Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

domingo, 27 de julio de 2014

Gargantua Bilbotarra?




 Gargantua eta bere seme Pantagruelen istorioak entzutez baino ez dakizkit. Baina Bilboko Gargantua txikitatik ezagutzen dut eta haren ahotik sartu eta uzkitik irtenda nago. Lan eszeniko bat bat dela medio, Bilboko Gargantua protagonista duen ipuin labur bat idazteko eskatu didate. Egun pare bat egin ditut nondik heldu asmatu ezinik. Eta oso inspiratua agertzen ez naizen arren hauxe da otu jaten guztia.


Gargantua

Mahats-herrian ; bai mahatserrian esan dot. Begoñako errepublika Bilbok jan aurretik, erraldoi bat biz ei zan. Hanka bat Mira floresen eta bestea Ollarganen jarrita, Boluetako antaparetan ura edaten ebana. Iger-igerrian egoten zan, inguruetako ospakizunetan jan edanak egin eta etxera bueltatzen zanean.




Kontuak atara zelako egarriagaz etortzen zan ze, Ibaizabalek be beran ur emariekaz astebete behar izaten eban boluetako antapara eta ubideak betetzeko.

Jan da edan barritz, miserikordiako txarriak eta botxiko txikito zaliek baino gehidxau. Atara kontuak zenbat edango eban. Mahatserrikoek be Bakixora etorri behar izaten eben txakolinetan euren kupel eta barrikak bardintzeko. Jan barritz baztarrak Gargantua izena ez eutsen alperrik jarri.



Gargantuari jaten emotea hondamendia zan. Pasatzen zan leku guztietatik, goseak akabatzen eban familia. Eta zer jan aurkitzen ez eban lekuetan umeak bahitu eta eroaten ebazan, ondo gizendu ostean jateko. Bilbo eta inguruetako guraso guztiak izututa bizi ziren umiek ostondu ezinik.



Erraldoi tripazorroaren gehiegikeriakaz aspertuta Bilbotarrak plaza barrian batu ziren zer egin erabakitzeko. Asko eztabaidatu eben baina inori ez jakon ezer bururatzen. Halako baten, Etxaniz zeritzon Bilboko bonbero edo suhiltzaile batek zera esan eban:

.--Hauxe egingo dogu! Ibaizabal udxolakaz (uriola) bete bete datorrenean, Legizamoneko uharkan buztin ur lodiak beteko dogu. Atzera be, bidxamonak egarrituta datorrenean, boluetara datozen urak edaten hasten danean presa askatu eta buztin artean itoko dogu.

Eta halantxe jazo zan, gaupasa eginda zetorren goiz baten, betiko lekuan ahuspez jarrita egarria itotzen egoala, uharka askatu eta basa, lupetz eta buztin ur artean harrapatu eben Gargantua. Uxolaren indarrak buztin bola erraldoia errekan behera Barakadoraino eroan eban. Barakaldoarrek barritz, harrapatu eta bertako labe garaietan egosi eben.

Egositako buztina apurtu ebanean, barruan aho zabalik ahuspez edozer jan eta edateko prest
dagoen giza irudi erraldoia agertu zan . Lehenengotan jendeak atzera egin eban billurtuta, bizirik emoten eban eta... Baina ez, kanpotik gogortuta egoen eta barrua hutsik.


Umeek laster kendu eben beldurra eta konfiantza hartu ahala beragaz olgetan hasi ziren. Erraldoi ume jalearen ahotik sartu ziren eta atzeko zulotik urteten ebela konturatu zirenean, jostailutzat hartu eben, holantxe, munduko txirristarik famatuena bihurtu zan. 


Sinesten ez badauztazue, joan Bilbora batez be jaietan, joan aste nagusian. Joan edonoiz, non edo han, geur be hantxe ikusiko dozue eta

lunes, 28 de abril de 2014

       IZARO


Kantauriko urek inguratzen dute Izaro, Uraibaiko itsasadarrak Oka errekaren urak ahoratzen dituen tokian. Matxitxako eta Ogoño Itsas muturren artean, batzuentzat Mundakako erreka dena, beste batzuentzat Gernikako erridxue da; dena dela hantxe da irtetera edo sartzera doanaren zelatari, laguntzeko jite onez dabilena eta arbuiatzeko makur datorrena.

Larruzko potin eta enbor bakarrez egindako bateletatik egungo motordun txalupetaraino, lagun eta etsaien joan etorri ugari ikusi ditu Izarok. Erromatarren Portuondotik Foruara zenbat “ratis” eta “scapha” igo eta bajatuko ziren, merkaturako gaiez beterik. Vikingoak ordea, Izarok ekaitzetik salbatu zituenak onean ala gaizto ibili ziren?




