zioten begirune eskasa, zakatzetaraino zukutu eta lurgorritzeko joera, erabilera jasanezinetara behartuz alfer-lur bihurtzeraino.
 Kixmiren jaiotzaz geroztik, laster zabaldu zen jakituria berria. Beterriko  kastakoek, jainko bakarreko fedea barreiatzeaz batera, bizilekuak finkatu eta inguruez jabetu ziren. Artean jentilek,  jaun, hau da: Basajaun berria hautatu zuten, dagoeneko basorik baso zebilena edo dabilena, ibarrekoei askorik aditu gabe.
 
Dakigun moduan: goi-herriak, mendi gailurrak, saroiak, abaroak eta kortak, gotorleku ziren eta dira, basoko herritarrentzat; jaio leku, bizitoki, eta hilerri den etxearekin batera, sakratuak. Batzuk aipatzekotan, horra inguruan ditugunak, Ereinozarre, Atxerre, Katillotxu, Sollube, Ilunttzar, Bizkaigane, Oiz, Bizkargi eta Anboto; gotor lekuak, bateko edo besteko gurtza-leku direnak.

Etxekonekoaz paso egin gura arren ezinezkoa da! Nondik handik berriak, doanak zein datorrenak bueltan, bueltan beti harrapatzen gaitu. Gizakioi senez bai gara hizki-mizki eta esamesa zaleak.
Kulturak nahastu zirenerako berez, berez hasi ziren /ginen bata bestearenetik hartzen, ona zein txarra, komenientzien arabera.  Bata bestearen bizimoduan eragiten, elkar imitatzen.  Halaxe hasi zen Ereiñozarreko  katramila: esan dugu bai, gailurrak gotor leku zirela eta direla, Jentilentzat  zeru eta lurrak bat egiten diren, gogoen aldare.
 Fede berrikoak ere, berriak izan arren ez dira atzo goizekoak eta garai bateko gomutei jarraituz edo zeruko jaunarengandik hurbilago egoteko, mendi puntetara aditu zuten; Sinai mendiaren malenkonia edo …. Ereñozarre hautatu zuten gotor leku, jainko bakarra gurtzeko leku aproposa, basoko eliza eraikitzeko toki ezin hobea. Gailur horrek ordea, Ereinozarrek alegia, bazuen bere izpiritua  Jentilen gogokoa Basajaunak zaintzen zuen gotor lekua sakratua.

Beterritarren asmoa jakin zenerako  sortu ziren ika-mikak. Baina alperrik, txikiek idi uztarria, astoa, pottokak eta karga eraman zezakeen guztia zamatu ondoren materialak eraman zituzten tontorrera baseliza eraikitzeko asmotan. Jakina, Jentilek ez Basajaunak ez zuten holakorik onartu eta gauez tontorrean pilatutako tresna eta enparau guztia  ibarrera jaurtitzen zituzten . Hor hasi zen benetako dema, batzuk langaiak  egunez igotzen eta besteek gauez goitik behera harrika jaurtitzen. Behin ordea,  jende txikiak zelatan pasatu zuen gaua eta segada prestatu zuten. Basajaunak jaurtiketan ari ziren unean, su erraldoi bat piztu zuten, sugarren argitasunak jende txikiaren soinak erraldoitutako  itzalak islatu zituzten mendi labarretan . Basajaunek eurak baino izaki erraldoiagoak ikustean, izakitzarron beldurrez, zeharo izutua tresnak bertan behera utzi eta alde egin zuten. Amarru horri esker lortu zuten txikiek Ereñozarren  baseliza egitea. Ordutik ona San Migel deritzon aingeruaren egunak ordezkatu zuen Egurena, Amari eskaintzak egiteko eguna.


Baina ez guztiz, oraindik, Jentilen gogoak dirau bertan ostenduta:  zeren batzuen esanetan, Basajaunen garaiko idi larrua omen dago nonbait gordeta. Urrez beteriko zahagia aurkituko duenaren zain. Eta zahagi horretan omen dago Basajaunaren sekretua, mundu guztiko urrek baino gehiago balio duena. Ludi honetan bizitzari orekaz eta jasangarri eusteko sekretua.


Nik neuk ez dakit egia den edo jentil erremindu baten esamesa. Baina, izen duen guztia bada, hau ere zerbait izango da. 

Doro


sábado, 5 de octubre de 2013

IV atal
Jende txikia


Agureak esandako moduan, belaunaldi baten buruan, igarri zen aro berriaren eragina, eta jende berria agertu zen beheko ibarretara. Txiki zirinak izan arren bizkor fama dunak ziren, eta berton, behe aldeko landa zabal eta erreka egietan pausatu ziren.
  Basajaunak, jentilen leinuak esan gura dut, estimu handian zituzten inguruok,  ez zeuden erreka bazter eta lur lauak erdututakoen esku beste barik uzteko prest. – Batek daki ze tratu emango zioten AMARI! .—  Esaten zuten.

