Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

viernes, 31 de diciembre de 2010

Eguzkia Ilargia
eta
Lurra
(Euskaldunon artean zabal diren koplak dioten legez)

KOPLAK
Eguzkia joan da
bere amagana.
Bihar etorriko da
denbora ona bada

Ilargi amandrea
zeruan ze barri?
Zeru goian berriak,
Ez dira onak beti.

Lorentzo haserre ta
Kattalin beldur da.
Kontu honen arrazoia
kontatzera noa.

Berak bakarrik dakien sasoian ele zahar honek dionari aditu zionak kontatutako moduan diotsuet: orduko denboretan, EGUZKIA eta ILARGIA elkarrekin bizi ziran, gaur egungo senar-emazteen antzera, zuzen edo oker ezkonduta baina batera. Agian horregatik, batari Lontxo eta besteari Kattalin deitzea otu zitzaion norbaiti.

Pentsatzekoa da, eguna eta gaua ere nahastean izango zirela, ez bai zegoelako garbi noiz zetorren iluna, ez noiz argia. Hasieran sentsazioak zirraren zirimolan murgildu ziren, koloreak, usaiak mordoilotu eta amodioa berriz nabarmen, gorrotoa nabari eta nabar ugari, arre koloreko zen orduko sasoia.

Halako egun uher batean, hantxe zeuden Eguzki eta Ilargi “ edo Lontzo eta Kattalin esan beharko dugu ba ?”, nork jakin!. Dena dela, hantxe ikus zitezkeen biak goitik behera lurrari begira, ludiko edertasunaz gozatzen. Ikuskizunaren aurrean burua berotu jakon antza eguzkiari, ze… bat batean eta pentsa-pentsa barik hauxe esan bai zion ilargiari. — Ikusten donan. — Ikusten donan Kattalin, zein dotore eta eder dagoen lurra, aditzen ditunan horko baso oparoak, horko erreketako ur etorriak, inguruetako landa zabal eta lur landuak. Ba jakin ezan oka ari dela lurra, oparotasuna dariola, bizitza zabaldu guran, eta hor ikusten donan mirari hori neuri esker dela, neuk lurrari ematen diodan berotasunari esker.

Entzundakoa entzun ostean, sinetsi ezinik, Kattalin albotik begira-begira gelditu zitzaion Lontxori, eta goitik berainoko errepasua egin ostean zera erantzun zion:           — Baina Lontxo! hirea bakarrik ez duk izango meritu guztia ezta? Zeren, munduan, hire bero lehor hori besterik ez balitz, daborduko erreta legoke lur-zoru guztia, eta neu ere hemen nago. Gauetako inontzak, goizaldeetako freskurak eta belar gaineko garoak be zer edo zertan lagunduko du horregatio lurra dotore eta bizirik mantentzen ezta?

Arrazoia duenari bere partea aitortu beharrean, haserretu egin ei zen eguzkia, odolak urtzeko moduan para zela diote, horren beste haserretu zen, eskua bere barrenera sartu eta esku bete txingar gori, gori atera omen zituen bere barrutik,. Txingar goriok, blausta..! aurpegira jaurti zizkion ilargiari, bekokitik kokotxerainoko guztiak erreten zizkiola.

Eta hau sinesten ez badidazu, begira iezaiozu ilargiari zeruan, begiratu bete-bete dagoenean, aditu iezaiozu arretaz ilargi betedun gauean, eder eta biribil ikus daiteken unean, orduan jakingo duzu, han ikusiko dituzu, hantxe dauzkalako aurrean.

Baina hori, beste kontu bat da; gainera, ilargiaren gerizak edo iluntasunen motiboa azaltzeko kontu ugari daude eta ez naiz denak kontatzen hasiko. Ezagutuko dituzu noiz edo noiz, zerua ikustea lortzen duzunean, hodeirik gabeko bako gauean, lurtarrek argiak itzaltzeko duten batean! Baina, kontuak kontu jarrai diezaiogun hariari..!

Kattalinek Lontxo tertzio horretan ikusi zuenean, zurt eginda gelditu zen, jasotakoa sinetsi ezinik,. Erreminak berak baino Lontxoren jarrera ulertezinak atsekabetzen zuen gehiago, halako nahigabeak kraskatu zion bihotza, eta gogoak irauli egin zion barrua. Ez ote zuen pentsatzen zuena esateko eskubiderik?