Izaro gotor lekua dela ez dago zalantzarik, batzuetan etsaiengandik babesteko, beste batzuetan galduari, arriskuan dagoenari laguntza eskaintzeko eta sarri, isolatzeko, gaixo kutsagarriak urruntzeko. Edo jaikoari gorputz eta arimak eskaintzeko. Horren ustea dute historialari batzuk, zera iradokitzen dutenean. - Aurretiaz inon jasoa geratu ez den arre, ermita bat edo agian gaixo kutsagarriak zaintzeko lazareto edo ospitalea zegoen Izaron.- Frogatuta dagoena ordea zera da: 1422 geroztik, frantziskotarren komentua lekutu zela bertan 1719rarte , hamarren bat fraide hartzen zituena. Halaxe iraun zuen, ekaitz eraso eta errege erregina kalamitate guztien gainetik; Enrrike IV. “Fernado el Catolico” “Isabel la Catolilica”, bakoitza beran aldetik jakina, badakizue “tanto monta monta tanto”. Azken hau berriz, Ixabel diot, Izaroko komentua bisitatzera eraman onen zuten, hara heldutakoan, egin behar zuen bidearen traza ikusi zuenean, ez zuela igoko esan omen zuen, ganorazko mailadia egiten ez zen bitartean, eta berak eman omago zuela dirua. Hara! Berak bai bai eman zuen, baina geure patrikatik. Eskailerok egin egin ziren, gaur egun ere ikusi daitezke hondakinak, Baina Ixabel ez zen sekula etorri.

Gertaerak aipatze hasita ordea, “Sir Francis Drakek” pirata edo kortsarioarena kontatzea komeni da; istorioak dionaren arabera, 1596ko urtarrilaren 28an Portobelon hil ondoren, handik zazpi hilabetetara, 1596ko irailean, hugonote aldra baten buruzagi agertu eta izaro eraso zuen.




Jakintsuen arabera, jazarleen benetako asmoa Bermeo erasotzea omen zen, baina Bermeotarrek, inguruko herrietara laguntza eske jo eta borrokarako gertu aurkitu zituzten. Arerioak, ez omen ziren erasoa jotzen ausartu, horregatik jipoitu omen zuten Izaroko komentua eta horregatik dantzatu zituzten biluzik fraideak. Baina bermeotarrak ez ziren lasaitu. Pirata, Kortsario, Hugonote edo dena delako enparaua, berrindartu ondoren herriaren kontra oldartuko zirela uste izan zuten. Historia formalak dioenez, Ugarteko Gontzalek gertatutakoaren berri izan zuenean, 400 gizon armatu bildu omen zituen uhartea erasotzeko. Ez ziren ordea, beste barik erasoa joten ausartzen, orduan, laztanak saltzetik bizi ziren emakumeetariko profesionalik profesionalarengana jo zuten laguntza eske. Halaxe joan zen iluntze aldera bakar bakarrik emakume xarmant hura izaroko uhartera, Ugarteko jauna egiten ausartzen ez zena egitera. Gaua festa batean igaro zen, jan, jo eta edan franko, afektibotasuna non nahi alokatuz. Biharamunean, gau amultsuaren ostean, alokatutako laztanez ase, erasotzaileak ez ziren ezertarako gauza, orduan ekin zion Ugarteko Gontzalek, uhartea berreskuratzeko lanari, baita lortu ere, etsaia aldentzea lortu zuten.


Ordutik hona omen dago Bermeon, bermeotarra denak dakien tokian, emagalduari egindako monumentua. Bermeora bazoaz galdetu eta esango dizute, izen eta guzti gainera. Ez dakidana ordea zera da, nik kontatutakoa edo aldaeraren bat kontatuko dizuten.


Fraide, hugonote, pirata, kortsario, errege eta jauntxoen interes eta lege estuen gainetik, gertatzen dira gauzak munduan, handikien kalapitak baino gusturago entzuten dira bestelakoen kontu arruntak.


Otoitz, gurtza, seineru eta talaiari lanetan joaten zitzaien debora Izarokoei, arrantzaleen mesedetan eta kaioen kalterako, uharte mortu hartan mundutik legoa erdira, ur gaziz inguraturik. Hamarren bat zirela esan dut, baina berdin izan zitezkeen fraidearen dozena. Eta guztien artean, etxe oneko fraidegai gaztea, ama jainkojale baten gogoz eta jauntxo lizun baten utzikeriaz jainkoaren mesedetan ostrazismora kondenatua, ezkongetza hitza emanagatik eme sundak aztoratzen duena.

Ez dakit nola ez non ezagutu zuen, bat batean elkar gustatu ziren edo luzaz aritu behar izan zuten, xarma jolasetan, baina hagitz konplikatua izan zelakoan nago. Baina bihotzeko kontuetan nork aurki lezake muga? Hori bai munduaren begietatik kanpo jostatzera kondenatuak zeuden, eta munduaren begietatik kanpo omen dabiltza gauekoak, horregatik hautatu zuten amodio jostetan aritzeko Gauekoren erresuma.