Kakanarruen familiakoak berriz, laster hasi ziren euren jitea erakusten, helburuak lortzeko amarruak prestatzen. Hasteko basokoen jakituria eta sineskeren aldekoei izena aldatu zien, aurrerantzean ez zuten Ama-lur, Egu, Ortzi ez iIaskirik  gurtuko, zuhaitzek, errekek, harriek eta animaliek, hau da: izateri osoak arima galduko zuen, arima bakarra gizakiena izango zen aurrerantzean, benetako espirituaren fedeari lotzen  ez zirenak Jentilak izango ziren .   
 Artean Basajauna, izaeraz oso osokoa zen eta denez; maltzurkeria izpirik bakoa, tankera horretako jenderik munduan izan zitekeenik ere pentsatzen  ez zuena, ez zion kontuari garrantzirik eman. Egun batean ordea, Martintxo, jende txikien artean kakanarru bizkorrena, Basajaunarengana joan eta hala esan zion. —  Hara Kankailu! Zuetariko  indartsuena baino indartsuagoa naiz ni. Baietz edonori burrukan irabazi!

Basajaunak goitik bera begiratu zion; nola ausartzen zen gerrira ere heltzen ez zitzaion  gauzaeztan hura bera desafiatzen?

B.J.— Zer diok, nano horrek!  Ez haiz heure buruaz jabetzen  ala?

M.— Ez nauk jabetuko ba! Horixe jabetzen naizela!

B.J.— Aho bero bat haiz txikito!

M.—  Aho beroa izango nauk bai. Baina hik zer, Jokatu gura duk zer edo zer?

B.J.—  Jokatu!  Zer esaterako?

M.— Ibar honen jabetza. Irabazten badut gureak izango dituk behealdeko lurrok.

B.J.— Eginda zegok! Galtzen baduk zure askazia osoak alde egingo du gure ibarretatik. Ados?

M.— Bat nator. Nola lehiatuko gara ordea?

B.J.—  Basajaunon erara, harriak jaurtiz jakina!
 
Harri bola zuri handi bana hartu zuten esku artean eta jaurtitzeko prestatu ziren. Halako batean, Martintxok, basajauna bestera begira zegoen unean, oharkabean sartu zen Basajaunaren bordako gaztandegian, Basajauna konturatu orduko eskuartean harri antzeko gauza zuri bat zuela agertu zen. Aurkariaren begi bistan, igurzten eta estutzen aritu zen nabarmen, arerioa konturatzeko moduan, zanpaduren eraginez ustezko harri zuria, txiki, txiki egin eta harea bihurtu zuen. Zurtz eginda gelditu zen, erraldoia, ezin zuen sinetsi ikusten ari zena.
 Dema saihestu eta bertan behera uztea erabaki zuen Basajaunak jende hartaz gehiago jakin arte.
 Baina ez hurrengo desafioa jauti agbe, ez zituen ibarreko lurrak beste barik txiki horren eskuetan utziko. – Harriak birrintzen ona da. — Pentsatu zuen. —  Ea jaurtiketan nola dabilen. — Biharamunerako jaurtiketa lehia bat proposatu zion, makila nork urrunago jaurti.

Hurrengo egunean, goizerdi inguruan, mendipeko larrean elkartu ziren, makila handi bana eskuetan zutelarik. Martintxok demarako prestatu zirenean, Basajaunari zuzen du eta zera esan zion.

M.— Hi kankailu ikusten duk han goian dagoen artaldea?

B.j.— Bai eta?

M.— Ba ondo begiratu eta ikusiko duk, Baietz makila jasotzen dudanerako, artalde hori arrapaladan hasi.

Esan eta egin, jaso zuen Martintxok makila eta haren seinalera, goialdean ezkutuan zegoen lagunak artaldea astindu zuen, ardiak arrapaladan hasi ziren eta Basajauna berriro ere aho zabalik.


Oraingoan ordea Martintxo bera izan zen desafioan lehena,

M.— Hara Baso aldeko Jentil jauna. — esan zion. — azken  desafioa egingo diagu eta hau irabazitakoan lurrak guretzako izango dituk beste barik!

B.J.— Desafioren arabera. — erantzun zuen basa jaunak ez bai zen askorik fidatzen.

M.—Ba biotariko zeinek jan gehiago izango duk dema.

B.J.— Primeran, horretan bai ez didazula irabaziko.

Handik pare bat egunera, harpeko atarian bildu ziren, mahian eseri eta elkarri begiratzeko astirik gabe hasi ziran biak jaten. Martintxok jateko plantak egiten zituen, Baina elikagai guztiak gerri bueltan sabelaren parean lotuta zeraman zahagian sartzen zituen jakirik gehienak.- Hara!- dio Martintxok .— Bete, bete eginda nago eta lekua egin beharra daukat urdailean. –  labana eskuetan hartu eta alkandora peko zahagia urratu zuen batetik bestera eta gordetako guztia kanporatu ostean jaten ari zenaren itxura egiten jarraitu zuen. Basajauna, martintxoren jan beharraz eta urdailean lekua egiteko sistema imitatu guran, bere urdaila urratu zuen batetik bestera eta bertan tripak kanpoan zituela hil zen gizajoa. Amarruari esker jabetu zen Martintxo ibarreko lurrez.



Doro

martes, 1 de octubre de 2013

III atala
Berri txarra

Kontuak kontu, zoriontsu bizi zen gure Basajauna, basorik baso, mendirik mendi ordura arte hezitako animaliekin batera,  Basoko jaunen joko eta jolas erraldoietan dibertitzen; harriak jaurti, harriak jaso, harriak metatu, harriekin eho eta harrietatik babestuz. Aharik eta egun batean, ekialdean sekula ikusi bako  argi distiratsua aditu zuen arte. Galdetu arren, inor ez zen argia zer zen edo nondik zetorren esateko gai izan. Jakitekotan, mendialdeko leizean bizi zen agureak jakingo zuen.