IGETARGIDXE
Iretargidxek argi eitten dau
zeru altuan bakarrik
zazpi izartxo atzian ditu
zortzigarrena makalik
zazpi mediku ekarri dautsez
bakotxa bera herritik
zazpirak bera ez dautse igerri
zegaitxik dagoan gaixorik

Zortzigarrena ekarri dautse
indie-Madriletatik
zortzigarrenak igarri dautso
atean sartu be ein barik.
Harek igarri, harek igarri
nundik dagoan gaixorik
amore minak baditu honek
errai artean sarturik

Gaur gaberako hilko naz eta
etorri neure gorpura,
neure gorpura zatozenian
begiratuixu zerura
Gaua iluna badozu bere
bajatu zaitez ortura,
han hartuko zuz,
han hartuko zuz
zazpi larrosa eskura.
Zazpi larrosa eskura eta
zortzigarrena mosura
inortxok bere pentsau ez daian
nire lutua dozula.
Arrazoiari eraso gordinaren indarrez erantzute horrek , guztiz okertu zituen orduraino Kattalinek Lontxoz zituen usteak. Une berean erabaki zuen, horrela tratatzen zuen lagunaren ondotik alde egitea.

Beste barik, alde egin zuen Kattalinek,. Hantxe zihoan iluntasunak harturik, gogoa beltz, goibel eta atsekabeturik negar malkoak dariola. Hain sakon oratu zion minak zeren, zauriek eurak baino gehiago mintzen zuen gainerako keria guztiek,: harrokeria, zapalketa, mesprezua, destaina, azken finean bidegabekeriak. Hark azaleratu zizkion matrailean bera izurtzen zituen negar anpuluak, horrek, guzti horrek sakatu zuen Lontxogandik urruntzera eta inoiz ez bueltatzeko moduan gainera. Lontxok ordea, Kattalinen asmoak jakin zituenean, ez zion alde egiten utzi gura izan, bere alboan gura zuen. Horregatik, hasi omen zitzaion segika, hantxe zihoazen biak, ortzian zehar, bata bestearen atzean. Hantxe biak arrapaladan eta astrapalan, bata besteari arrantzaka eta bazter guztiak birrindu beharrean. Egunak bata bestearen atzetik joan ziren, bat, bi, hiru, zazpi, hamar, hamazazpi, hogei, hogei eta zazpi, hogeita bederatzigarren egunean, eguzkiak ilargia eskueran zeukan unean, harrapatu eta berarekin eroango zuela uste zuenean … Dzazt! ilargia zeruan ostendu zitzaion eguzkiari. Eta gure Lontxo guztiz nahastu zen, holakoetan sarri jazotzen jakon moduan. – Non demontre sartu dela ba andre-galera hau?.— zihoen sinetsi ezinik.

Egin ahalak egin arren, ez zuen Kattalinen arrastorik inondik sumatu. Harik eta zazpigarrenean, izuak jota baina jakin gurak sakatuta edo… bestaldetik aurpegia agertu zuen arte. Lehenengotan lotsati, beldurtuta kikuka. Gero, osteko zazpi egunak pasa ahala gero eta handiago gero eta ederrago agertu zen ilazki zeruan, harik eta bete, bete egin arte. Hantxe goian zetzan zerutik eskegita, inoiz baino dotoreago, sekulan baino galantago. Antza Lontxoren erasoak sortutako orbainek moztu beharrean edertu egiten zuten Kattalin.

Horrelaxe ikusi zuen Lontxok, inoizkorik erakargarrien, inoizkorik gustagarrien, inoiz baino tentagarriago eta beran alboan gura zuen, bere ondotik. Atzetik jarraitu zion harrapatu guran, baina oraingoan, hogei hamargarren egunean, azken adarretik heldu behar zion unean, desagertu zitzaion Kattalin berriro, eta oraindik, hortxe dabiltza gaur egun ere, bata bestearen atzetik. Ilgora, Ilargi bete bete, ilbehera eta ilargi barri guztietan. Bata egunez, bero dariola eta bestea gauez, inontza dariola

Horrela banatu ei ziran gaua eta eguna,
holakoa delako geure ludi hau,
beran argi-ilun eta guzti.
Gaua/eguna
argia/iluna
 eki/ilazki
Lorentzo/ Kattalin
andra/gizon
elkarrengandik hain hurbil,
era berean hain urrun.

Begi lausoetatik salto egin eta matrailean behera labandu ziren negar tantek, kokotxa gainditu ostean, iluntasunak ozpinduta ortzian zirenean iziotu eta argitu egin zuten zerua. Horrenbeste negar egin zuen ilargiak zer ortzia argitxoz zipriztindu zuen, hasiera batean bakardadean egon arren, aurrerantzean lagun ugari batu zitzaizkion inguruan gauaren babesean bihotz doilorrengandik urrun.

 (Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak liburuan oinarritutako Moldaketa.)

Doro Zobaran

sábado, 31 de julio de 2010

Biharamuna

Alargunaren hobena

Bezperan sentitu neban azken beroa,
ezpain pareak laztandu ninduten akabuko musua.