Neskatoa nongotarra zen, istorioa kontatzen duenaren pribilegioa da, Ibarrangelukoa, Antzorakoa, Elantxobekoa, Berneo, Mundakarra edo Abiñakoa izan daiteke. Nik neuk, Lamiaranen bizi zela diot Hondartza auzoan Ugarrarri gainean. Gainalde hartatik aurrez aurre ikusten da Izaro eta alde batetik bestera itsasadarraren bokalea. Ezaugarri hortaz baliatzen ziren maitaleak eta kontatzen dutenez, gauaren estalpeaz baliaturik, neskatilak gauero jartzen zuen kriseilua etxeko leiho jakin abatean, Fraide gazteak hura ikustean, bidea libre zuela jakin zezan eta zein zen gau mutuan igerian egin behar zuen nora bidea. Horrela elkartzen ziren, aukera zuten guztietan, neskak argia jarri, fraideak uretra salto egin eta igerian igarotzen zuen legoa erdiko distantzia argiak markatutako norabidetik. Gaua bere maitearekin pasa ondoren, bueltako bidea egiten zuen gainontzeko fraideak esnatu aurretik.



Isilpeko gau amultsuak ugaritu zirten heinean, ugaritu ziren deskuiduak eta deskubrituak izateko aukerak. Halaxe izan zuen neskatilaren ahizpa nagusiak erromantzearen berri. Ez zitzaion bat ere gustatu kontua, batez ere ahizpa txikiaren amorantea, fraidea, etxe oneko aiton-seme izendatu baten semea zela jakin zuenean. Ezaugarri guztiak zituen, Gaztea, ederra, aberatsa. .-Ah zelako pagotxa mostratxa harena!- zioen, bekaizkeriak loa galarazten zion. Zelatan ematen zuen gaua, halaxe jakin zuen leihoan jartzen zuen kriseiluaren, itsas argien gisara gidatzen zuela gaztea, etxepeko hondartza aurki zezan, arriskutik salbu itsas harkaitz artean gal ez zedin.


Hastapeneko bisitaldiak, epe luzeetan tartekatzen ziren arren, dagoeneko sarriago gertatzen ziren, gau erdia uretra salto eta igerian egiten zuen, Izarotik Lamiarago hondartzatxorainoko bidaia, ordu erdi inguru ematen zituen zeharkaldi bakoitzeko markatutako norabidetik desbideratu gabe, Harkaitzetan bortizki apurtzen diren olatuetatik onik.


Bisitak sarriago gertatzen hasi zirenean, piztu zen susmoaren txinparta eta bekaizkeriak barrena jan ahala, sendotu zen zaharrenaren azpi jokoa. Jelosia aholkulari eskasa da, sakon hartua zuen ahizpa nagusiaren bihotza ez zuen inondik inora gaztearen suerte,- ez zen bidezko nagusienari zegokion lehenengo ezkontzea- pentsatzen zuen. Beraz, gizatasuna eta jainkoaren legeen kontrako lizunkeriak bukatu beha zuten. Horregatik, olatuek bekaldeko harkaitzetan sendo jotzen zuten gau batean, Itsas argiarena egiten zuen kriseiluak fraidearen bisita iragarri zion. Egiten zuen eguraldiari adituz eta behealdeko olatuen burrunbak entzuna da, kriseilua leihoan ikusi zuenean, gehiago areagotu zitzaion erasotzeko gogoa, ez bait zen normala itsaso zatar hartan sano dagoen inor igerian aritzea. Gau hartan ahizpa txikiaren eta etxekoengandik ezkutuan Kriseilua lekuz aldatu zuen. Gazteak, konfiantza osoz egin zuen uretara salto, besakada luzeekin ari zen igerian, heltzeko gogo nabariaz ..... Baina, konturatu gabe, argiaren kokapen berriak norabidea aldatu zion gazteari eta betiko lekura barik harkaitzen kontra eraman zuen. Eguraldi eta itsaso zakarrak akabatu zuen fraidea.




Halaxe galdu omen zen etxe oneko fraide gai gaztea eta ez omen zuten bere gorpurik inoiz aurkitu. Handik lasterrera neskatila urira bidali zuten gurasoek, handiki batzuen etxean zerbitzari lanetara. Urtebeteren buruan ordea, neskatila ere aldendu eta desagertu egin zen. Nora ordea?

Batzuk diote elkarrekin egin zutela ihes, beste batzuk bere buruaz beste egin zuela. Bada komenturen batean ikusi dutela dionik eta ez da falta zirrien baloreak saltzen dituela dionik. Baina istorioa bukatzera doan legez, garrantzitsuena nire aburuz, dagoen edo dauden lekuan daudela zoriontsu izatea. Neuk eperrak jan ditzadan.

Doro Zobaran

sábado, 26 de abril de 2014

Gantzua eta balbea (hilak piztu)

Basajauna eta etorkinen liskarrak.