Agurea, aspalditik bizi zen damaren koban balbearen zain. Basajaunen askazikoek betidanik egin oi  duten bezala, zahartzaroa heldutakoan, familia eta leinuarentzat  zama bihurtu ez dadin borondatez aldentzen dira damaren kobara, betiko atsedenaren zain.
Agurea, basajaun nagusi izandakoa zen, buru argikoa eta memoria garbi duna. lausoaren erruz itsutua egon arren, oroimenean zutia ikusteko gai zena. Egun betazalik jaso ezin zuen arren  asko ikusitakoa.  
Estu eta larri, arnasestuka heldu zen Basajaun gaztea Basajaun zaharrarengana; damaren kobari zor zaion errespetu barik sartu eta  itsumustuan  jaurti zion galdera. Gaztearen jokabideak, tirabira sortu zuen; agureak errespetu falta leporatu bai zion gazteari, damaren koban sartzeko izandako begirune eskasagatik. Gaur egun ere badakigun kontua da, hau da: koban sartu orduko baimena eskatu behar zaiola damari eta hikan berba egiteaz gain, sekula ez zaiola aurpegirik galdu behar, eta barruan garen bitartean ezin dela ezer hartu haren baimenik gabe. Baina, egoeraren larritasunak, burokrazia atzean utzi eta harira ahalik eta azkarren joatea eskatzen zuen, beraz zegokion barkamena eskatu eta arazoari ekin zioten.

Basajaun gaztea. — Jauna, ekialdean sekula ikusi bako argi distiratsua ikusten da Ereinozarreko gotorlekutik. Inoiz holako oskorririk ikusi duzun galdezka nator. Zer esan gura duen jakin gura dugu.
Basajaun zaharra. — Ez dakit ba; deskriba didazuenagatik ezin diezazueket ezer esan. Eraman nazazue tontorrera eta jar nazazue ekialdera begira.  Betazal zaharrok nola edo ala jaso beharko dizkidazue ikustea gura baduzu. — Eskatutako moduan, Ereinozar gailurrera eroan, eta makila birekin betazala altxa zizkion. Orduan ikusi zuen jentil zaharrak oskorriaren argi miresgarria,  eta ezagutu zuen bai,  heldu zen berri txarra, zoritxarreko egun beldurgarria. Lipar bat baino ez zuen behar izan, kiku egin eta betirako ertzi zituen begiak. Aholku krudel honen ondoren.


BJ.Z. — Kixmi jaio da! Kultura eta fede berria helduko da laster inguruotara, gizaki txikien eskutik. Gure betiko sinesmenekin akabatuko duen fedea jainko bakarrekoa, Gure ama bortxatuko duena. Gizateriarekiko errespetua galaraziko duena.  Bota nazazue amildegi horretatik ez dut gehiago bizi gura eta. Zu eta gure askazikoak ordea , gorde zaitezte basoan lekurik sarrienean, kobazulo eta harperik hertsienean. Salbatu zeuen buruak! Ostendu aro hau pasa arte behintzat.
Agurearen nahia bete eta goga balbeari eman zioten, gorpua trokara, basapiztiak elika zitezen.

Basajaunek basoko patariek hildakoaren gorpua janez gero betirako bizi zirela uste bai zuten, belaunaldiz belaunaldi basapiztien askazian iraunaraziz, gizakiok jaten ditugunak gure izaeran irauten zuten moduan.
Badatorrela
Basoko jaunak,  datorren perilaren berri, ematen dio entzuten dakienari!
Zoritxarrez  ulermena urritu zaigula dirudi.
Mekanizistak  materialistak,
ipuinak diona hutsaltzen daki.
Tailandia, Fukushima edo Bilbo
hondamendi guztietan antzeko.
Artzain, Abeltzain,
Agian gizazain.
Ugariena ei da orain.
Abere bakoitza berea,
zintzarri arrena edo Joarea
Soinu bakana
Bakoitzak berana.
Ugazabak dakiena.
Ganadua artegatzen denean
Anda bidetik datorrena.
Kanpaiaren hotsa
Atartean hil hotza .

Balbe dator ate joka

domingo, 29 de septiembre de 2013

II atal
Elkar ulertzen genuenekoa


Basajauna da beraz, goroldioaren mintzaira ez eze, izadi osoarena aditzen dakiena. Artzainek esaterako, Basajauna dute zaindari; arriskuetatik ohartarazten ditu, ekaitza, tximista, otsoa …  holakoren bat hurbil denean, zintzarriak, arrenak, ezkilak, joareak, txilinak, kanpa eta bulunbaka aritzen den guztiak batera joarazten omen du, entzuten dakiena arriskuaz ohartzeko.
Beresikoari
Basoan berez hasitakoari
Basoan jaio basoan hasi
Berak behar luke nagusi
Beti berton egonagatik
Ez haut gaur arte ikusi.