Biharamunak erakutsi eustan
atzokoak ekarren atze latza,
zoldutako erraiek baino jaurti e(z) leikien
arrazoi bako lerdearen hatsa.

Goiko zerua eta beheko lurra
ondasun aurrerantzean.
Eta hobena barritz soinean.
Zanik, edo izan leikenik
suma ez neikien bekatuaren zama.
Doilor jendailarekin batzearren
merezi nebana.


Goian zerua eta behean lurra.
Zurtz eginda nau begire.
“Senarraren kalteak” ei daukadaz ordaintzeko
Zerutarren bati egindakoa kitatzeko.

Gizaseme ankerren oinpea,
gogorra da Giza-alabarentzako.
(Emakumearentzako, esan gura dot
giza horretakorik ez dot gustuko eta)
Eztarria urratu beharrean
dekot aldarrikatzeko
Zeru eta lurraren artean,
ez ote da inor behar dabenari laguntzeko?


Andreok andreoi begiratzen dautsegu
bakarrik gagozan edo ez jakiteko.
Baina emeak ugariagoak izan arren, ar zintzoren bat behar, arkeriaren sastrakan bidea aurkitzeko,
saminak leundu,
eta zeru lurraren artean kateatuok kontsolatzeko.


Baina ez estutu!
Aurkitu genituela diotsuet.
Egoera agor hartan
Giza txarreko sastrakatik
Gizontasunaren krabelinari zerion lurrinak
kontsolatu gintuen.

Kontsolatu berba entzunda,
batek baino gehiagok jar(ri) leike aurpegia beltz.
Beste askok barritz, irribarre maltzurra prest.
Basaz betetako buruei darien jiteak
dakar kontsolatu beharra, zinez.

Baina, kontsolatzea beti izan da ona
bozkarioa nondik datorren dakienarentzat.


Kontsolatzea etor(ri) leike laztanetatik.
Kontsolatzea etor leike musuaren ondotik.
Kontsolatze etor leike berba gozoetatik.
Kontsolatzea etor leike ar edo emearen eskutik
Kontsolatzea dator laguntasunaren bidetik
Kontsolatzeak esan gura du e(z) zagozala bakarrik

Eta ez ginak bakarrik.
Gabezian bai, urdaila ase ezinik.
Baina, ez genuen jasan goseterik.
Lurrak beti ematen du txarto tratatu ezik.


Lagunak laguntzeko eta lurra jateko,
anker doilorren gainetik bizi beharra dago.
Lanari heldu geuntson elkarregaz
Bata bestea elikatuz lurraren fruituekaz
Bata bestea jantziz han hemengo oihal fin zein zarpailekaz
Bata bestea sendatuz antzinako ekanduen jakituriagaz

Gaur kantuan gatozkizue.
Orbainak sendatu eta gorrotoa baretu jakula esaten.
Baina oroitzapenak iraun behar dabela gogoratzen.
Belaunaldi batetik bestera doazen oroitzapenen ardura zuen dela ahaztu ez deixuen

Horrelaxe idazten dalako beti galtzaileen historia,
Jasandako saminaren harrotasunetik dator
hurrengo belaunaldiaren egia.

Agur dinotsuet gaurkoz.
Ez bai naiz etorri berriro galtzeko.
Aurrerantzean be, nonor izango da galtzailearen historia kontatzeko.

Doro Zobaran
Busturia 2010-08-01

domingo, 16 de mayo de 2010

“Munduan beste asko lez…”Eguzkjje eta Igetargijje errijjetan ebizen sasoian gizondu ei zan tximinoa. Gizondu eta Emakumetu, esan gura dot. Eta batak gura ebalako eta besteak izten eutsalako laster ugaldu eta zabaldu ziren.

Mundua zirimolatsu ei zebilen lurrunduneiko laino artean galduta.Giza seme, alabek barritz, ez eijjeben Eguzkirik ez Igetargirik ezagutzen. iluntasuna ei zan nagusi munduan.

Ilunetan dabilenari agertzen ei jakoz ilunpetako izaki beldurgarriak. Inpernuko barrabanaren dongakerijjak.

Ilunpetako beldurretatik askatu guran hasi ei zan Gizakumea laguntza eske. AMA LURRARI ERREGUKA

Amalur, Lur-ama.
Ken ieztana beldurra!
Lur-ama, ama lurra.
Ez dot izurik gura!

Amalur, Lur-ama.
Baltzegiak dozana gauak.
Lur-ama, ama lurra.
Uxa egizana mamuak!

Ama- lurrak orduan, izaki negartiaren erosta kantsagarriak isiltzearren edo, igetargia sortu ei ejeban. Eta halantxe kontsolatu ei zirian eme zein ar, mamarroak aldendu zirelako.