Jakina da jende txikien aldrak, esku ahaldunon parajeotara agertu zirenetik, ostenduta bizi garela basokook, Jentil zaharraren profeziari jarraituz harpeetan. Ikusi ordea, dena dakusagu, batez ere liskarrak, fedea eta justiziaren izena aitzakiatzat hartuta, boterea eta jabetzaren gosez eragindako errietak. Ezagunena, bi mila urteotan “Al-lāh  eta Yahweh” eragin dutena., gaur egun ere, itsura aldaketa batzuk direla bide, bizirik dirauena.

Asko ikusitakoa naiz, halaxe, neure begiz izan dut belaunaldiz belaunaldi ludi zati honetatik jasotako kalapita odoltsuen berri. Kontatzera noana beterrietako lautadetan gertatu zen duela bost edo seiehun urte.

Gantzugailua eta Gantzutzailea

Behin Zaukulanda deritzon parajean, kristauek eta mairuen artean gudu odoltsua izan zen, kristauek lautada guztia utzi zuten musulmanen gorpu eta gorpuzkinez josita. Baina hara non, biharamunean hildako guztiak berpiztu eta zutik zeuden berriro, borrokarako prest. Horrelaxe gertatzen zen aurrez aurre jarduten zuten bakoitzean. Azken gudaldiaren ostean berriz, gazte adoretsu edo agian zoro batek bere burua eskaini zuen arazoa konpontzeko, halaxe hitz egin zuen.

-Gizonak, zuek lo zareten bitartean, neuk zelatatuko dut Zaukulanda eta berpiztu ahala akabatuko ditut guztiak. Ikusiko duzue nola bihar ez dagoen bat ere zutik.

Halaxe egin zuen, intsusa hostotsu eta mardul baten abar artea hautatu zuen ezkutalekutzat, hantxe eseri zen zelatan. Gauerdian, jainko bakar zaleek izaki gaizto guztiak agertzen direla esaten duten sasoian, atso igar ilezuri bat agertu zen gauaren erdian. Atsoak eskuartean buztinezko lapikotzarra zeraman, astiro zihoan, adinak eta lapikoaren astuntasunak oinak narraz ibiltzera behartzen bai zuen. 


Gazteak arretaz jarraitu zuen andrearen ibilbidea, halaxe ikusi zuen hildako gerlari mairuaren alboan makurtzen. Ezin izan zuen ordea zertan zebilen ikusi, gaua bereziki iluna ez zen arren, distantzian ezin zitekeen atsoaren beharlekurik aditu. Halako baten akuilu-gainaz ziztatu izan balute legez jarri zen zutik soldatua. Mutila zur eta lur zegoen, ikusitakoa sinetsi ezinik, une batez ezin izan zuen bere burua suspertu, harik eta atsoak bigarrena gerlaria berpiztu zuen arte. 


Orduantxe konturatu zen zerk ekarri zuen eremu sorgindu hartara. Ezpata bere zorrotik atera eta gorde galduan, mendeku gosez, hirukotearengana heldu eta ia zer zen ez nondik zetorren kontua ohartzeko astirik gabe akabatu zituen hirurak. Batari sama ebaki, besteari sabela alderik aldera zabaldu eta atsoari bihotza sastatu zion, gero ondo hilak zirela ziurtatzeko buruak moztea erabaki zuen, lehen soldatuaren zartada batez moztu zuen, bigarrenaren lepoa mardulagoa ze antza, hiru behar izan zituen eta. Atso iharrarengana heldu zenean, ezpata altxa orduko eskuartean zuen lapikoan erreparatu zuen, estalkia kenduta zeukan eta barruan ukendu koipetsu bat ikus zitekeen. Atsoaren eskuak gantzu hark koipetzen zituen, garbi zegoen beraz eskuartean erabili zuela, zertarako ordea?


Bi mairuen gorpuak miatu zituen, aztarnak ikus zitekeen zaurietan baltsamoaren lorratzak nabaritzen ziren. Lapikoko ore koipetsuak zer ikusia zuela garbi zegoen.- Nola ordea, igurzte hutsak berpizten ote ditu gorpuak.- pentsatu zuen berekiko. Zalantza uxatzeko froga egitea beste modurik ez zegoen. Tentuz, bi atzamar sartu zituen gantzuan eta segidan atsoaren zauria igurtzi zuen, tertzio horretan zabaldu zituen atsoak begiak, mutila andrea bizi berritu zela ohartu zenean, izututa edo, ezpatari eutsi eta emakumea berriz hiltzeko bidea hartu zuen, akabatzera zihoan unean. Andrea mutilari zuzendu eta zera eskatu zion.- Ez nazazu hil arren. Bizirik uzten banauzu ez zara damutuko, gantzugailuaren nondik norakoak azalduko dizkizut eta ahaltsua izango zara. Mutilak, izuaren izuz ez zuen ezer aditu eta ez zion jaramonik egin, sastada bigaz erail zuen atsoa atzera.