Berezia duk hire Beresia
Basoa, berez hasia.
Zabalik egon arren
sarria  duena hesia.
Ez da erraza hi ikustia

Basajaun duk izena
Zein ordea izana,
Zein hire izatearen funtsa?
Lurretik bizi denaren jakituriak
horretan datza.
Eta munduak hobeto baleki
Basora behar duela adi
zentzuak zabalik
Belarriak erne
Begiak ireki

Arriskua nondik datorren jakitea Komeni zaigu,
Basa jauna horretarako genuen sortu.
Betidanik horrela jokatu.
Gor eta itsu ez bagaude behintzat
Aditzea komeni zaigu.


Hondamendia datorrenean
Ezkilak dilin 
Arrenak dalan
Txilina dabil
txilin, txilin
Zintzarria zintz
Joarek jo
Arriskuren bat datorrelako.

Eta geurez konturatzeko gai ez garenez
Aditu izadiari, aditu animaliak mesedez.
Guk baino arinago bai dakite hondamendirik datorren edo ez

Jentil edo basoko jaun erraldoien aroan, jende txikia agertu aurretik, artzaina bere ardiekin ulertzen zen.
Blasek urtero egiten zuen  Gorbeiatik Bost hirialdeko Haizpera bidea.  Aste santu ostean, Arratiko goiko mendietara itzultzen zen goialdeko belar gurien bila. Hirurogeiren bat buru, zituen, eta goizero, oilarraren kukurrukuarekin batera. inguruko larre-zabalera bidaltzen zituen. Bai ondo ulertu duzue, goizero, goizero artegia zabaldu eta Ondoko agindu honekin “Larre-zabalera” bidaltzen zituen.,


B.J. — Nahiko jandakoan bueltatu!.— Blasek artegiko atea zabaldu eta aharitoari agindua emandakoan, artaldea Larre-balerantz abiatzen zen.  Egun hartan ordea, ardiek belarra jateko burua makurtu zutenerako, belarrak hitz egin zien belarrira. — “Aurrerago eta goxoago” .— Ardiek orduan burua altxatu eta aurrera jarraitu zuten, aurrerago belar gustagarriagoa aurkituko zutelakoan.  Aurrerago horri neurria hartu ziotenean gelditu, ahozpez jarri eta mokadua moztera zioan unean belarrak atzera berba egin zien belarrira. — Aurrerago eta goxoago, aurrerago eta goxoago! – Artaldeak berriro ere kasu egin zion belarrari eta aurrera jo zuen belar goxoagoaren bila. Egun guztia eman zuten beraz, burua gora burua behera aurrerago omen zegoen belar goxoagoaren atzetik. Ilun nabarrean oraindik mokadurik jan gabe zegoen artaldea. Gautu zuenerako etxe bueltatu eta artegira sartu ziren ohi bezala. Artaldea gose zenez ordea, ezin izan zuen lorik egin eta gau osoa eman zuten beka. Jakina, Blasek ere ezin izan zuen lorik egin. Biharamunean, inoizkorik goizen jaiki eta zuzen joan zen Blas artegira, Aharitori mintzatu zitzaion. – Aharito. Zer gertatzen da. Gau osoa orro baten pasatzeko?
.— Zeuk ere balaka  egingo zenuke, urdaila utzik lotara joan beharko bazenu.
.— Zer diok aharito! Gose haizela?
.— Jakina! Hi ere goseak jota egongo hintzateke egun guztia jan gabe pasa izan bahu.
.— Zer dela eta? Zer gertatzen zaio Larre-zabaleko belarrari?
.— Ez zekiat. Baina kontua da, atzo ahokada mozteko makurtzen ginen bakoitzean, belarrak berba egin eta zenbat eta aurrerago joan belar goxoagoa jango genuela esaten zigun. Guk kasu egin eta aurrera jotzen genuen iragarritako belar goxoaren bila, ustez heldutakoan, burua jaitsi eta batera  berriro esaldia “aurrerago eta goxoago”. Horrela eman dugu egun osoa, aurrerago belar goxoagoa zegoela sinetsita, aharik eta ilundu eta artegirako sasoia heldu den arte.

.— Inuzenteak zarete gero! Belarra adarra jotzen ari da, bihar zoaztenean, letania berdinarekin jarraitzen badu, zuek. BERTON GOXO erantzun eta bertan gelditu jaten.

Esandako moduan, Larre-zabalera heldu eta ardiak ahozpez jarri zirenerako egin zuen berba belarrak. — Aurrerago eta goxoago! — Artaldeak orduan, guztiek batera. — Beeeeerton goxo! Beeerton goxo erantzun zuten. — Eta bertan gelditu ziren ahitu arte. Horregatik dakigu  bekerekeak beeka ari direnean zer dioten.



BEEERTON GOXO!!!






sábado, 28 de septiembre de 2013

Jentilak
Basoko jaunak

I atal
Goroldioaren aroa
Isilduko bagina sikeran!
Berbaroa isiltzen denean
hasten gara entzuten.
Isilik dagoena ulertzen.
Dena ez dela soinua konturatzen
Hertziarren artean badela zer edo zer.
Igitez eta egitez mintzatzen dena.
Mintzaira isilarena.
Giz oneko zein giz txarreko
Gizakiak  entzuten ez duena.
Gainontzekoek dakitena
Oreka apurtzen denean

hondatzen dela dena.