Baina, gauekoak laster egokitxu ziren ilunpe barrira eta lehengoari ekin eutsien. Gizakumea beldurtzen hasi zan atzera be. Ikararen menpe, Amari, ama-lurrari erreguka hasi jakon ostabe.

Arren ama, Lur-ama.
Eskain ieztana laguntza!
Otoika nator ama
Uxa ilun nabarreko hotsa!
Igetargitan jagok hotza!

Amak ez eutson kasu handirik egin.
Baina hain da pupu zalea Gizakumea !
Hain gogaikarria, ai eneka hasten danian…



Mainekaz aspertuta, ez entzutearren edo, argi distiratsuago bat zabaldu eban amak ortzian. Eta Eguzki deitu eutsan, Eguk eguna ekarri eban. Eta bi zatitan banatu zan denbora.

Egunekoen Tenorea
eta
Gauekoen Tertzioa.

Poztu ziren bai, poztu betikoak, mamu guztiak aldendu zirelakoan. Baina, egun argitan adoretsu agertu arren, gauetan kikiltzen ziran gizajoak. Ilazkiren argitan, deabru guztiak hasten jakezan inguruan dantzan. Izututa barriro be, laguntza eske hasi ziren,

Aitzakiak aitzaki,
gizakia kexati.
Marapiloa askatzeko
inor behar beti.
Igetargiaren beldur,
argitan be ilun.
Eguzkitan itzala,
ezin gorde inun


Eguzki-lorea

Ama lurrak orduan azken opari bat egitea erabaki eban, kume mainontziak bakea utz zezan. Basoko larrean eguzkiaren antzeko lora berri bat sorrarazo eban, EGUZKI-LOREA deitxu eutsan. Gero seme izutiei emon eta etxean, sarrerako atean eskegitzeko agindu eutsien. Asko poztu ziren eta agindutako moduan egin eben.

Zoriontsu, beldur barik bizi ei dira ordutik hona. Mamuak, agertu arren ezin dabelako etxean sartu, kanpoan gelditzen ei dira ekilorearen edertasunari begira, Ekiaren lehen printzekaz batera oilarrak kukurruku egin arte.

Beldurraren beldur
Norberaren espantu
Izuz bizi nazela
ezin dot ukatu.
Mamu bat joan da eta,
Beste bat beharko joat asmatu

Beldurra joan zen: gizaldiak joa gizaldiak etorri,tximino kunea seme edo alabatu eta Gizakumea Gizalaba edo semetu egin jakuz. Jakitunago egin ahala, lehengo mamu zaharren beldurrak joan . Barre egiten dautsegu. Sorgin, Mamu, Iratxo, Herensuge edo Txerrenen kontu zaharrei, ez jakinen kontuak direlako.

Eta jakituria horreri ezker gaur egungo seme alabok daborduko ez gara mamuen beldur eta ez dogu ama lurraren babesik behar.

Gaur egun gizarte arriskuez geure burua babesteko antolatuta gagoz.

Zeure inguruan esaterako: kale ilunen bat edo argi bako bideren bat badago. Ez dautsazu ama lurrari argitzerik eskatuko ezta?

Alkate jauna
Jaun txit gorena
Kalea ilunegi da,
Salba nazazu arriskuetatik
Argitu idazu gaba.

Gaba egun bihurtu.
Zerua argitu
Ilargia gizaseme alaben begietatik ezabatu,
Zerua isiotu.
“ Baina ez gara ezeren beldur ”

jueves, 25 de marzo de 2010

GOMUTAN ZAUZKAT

Euskaldunok bagara, oroimenetik eratorritako ohiturei belaunaldiz belaunaldi iraunarazi diegulako gara!

Zentzumenetik Jaso
Buruan gorde
Ahotik eman
Errotarrian eho
buelta bakoitzean.

Gogoan gordetakoa.
"hala beharrez"
Ahora ekarri
eta belarriari emanez.

Belarri, begi, beso sudur, aho zabalik.
Hartzaile bost zentzumenetatik.

Hurkoaren jitea.
Neure aldartea.
Inguruak eragindako sentipenen kate luzea,
Oroimenen ganbaran gordetako alea.
Behin eta berriz erein eta eragin behar izan dugun landarea.

Geure historia buruan gorde behar izan dugun herria garelako.
Iragana ezagutzeko hizkuntzari erreparatu behar dion herria garelako, Nola edo ala irautean erabaki dugulako.

Berben barnean baitago gomuta,
Gomutan istorioa eta historiak.
Amets, fantasia, eta ilusio guztiak.
Gogoeten altzoan erne behar du
iraun gura duen izakiak.