Kanpalekura heldu zenean, egindako balentria kontatu zien gudari lagunei beldur kontuak saihestuz, baina, ez zion inork sinetsi. Ahalegindu zen arren alferrik, beraz, frogatzeko modu bakarra euren begiz ikustea zen, norbait hil eta berpiztea. Nor ordea, nor izan zitekeen, berpiztearen hitzaz bere bizia inon eskuetan uzteko prest zegoen txepela? Inor ez! Borondatez behintzat, beraz, erakustaldia bere buruarekin egin beharko zuen. Bera hiltzeko eskatu zien lagunei eta gero sorginaren baltsamoaz igurzteko, horrela frogatuko zuela esandakoa

Lagunek ezetz ia burutik eginda zegoen erantzuten zioten. Mutila ordea ekin eta ekin jarraitzen zuen. Behin eta berriz erregutu arren ordea, alperrik. Hiltzeko eskatu eta ukenduak berpiztuko zuela aldarrikatu arren, ez zuen inor konbentzitu, beraz frogatuko bazuen, bere buruaz beste egitea beste erremediorik ez zitzaion gelditzen. Guztien aurrean inori erreakzionatzeko astirik eman gabe, sabela batetik bestera ebaki zuen. Odol putzu eta tripa esteen erdian izan zuen askena. Bat-patean mututu ziren barre trufa eta isekak. Kide guztiek zurt eginda ikusi zuten nola hartzen zuen azken arnasa. Zalantza handiak izan ziren, nork eskua gantzutan sartu eta igurtziko zion zauria, azkenean, lihozko ehun zati bat hartu, ukendutan sartu eta igurtzi zioten ebakidura, bat-patean zutitu zen gaztea, lehen bezain osasuntsu eta adoretsu. Hori ikusitakoan, gudaroste buruak Zaukulandara joan eta bezperan hildako gudari kristau guztiak berpizteko agindua zuen, halaxe egin zuten, mairuen gorpuak bertan behera utzita eta kristauak onik bueltatu ziren kanpalekura.

Ahalmena eskuetan, borrokek lehen baino krudelago jarraitu zuten, behin eta berriz, aurrez aurre Erregea eta Emirra. Ukenduaren magiak iraun zuen bitartean garaipen handiak izan zituzten kristauek. Azken batailan ordea Erregeren anaiak bizia galdu zuen eta gorpua berpiztera hurbildu zirenean ohartu ziren baltsamo txistil bat baino ez zela gelditzen, batentzako osta osta, erabileraren ondorioz, lapikoko gantzugailua ohartu gabe ahitu bai zen. Dagoeneko ez zen batentzat baino eta bera eskas. Orduan gogoratu zituen gerlari gazteak atsoaren hitzak, eta nola akabatu zuen izuak itsututa. Oraingoan ere, ondorioetan asko pentsa gabe, ukenduaren azken apurra hartu eta erregearen anaia bertan behera utzita, zaldia lau-hankan joan zen Zaukulandaraino, atsoa berriro bizitzara ekartzeko asmoz, koipe mirakulutsua egiten irakats ziezaion. Bizia kendu zion lekura heldu zenean, ez zuen gorpurik aurkitu. Bazter guztiak miatu zituen baina alferrik ezin izan zuen belagilearen hilotzik bistaratu. Hara eta hona zebilela, zelatan egondako gauean ostendu zuen intsusarengana hurbildu zen, haren azpian, begien bistatik kanpo, lurra eragin da nabaritzen zen eta lur pilaren gainean zinginarri bat. Zinginarria lepotik eskegi eta eskuekin aztarrika hasi zen. Hantxe aurkitu zuen atso belagilea. Usteltzen hasitako gorpuari kiratsa zerion arren lurpetik atera eta ukenduaren azken apurrez igurtzi zizkion zauriak. Ezin izan zituen ordea zauri orbain eta haragi bako ustel unea guztiak igurtzi ahal izan, ezta pare bat! Hain zen gutxi gelditzen zena.

Atsoa berpiztu zen ordea, itsura beldurgarriz, haragi erdiak dingilizka eta begi zuloak hutsik, baina zutik. Mutilari hurbildu zitzaion, idunetik eskegita zuen zinginarriaren eske, baina alferrik mutilak ez zion beste barik eman gura izan, ukenduaren sekretuaren truke emango ziola erantzun zion. Atsoak ezetz berandu zela dagoeneko eta ezinezkoa zela, besoa luzatu eta mutikoa samatik heltzen ahalegintzen zenaz batera, ezpata jaso zuen mutilak atsoa hirugarrena aldiz hiltzekotan. Ezpataz jo zuen arren ordea, besoa moztea besterik ez zuen lortu. Dagoeneko mendeku gosez ari zen arima erratu bihurtuta zegoen. Gudari gaztea, ezpata kolpeak alperrekoak zirela konturatu zenean, zinginarriari heldu eta eskumako eskuz estutu zuen belagilearen aurrean..- Zinginarri horri eskumako eskuaz heltzeak salbatu zaitu.- Oihukatu zuen atsoak .- Ezkerrarekin heldu bazenio .... ez zinateke orain hemen izango.