Hirurehun eta berrogeita hamar milioi (350.000.000) urte joan dira  agertu zenetik, zientzialariek diotenez bera izan zen lurzoru lehorra hartu zuen lehen izakia. Edonon agertzen da ugari uzten bazaio. Gaur egun ordea, galtzeko arriskuan dagoela diote eta galtzen bada lur bizigarriaren sorrera galduko dela, ur emarien gordekinak ahituko  direla, higadura areagotuko dela, kutsadura ezin izango dela atzeman berandu den arte eta hortik kontuak ateratzeko.
Galdutakoan ez ei da bakarrik galtzen, beste izaki asko doazela galzorira. Gure Basajaunaren  Beresira arriskua urreratzen ari de arren,  inguru sarriz gordeta basoaren erdiko kortan bizi da. Ez dakigu noiz arte iraungo duen zutik, baina ez da sekula joango, asko jota, berriro itzuliko da bere lekura, lurrera, beste zer edo zertan birsortzeko.
Kontuak kontu goazen harira:
Ele zaharren memoriak gogoratzen duen garaian, izadi osoak elkar ulertzen zuela dio kontalariak, denek zekitelako berbetan. Txoria, katuarekin mintzen zen. Katua, txakurrarekin. Zaldia astoarekin,  pagoak haritza ulertzen zuen,  kontuak atera; gizakiak gizakia ere ulertzen zuen eta.  
Goroldioak ordea ez zuen ezer esaten, mutu zegoen. Hain mutu zeren, guztiek uste baiz zuen ez zekiela berbetan.  Errukiz, elkartasunez edo halabeharrez, izateri osoa  ahalegindu zen mintza zedin, sasietatik  hasi eta azken zizareraino tematu ziren irakasten, baina, goroldioak ez zuen ikasi eta beste guztiei hitz egiten  ahaztu omen zitzaien. Horregatik omen da gizakia hitz egiten duen animalia bakarra.
Beste bertsio batek ordea zera dio: Izadia goroldioak berean jarraitzen zuela ohartzean isildu omen zen mundua, ordura arteko berbaroa mututu zenean, isiltasunaren zirrarak sortutako magiaz gozatzen hasi zen izadia. Astiro, astiro goroldioa eta ama-lurraren komunikazio sistema ulertu zuten eta hartara egokitu zirela.
Gizakiak orde, bere kalaka hutsalen zurrunbiloan galdurik jarraitu zuen, inguruan gertatzen zenak ohartu gabe eta ez zuen ama ulertzen ikasi. Horregatik omen gara gizakiok emakume eta gizonok AMA (izadia) ulertzen ez dakigun animali bakarrak

jueves, 26 de septiembre de 2013

Sagarrarena
Gure aitak, bere neurrien menpeko emaztea lortu zuenean,  arbuiatu egin gintuen. Amak orduan; gure amak, zera pentsatu zuen.

— Jainkoak gizona  bere irudi eta antzerako egin badu, paradisuak ez jainkoak dute askorik merezi. Holakoengandik,  hurrean baino urrun hobeto!            Beraz, fardela lepoan, anai txikia bularretik zintzilik eta ni eskutik asagotzea erabaki zuen.

Asebetea bizitzera hartaratua dagoenarentzat gogorra da gabezia, beldurgarria egunen segida. Bi umedun amarentzat ordea gau lazgarria. Egunsentiarekin berriz, asetasun barruti hartatik haratagoko lurrak ezagutu genituen. Eremu basatiak izanagatik denok berdintzen gintuen mundua. Ordutik ona ibiltari gara. Gure amak ez du sekula nonbaiten pausatzerik entzun gura izan. Leku baten denbora lar egonez gero, leku hori alperrik galdu egiten dela dio eta mundua luzarorako eduki gura badugu, birloratzen utzi behar zaiola.

Mundua borobila da ordea, leku berdinetik birritan ez pasatzeko asmoz, zeharka, bidezidorrik txikiena ere baztertu gabe ibili arren, askenean beti zaramatza hasierara. Horrela gertatu zitzaion gure amari, bueltan-bueltan gure aitarekin egin zuen topo, orduantxe  izan zuen paradisuan gertatutakoaren berri. Baina, zuek hori, nik baino hobeto dakizue ezta? 
Gure amak, halako kontu barik, arbolatan ugari eta eder zeudelako, fruitu batzuk hartzeari ekin zion, jana behar genuen guztietan egin ohi zuen moduan. Baina, hara non! aitak ikusi eta lege berriaz ohartarazi zuen.
— Sagasti horrek ugazaba du.— adierazi zion atzeko aldetik. Gure ama ustekabean hartu eta eskuan zeukan erregina sagarra erori zitzaion.— Gainera hartu duzun hori, ezin da ezta ukitu ere egin. Debekatuta dago eta zigorra jasoko duzu.