Kanpalekura itzuli zenean, gudalburua zuen zain, sorgina eta ukendua non ziren galdetu zion modu zakarrean, gazteak guztiaren berri eman zion, Nagusiak orduan mutila preso hartzeko agindu zuen, erregeren anaia hiltzea leporatuz. Biharamunean igo zuten urkamendira, atabalen erredoble artean igo zituen eskailerak, eskuak lotuta eta burua estalita. Ezkerreko eskuan zinginarria zeraman atzamar artean ezkutatuta. Soka sama bueltan jarri zion borreroak, atabalariek erredoblea eten zutenean kendu zion oinpetik euskarria eta gaztearen soina, astun erortzera zihoan unean estutu zuen esku ezkerrez zinginarria eta une berean desagertu zen mundu guztiaren bistatik. Ordutik hona omen dabil hara eta hona arima herratuen gisa alderraia, sasoian sasoiko gizakiari, zekenkeriaren eta handi nahitasunen ondorio kaltegarriez ohartzen mundua.


R.M. Azkuek, “Euskaleŕiaren jakintza”
Aramaioko N.Ajuria de Olaetaren ahotik batutakoaren egokitzapena.


Doro

miércoles, 9 de abril de 2014


Gernikako Batzarretxean

Bost dira mendiak, bost gailurretan suak, bostetan adar soinuak. halaxe batzen ziren Bizkaitxarrak Busturialdera, Lumopeko arbolapera. Gernikako- Lumoko batzarretxeko batzarretara.

Ez dakitzut noiz ez zertarako batu ziren esaten, baina ez zen edozertarako izango, egun bat eta bi baino gehiago iraun bai zuen batzarrak, gainera Gernika eta inguruko ostatuak ahaldunez, jakin-gose eta kontakatiluez bete bai ziren. Dena dela, bileraren garrantzia handia izanda ere, jasotakoa testuinguruz hornitzeko baino ez du balio, gizakion jitea azalaraziz, hiribildu eta lur-lauetako biztanleen arteko dema zaharra beste behin azalarazteko.

Esan dudan moduan, bilera zegoen deitua Gernikako batzarretxean. Goizerdi ingururako noraino haraino bete zen hautetsiz eta jakin-guraz batzar aretoa. Zadorlaria (idazkaria) Mundakarekin hasi eta ordezkariak banan banan, deitzen zituen hurrenez-hurren, hemeretzigarrenera heldu zenean Mendexa deitu zuen, Bere lekutik, Mendidxako Piela edo alkatea, gaur egun esagun den moduan, altxatu eta mahai burura hurbildu zen. Eskua kolkora sartu zuen, Lea aldeko ordezkari zela adierazten zuen agiriaren bila. Horretan dabilela, arto zati bat era hiru sagar gaza erori zitzaizkion lurrera.

Gure Pielak, ez zuen keinu ez erosta txikiena ere egin, makurtu, arto opila eta sagarrak kolkora itzuli eta hara zer esan zuen.

Hemen da Maria gureak
niri gertaturiko gosaria.
Hiru sagar gazamin
ta arto-zatia

Barre zantzoak entzun ziren aretoan, euskaldun, euskaldun motz eta hara batutako autubatzaile guztien barrenetik. Bai jaunak, batzarkide guztiak, inon kalteari barreka. Egun izan bazen bideoz de primeran aterako zuten munduak barre egin zezan.

Lehenengo eguneko lanak bukatu eta Mendexako Piela (alkatea), Munitibar aldeko lagun batek Gernikan zuen ostatura bidea hartu zuen, bertan lekua hartzeko asmoz, hiribildura joan behar zuen guztietan egiten zuen moduan. Ez zuen ostaturainoko bidea bakarik egin ordea, ahaldun eta kuxkuxero andanak jarraitu zion bertaraino inoren konturako burlak batzar osteko ilunabarra alaituko zuelakoan. Munitxibarkoaren ostatuko tabernan batu ziren, jan edanean. Holakoetan gerta ohi den moduan, trago batzuen ostean jendea txolintzen hasten da eta errespetu bako ausardikeria gailentzen da. Halaxe, baten bati Mendixari adarra jotzea otu zitzaion.

.-Mendexa.- esan zion batek.- Azken egunen, zuk eskupeko ederra emango diozu ostalariari!!
.- Lea aldeko Pielak zera erantzun zion.- Bakoitzak ahal duena emango du.

Baina, handi iritziren bat adarra jotzen hasiz gero, bestea menpeko ikusita erraz aurkitzen ditu jarraitzaileak, halxe egin zuen hurrengoak.
.-Mendidxa.- zirautsan beste batek.- Bilbon gatzari arrak egiten omen zaizkio, zuk jakingo dozu zelan kendu al zaizkion.
.- Bai horixe.- erantzun zion Medidxakoak.- Inoiz kumerik egin bako mandemearen esnearekin. Urak, zetaka eta lohiak daramatzan moduan daramatza mandemearen esneak gatz-arrok.



Hau entzundakoan, ahaldun eta hara batutako batzuk elkarri begira hasi ziren, euren kolkorako ausnartu arren, aurpegian nabaritzen zitzaien ez zeudela seguru nor nori ari zitzaion harpa jotzen.


Beti egoten da ordea, zeharka esandakoez ohartzen ez den argi-bakoren bat, eta zirriparrarekin jarraitzeko asmoz edo, badinotso.

.-Mendidxa, zuen parajeotan ez al dago zu baino burutsuagorik?

.- Bai eta ez gutxi gainera.- erantzun zuen gure Pielak.- Baina haiek ardura handiagoko zereginak zuzendu behar dituzte. Eta zuengana neu bidali naute, hain gutxi balio dudan gauzaeza.

Entzundakoa berdindu ondoren, inozoena ere konturatu zen, aurrerantzean, baserritar ahaldunarengana beste errespetu batekin zuzentzen hasi ziren.

Azken egunean, Medidxa, isilean hurbildu zitzaion lagunari, ostatuko ugazabari alegia eta zera esan zion.

.- Hi Kosme ekarzak hamaseiko bat, heure onerako izango duk eta.

(Urrezko txanpon zaharra, hamasei ogerlekoren baliokoa. Hamaseikoa diru kopuru handia zen, zeren diotenez, lehenagoko otsein baten urteko soldata izaten zen. (soineko eta oinetakoak aparte).

Kosmek ondo ezagutzen zuen zuen Mendexa, ezertariko azalpen barik luzatu zion urreko txanpona. Goizean zehar batzarrarekiko kontuak egin eta bukatutzat jo ondoren, Mundu guztia joan zen bakoitza bere ostatura hangoak egin kontuak garbitu eta etxeratzeko asmoz. Bazkal ostean Munitxibartarraren ostatuan, Mendxa ordaintzera zihoan unean mundu guztia zegoen adi, zenbat emango eta zuen jakiteko.

Leako Piela, etxandereari zuzendu eta kontua eskatu zion, baserriko edonork ondo bai daki diru kontuak etxeko andrearenak direna, gizon poltserua etxe batean kontu eskasa baita. Honek lau zuri eta marabedirainoko kontua aurkeztu zio. Mendexak, bidezko den moduak ordaindu zion. Ostean katanarrutik hamaseiko gorri gorria atera (egungo hirurogeita hamar euro inguru) eta hots zoli zolia eragin zion mahai gainean, hango guztiek ondo ikusteko modua, ondoko berbak gaineratuz.

Ona hemen nire eskupekoa. Gizon jakintsu, aberats eta apain hauek gehiago emango dizute. Bekorotz arteko lora hau ez da gehiagora heltzen.

Ikustekoak izan ziren hango aurpegierak, baina lotsaren lotsez guztiek eman zuten eskupekoa.



sábado, 7 de diciembre de 2013



Druidaren seme zuria  

.-Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzun iezadazu: Zer nahi duzu nik kantatzea?

.-Kantaidazu- erantzuten du umeak- bat zenbakiaren segida gaur nik ikas dezadan.


.- Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra heriotza, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez atzetik. Hara ba, zu, druidaren seme zuria. Zer nahi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu bi zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.

.- Bi idi uztartuak maskor baten aurrean, tiraka, hil: hona hemen mirakulua. Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez ostean.  Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzuidazu: Zer naihi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu hiru zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.

.- Hiru eskualde daude munduan, hiru hasiera eta hiru bukaera (helburu?) gizonentzat eta haritzentzat, Merlinen hiru erresuma, urrezko igaliak, lore distiratsuak, barre egiten duten ume txikiak. Bi idi uztartuak maskor baten aurrean, tiraka, hil: hona hemen mirakulua. Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez ostean.  Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzuidak: Zer nahi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu lau zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.

.- Lau zorroztarriak. Hiru eskualde daude munduan, hiru hasiera eta hiru bukaera (helburu?) gizonentzat eta haritzentzat, Merlinen hiru erresuma, urrezko igaliak, lore distiratsuak, barre egiten duten ume txikiak. Bi idi uztartuak maskor baten aurrean, tiraka, hil: hona hemen mirakulua. Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez ostean.  Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzun idak: Zer nahi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu bost zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.

.- Bost lurraren esparruak. Lau zorroztarriak. Hiru eskualde daude munduan, hiru hasiera eta hiru bukaera (helburu?) gizonentzat eta haritzentzat, Merlinen hiru erresuma, urrezko igaliak, lore distiratsuak, barre egiten duten ume txikiak. Bi idi uztartuak maskor baten aurrean, tiraka, hil: hona hemen mirakulua. Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez ostean.  Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzidak: Zer nahi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu sei zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.