 Ezustean hartu zuen ama eta totelka  erantzun zuen
—No..nondik a..agertu haiz? Zer egiten duk hemen?.
.— Zer egiten dun heuk hemen inoren sagarrak lapurtzen?.— Bota zion zakar.
.—Inoren sagarrak? zer esaten ari haiz? Ze berba modu duk inoren hori? Zer esan gura du?
.— Argi zegok hartzen ari haizen fruituak ugazaba duela eta haren baimenik gabe batzen ari zarela, beraz lapurretan harrapatu zaitut.
.—Lapurreta diok?.—entzundakoaz harrituta.
.—Lapurretan bai! Heurea ez dena hartzen.!.—Handikien antzera egin zion berba.
Gure amak zer esan jakin gabe jarraitzen zuen, harik eta senar ohiaren jarreraz konturatu arte. Holakoetan gure ama berotu egiten da, barrena borbor jartzen zaio eta hori gertatzen denean hobeto urrun egon.
.— Inorena, bekatua, lapurreta, zigorra. Hi burutik eginda hago! Ze lelokeri dituk esaten ari haizenak? Giltzak buelta eman dik ala?.
.— Lilith kontuz! Lotu mingain hori eta neurtu berbok! Zuk alde egin zenuenetik ona kontuak asko aldatu dituk. Ikusten dunan guztia orain neurea da.
.— Hireak?  Nola? Hirea heure bizitza izango duk, soinekoak eta jaten ari haizenean, baina lurra, zuhaitzak, basoa eta piztiak nola izango dituk hireak?
.— Gure Jaunak ala nahi duelako.    
.— Ala! Joan hadi zakutik hartzera!  Gainera, zergatik heureak eta ez dingilizka dagoen suge horrenak esaterako?
.—Piztiak ez ditek bururik.
.— Eta nireak… Zergatik ez nireak?  Edo ni ere piztia nauk?
.— Eta ez nola nahikoa! Emea! Emea eta kumea gainera.
.—Betikoan jarraitzen duk kirten horrek! Pozik egon behar dun hire emaztea. Halako enbelekua tokatu zaiona.
.—Pozik egoteko arrazoia dik. Onik ateratzen utzi diodalako. Ez zegok kexatzeko moduan.
.—Kalteren bat egin izan balizu bezala mintzatzen ari haiz. Zer hari ere gainera igotzeko gogoa sartu zaio ala?
.— Enbra ostiok! Beti zeuena egin behar. Bere erruz gaudek guztiok egoera honetan.
.—Zer egin du ba!
.—Sagarra Jan!
.—Berak jan? Berak jan badu berari egingo zion kalte. Baina guri….
.—Denoi. Zuk sagarra hartu duzun sagarrondo horretatik jan zuen
.—Eta? Sagarrak ez dio sekula inori kalterik egin.
.—Sagarrondo hori, gure Jaunarena da. Eta bertatik jatea debekatu digu.
.—Baina ez didazu esan gauza guztiak zeureak direla?
.—Arbola hori ez ezik.
.—Ba ni ez nauk hirea! Ez nire semeak!
.—Dena duk Bera.
.—Baina ez didak esan dena dela hirea.
.— Berba egiteko modu bat da. Benetan dena da berea, ni bere ondasunen jagolea baino ez naiz. Denok gaituk bereak.
.—Bai kontuxu! Horixe baino ez niana behar! Beste kirten bat gainean.
.— Gure  Jauna iraintzen ari haiz.
.—Hirea! Ez nirea!
.— Hori bekatua duk, bekatu mortala.
.—Hi, argitu iezadak kontutxo bat. Zer demontre duk bekatua?
.—Gure jaunak sagar debekatua jan ostean asmatutako zigorra. Gure ondorengo guztiek jasango dutena.
.—Zure ondorengoak diozu? Eva eta zureak esan gura duzu?
.—Bai.
.—Ezkerrak!
.—Zer ba? Zergatik pozten haiz?
.— Bekatuaren kontu horrekin kezkatzen hasita nengoelako.. Baina, zuk esandakoaren ondotik, guk, ibiltari gabiltzan buhame, kittano, motzaile edo ijitook ez dugula beldurrik izan behar konturatu naiz.
.—Bekatua denontzako da berdina. Guztiok gara bekatariak!
.—Hara mutil! Ni eta nire ondorengoak ez!
.— Bai. Zuek ere bai! Zu ere zigor horren ondorioz lanari eta erdiminei zigorrari lotua zaudete.
.— Hireak egin dik mutil! Lana eta erdimina zigortzat badituk akabo. Ez dut hire larruan egon gura. Ez gure gain jaurti zure errua. Gu ez ginen paradisuan hori jaso zenean. Beraz ez lana ez erdimina ez dituk zigorrak guretzat. Bekatua ordea, hain da baloratzen saila. Ni ez naiz bekatari.

Gure aita marmarrean ari zen bitartean. Gurdi ardatza, Bautista Bazterretxek lapurtu aurretik, haltzaren bihotzarekin egindako gurdian geure lau trastez bete eta arre esan genion Margaritori. Ez zigun lehenengoan kasurik egin, belarriak euliak uxatzeko moduan mugitu eta belarrari ekiten jarraitu zuen; hark ere bere nortasuna duelako. Baina laster, buzkantza ondo hornitu ostean  jakin zuen hura ez zela buhameentzako lakua, buhame, kittano, Motxaile edo Ijitook gure amaren kastakook, mundua dugula herrialde. Lau hankan ekin zion margaritok bideari, horregatik gaude hemen, zuei gure historia kontatzen

Ez didazu sinesten?
Ba kontatu dudana egia bada, xakelean gorde. Eta gezurra bada, atera ez dadila.  
Doro   

miércoles, 25 de septiembre de 2013

Akaba bako lana
Ezer egin gabe bizitzeko bokazioa eta beti lanean, geldi egoten ez dakien aberea da gizakia: Jainkoak bere irudiz eta antzera egina, gainontzekoak ez bezala. Hortik ondorioztatu genezake jainkoaren lana egiteko modua.
                                                                         