.- Sei zurtoin handiko umeak. Bost lurraren esparruak. Lau zorroztarriak. Hiru eskualde daude munduan, hiru hasiera eta hiru bukaera (helburu?) gizonentzat eta haritzentzat, Merlinen hiru erresuma, urrezko igaliak, lore distiratsuak, barre egiten duten ume txikiak. Bi idi uztartuak maskor baten aurrean, tiraka, hil: hona hemen mirakulua. Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez ostean.  Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzun idak: Zer nahi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu zazpi zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.

.- Zazpi eguzki. Sei zurtoin handiko umeak. Bost lurraren esparruak. Lau zorroztarriak. Hiru eskualde daude munduan, hiru hasiera eta hiru bukaera (helburu?) gizonentzat eta haritzentzat, Merlinen hiru erresuma, urrezko igaliak, lore distiratsuak, barre egiten duten ume txikiak. Bi idi uztartuak maskor baten aurrean, tiraka, hil: hona hemen mirakulua. Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez ostean.  Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzun idak: Zer nahi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu zortzi zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.

.- Zortzi haizeak, Zazpi eguzki. Sei zurtoin handiko umeak. Bost lurraren esparruak. Lau zorroztarriak. Hiru eskualde daude munduan, hiru hasiera eta hiru bukaera (helburu?) gizonentzat eta haritzentzat, Merlinen hiru erresuma, urrezko igaliak, lore distiratsuak, barre egiten duten ume txikiak. Bi idi uztartuak maskor baten aurrean, tiraka, hil: hona hemen mirakulua. Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez ostean.  Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzuidak: Zer nahi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu bederatzi zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.

.- Bederatzi esku txiki zuriak, Zortzi haizeak, Zazpi eguzki. Sei zurtoin handiko umeak. Bost lurraren esparruak. Lau zorroztarriak. Hiru eskualde daude munduan, hiru hasiera eta hiru bukaera (helburu?) gizonentzat eta haritzentzat, Merlinen hiru erresuma, urrezko igaliak, lore distiratsuak, barre egiten duten ume txikiak. Bi idi uztartuak maskor baten aurrean, tiraka, hil: hona hemen mirakulua. Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez ostean.  Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzuidak: Zer nahi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu hamar zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.

.- Hamar etsaiaren ontziak. Bederatzi esku txiki zuriak, Zortzi haizeak, Zazpi eguzki. Sei zurtoin handiko umeak. Bost lurraren esparruak. Lau zorroztarriak. Hiru eskualde daude munduan, hiru hasiera eta hiru bukaera (helburu?) gizonentzat eta haritzentzat, Merlinen hiru erresuma, urrezko igaliak, lore distiratsuak, barre egiten duten ume txikiak. Bi idi uztartuak maskor baten aurrean, tiraka, hil: hona hemen mirakulua. Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez ostean.  Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzuidak: Zer nahi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu hamaika zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.

.-  Hamaika dira apaiz armatuak. Hamar etsaiaren ontziak. Bederatzi esku txiki zuriak, Zortzi haizeak, Zazpi eguzki. Sei zurtoin handiko umeak. Bost lurraren esparruak. Lau zorroztarriak. Hiru eskualde daude munduan, hiru hasiera eta hiru bukaera (helburu?) gizonentzat eta haritzentzat, Merlinen hiru erresuma, urrezko igaliak, lore distiratsuak, barre egiten duten ume txikiak. Bi idi uztartuak maskor baten aurrean, tiraka, hil: hona hemen mirakulua. Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez ostean.  Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzuidak: Zer nahi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu hamabi zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.
.
.- Hamabi hilabete eta zodiakoaren hamabi zeinuak, azkenaurrekoa Sagittariusa,  azken azkona jaurti du. Hamabi zeinuak gerran daude. Behi ederra, bekokian izar zuria daraman behi beltz ederra, orriuldutako oihanetik irteten da; bere bularrean iltzatzen da askona, odolak erruz dario; burua tente, marru. Tronpeta soinua, sua eta trumoia, euria eta haizea, trumoia eta sua; ezer ez, ezer ez ostean, segidarik ez geroko. Hamaika dira apaiz armatuak. Hamar etsaiaren ontziak. Bederatzi esku txiki zuriak, Zortzi haizeak, Zazpi eguzki. Sei zurtoin handiko umeak. Bost lurraren esparruak. Lau zorroztarriak. Hiru eskualde daude munduan, hiru hasiera eta hiru bukaera (helburu?) gizonentzat eta haritzentzat, Merlinen hiru erresuma, urrezko igaliak, lore distiratsuak, barre egiten duten ume txikiak. Bi idi uztartuak maskor baten aurrean, tiraka, hil: hona hemen mirakulua. Ez dago segidarik bat zenbakiarentzat: beharrizan bakarra, heriotza, saminaren aita, ezer ez aurretik eta ezer ez ostean.  Hara zu, Druidaren seme zuria, erantzuidak: Zer nahi duzu nik kantatzea?

.- Kantaidazu hamahiru zenbakiaren segida nik gaur ikas dezadan.

.-Hamahiru ilargi burutik burura, hamahirua madarikatua. Segidarik bako kantua.