Guk ezagutzen ditugun gauza guztiak (paradisua barne) egin omen zituen ahalguztidunak, baina orori gertatzen zaigun antzera, egunak joan egunak etorri, aspertu egin zen Goiko jauna. Esne-mamitan bizi denaren gaitza, antza, horixe baita egungo gaitza.
Jolasaz gogaitu zuenean, jakituria eta esperientzia berrien bila abiatzeko premia sentitu zuen zeruetan dagoenak. Ludiko kontuak bertan behera utzi eta alde egitea pentsatu zuen. Joatekotan dagoela, zeruetatik, bere obrari ordura arte baino arreta handiagoz erreparatu zion. Urruntzeak dakarren ikuspuntutik , mundua norabiderik gabe ikusi zuen, okerra, bihurria, akatsez betea.
Daborduko zeru eta lurren egilea jostailuaz gogaituta zegoen, zertarako beraz, ezer arteztu usteltzetik birsortzen den izakia bada mundua … Ezer konpondu behar bada, arduratu dadila laket duena, gobernatu dezala horretarako grina duenak. Halaxe, mundua salbatzeko hartu omen zuen gure aita Adanek ardura.

Gure aita gizon ona zen arduratsua, baina belarriak arin makurtzekoa. Horregatik ahalguztidunak,  mundua bertan behera utzi zuenean, ardura bere gain hartzera behartuta ikusi zuen bere burua. Jaungoikoa betaz ohartu eta duintasunez  hanka egiteko aukera ikusi zuenean,  munduaren ardura berea zela ikustarazi zion Adani, limurkeriaz bera zela izakirik egokiena belarrira xuxurlatuz. Gure aitari egoa puztu zitzaion eta amua guztiz irentsi zuen, Ahalguztidunaren amarruaz kontura gabe paradisuko lega errespetatzeko agindua hartu zuen, lege haustearen zigor eta guzti. Legea bakarra zen, hura bete eta gainontzekoetan libre ziren, jakituriaren arbolatik jan ezean.

 Gure amak eta Abelelek; gure lehen anaiak, beste mundu horretan jarraitu zuten, ibiltari, artaldearekin hara eta hona, paradisuko legetik aparte, bidean aurkitzen zituzten jakituriaren arbola guztietatik jaten, jainkoaren madarikaziotik at.

Paradisuko aferak asago harrapatu zuen gure familia, dagoeneko beste leinu bat sortzen, zigorpeko lanetik urrun eta erdiminez gozatzen, sorrerako bekaturik gabe.
Harrezkero buelta asko eman ditu munduak, hara eta hona ibili da eta dabil gizakia. Leinuk, askaziak herriak eta R.H.ak nahastu dira. Norden nor jakitea ez da erraza, are gutxiago, lana derrigorrez edo gustuz egiten duena ezberdintzea.

Nik neuk uneak ditut eta batzuetan gustuz egiten dut lana beste batzuetan kostata nator neure alorrera, agian historiaren bidean, gure odolak nahastuko ziren eta ez naiz Buhame garbia.
Eta orain, ekin daiogun bideari, mundua borobila den moduan, denbora ere borobil ei dabil. Beraz, bidearen bukaeran zeuek aurkituko zaituztegu berriro. Eta gu atzera berton amaierak zirkuluaren zein puntutan harrapatuko gaituen asma ezinik. Bitartean behin eta berriz ekin behar bizitzaren istorioei, egunero jango bada ez bai dago beste erremediorik. 

lunes, 23 de septiembre de 2013

Adanenak, ez Evarenak.

 Haitzuloko kobatik datozen urek, Goierritik jaisten diren ur lasterrekin bat egiten duten erreka hegian batzen ziren urtean behin, edo birritan, kittano, buhame, motxaile edo ijitoak, bakoitzak aukera dezala zela izendatu!

Herrian agertzen zirenerako hasten ziren nobedadeak. Zerari zertu diotela. Zerarenean zertu direla. Zerarenetik zerak zertu dituztela, hau, bestea, hangoa eta hemengoa, guzti guztiak, frogatu bako egiak.


Esamesa guztien gainetik ordea; Iluntze aldera, herri osoa batzen ginen bi erreken arteko zelaian, buhame, Jaunak kontatzeko zekarrenaren irrikaz. Kontatutakoak ipuin hutsak zirela nekien arren,  sekula ez  nuen neurria hartzerik lortu, zenbat zuen egiatik eta zenbat fikziotik. Baina hori bai: benetan kontatzen zituen, istorioak bizitako moduan senti araziz. . Emozioak sentitzen diren lekuan nabaritzen genituen. Sabelean dena 


Buhame jauna.Barreak sabelean min egiten du (lepoz hasi zuen bere berriketaldia).—Tristurak, sabelean eragiten du. Beldurrak! sabeletik arin jartzen gaitu. Eta maitasunak… Oh maitasunak! Sabelean kilikili egiten digu. Bai badakit! Maitasuna “bihotzean”sentitzen omen dugu! Nik neuk ordea, maitemindu naizen guztietan edo maiteak min egin didan bakoitzean, sabelean igarri dut. Bihotzak ordea, taupada bat gora behera berean jarraitu du. Baina hain itsusi gelditzen da, maiteari “Nire sabeleko azukre koskorra” esatea, edo “Sabelez maite zaitut!” zeren bihotzarekin gelditzea erabaki dut neuk ere. Naiz eta horrek kontraesanak areagotu. Maitasunaren eta grinaren artean, tarte handiegia jarri dugu. Hasieran, buruak dena arrazoitzera eraman aurretik hurbilago zeuden maitasuna eta grina ia leku berean. Gerora, jaun xit jakitun, kreazioaren erdigune, geure burua tituluz hornitu ahala urrundu ditugunak. Urruntze horren ondorioz sortu zen lanera kondenatutako ADAN eta EVAren paradisuko leinu bekataria. Baina gu ez! Motzaileok. – gurdiaren zurezko mailadian jesarri zen eta ahotsa sendotu zuen azken lerroraino hel zedin. — Gure askazikoak, Adanen ondorengoak gara! Baina Evarenak. EZ! Jainkoak, gure ama eta aita buztin berdinetik egin zituen, bata bestearen antzeko. Maitasuna eta elkarrenganako grinan ere pareko. Beraz, berezko joerak animalia oro senetik datorkiona erabiltzera bultzatzen duenez, joko haragikoietan murgildu ziren beste behin. Aldi horretan ordea, gure amak zera oldartu zion gura aitari. 
Gure ama.Hi! Oraingoan neu jarriko nauk gainean eta hi azpian.

Gure aita.— Zer dionan andrea? Hori ez duk sekula santan modua izan. Ze     kirtenkeri  esaten ari haiz?

Gure ama.Hara gizona, ez duk horrenbesterako! Frogatu gura dut! Beste modu batera egin!. Zuk zer sentitzen duzun jakiteko. Ez zaitu gutiziaren harrak zirikatzen?

Gure aita.—Hemen zirikatzen nauen bakarra zeu zara!

Gure ama.—Ez duzu jakingurarik sentitzen?

Gure aita.— Jakin gura? Zer jakin behar dut ba?
       
Gure ama.Azpian zaudenean zer sentitzen den.

Gure aita. Hara! Nik ondo dakit zer sentitzen dudan ez dut esperimentu berririk gura. Betiko legez egingo dugu eta kito!

Gure ama.Ez gizona, ez! Nik ere horrek hasperenok zerk eragiten dituen jakin gura dut. Begiak zuritan dituzula zergatik jartzen zaren. Zelakoa den berea egiten zaituen grina hori. Nik ez bai dut uste horrenbesterako denik.

Gura aita.Hara andrea! Berriketari utzi eta egin dezagun betiko legez hoztu baino lehen!


(Herri hizkeratik ateratako espresioak dira kakotx artean jarritakoak)

Betiko bideari jarraituz egin gura izan zion “beste errekadue” . Baina orduraino zabalik zegoen “hoja biko librue” hesituta aurkitu zuen. “Beheko anaijiek”, gure amaren berna arte guriko haragi estuekin egin zuen talka.   Eta “anaije juanitok”,  “Beheko burue” jasotzen duenean bere nahiak asetzen ez baditu… ez dio bakerik ematen gure aitari. Eta horrelakoetan haserretzen da Adan. 

Gura aita.—Hara Liliht! Ez nazazu bestera begira ipini gero!

Gure ama.Bestera begira neu jarriko nauk! Eta hik begira ezak kanpa dorrera  Eta kontsolamendua behar baduk. Jo ezak kanpa.

Gure aita.—Nik etxoat sekula kanpairik jo.

Gure ama.—Ah ez? Ba joan hadi sakristaurengana eta esaiok, kanpa joleen gozamena deritzon tokea irakasteko.

Buelta erdi eman eta lo gelditu zen gure ama. Gure aitak ordea ez zuen gau guztian begirik batu ez  aldaketa barneratzerik lortu. Biharamunean eguzkiak kiku egin zuenerako Adan  jainkoari kexatu zitzaion.

Gure aita. Aita!  Aita gurea zeruetan zarena … Laguntzat eskaini didazun andre horrekin ez dago zer egini!, Ez dago ulertzeko modurik! Ez dit kasurik egiten, bere gogoa egin behar du beti! Beste andre bat gura dut!

 Jaungoikoak orduan, gure aitaren saihetsetik sortu zuen EVA. (”Beno, egia esan, Evaren kontua idazten ari naizen honen asmakizuna da. Buhameak jaunak ez bai zuen holakorik esan, gainera diodana, entzutez diot eta omen edo ei batzuk aurreratzeagatik idazkian. Bera, ez kasu handirik egin). Gure amaren ostean sortutako gizonaren menpeko emakumea dela gure amaordea. Eta geroko haren semea. gurasoen  bekatuz lanaren zigorrari lotuta bizi den gizakumea. Gu ordea, Kittanook,  sortzez garbiak gara, beraz ez gaude lanaren zigorrari lotuta. Eta inoiz lan egitekotan geuk gura dugulako izaten da, une honetan egiten ari naizen bezala. Eta lanak saria merezi duenez, sar itzazue txanpon batzuk kapelan,  egindakoa ondo dagoela baderitzozue. Arima garbiok ere sabelean min sentitzen bai dugu gose garenean.
Baina zuetariko nork  daki, nondik datorkizuen bekatu hain grabea?  Guztiok?
 Bai?
Seguru?
Zein bertsio?
Lasai hurrengo osteran ahaleginduko naiz argitzen eta.