Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

miércoles, 9 de octubre de 2013

V. atala
Jentilen gotorlekuko sekretua 

Basajaunaren heriotzak nahigabe handia eragin zuen leinukoen artean, batez ere hain era inozoan gertatu zelako. Basoko herrietan bizi ziren; edo agian diren, basoko jaunek, (etorkinen ahotan aspaldi Jentilduak) ezin izan zuten ulertu zerk bultzatu zuen Basajaun bere burua horrela erasotzera, are gutxiago leinuko jentil nagusiak  bere buruari egindako erasoa inork eragindakoa izan zitekeenik. Patu, zori edo asturuaz gain, bakoitzaren, bizi eta hiltzeko moduak norberaren esku daudela uste duen kulturatik datozela kontuan hartzen badugu, hau da: balbea noiz etorriko zain egon beharrean, gizataldearen mesedetan heriori deitzeko eskubidea dutenak izanik nola onartu inoren eskutik hiltze hori, hiltzailea izakirik gorena izan arren?

Gertatutakoaren ondorioz, behealdeko jende txikiarekin harremanak eten ziren, ez zituzten haien balioak ez jokabideak ulertzen, are gutxiago gizartea antolatzeko moduak. Ulertezinena ordea, AMA tratatzeko modua, Amari, ama lurrari zioten begirune eskasa, zakatzetaraino zukutu eta lurgorritzeko joera, erabilera jasanezinetara behartuz alfer-lur bihurtzeraino.
 Kixmiren jaiotzaz geroztik, laster zabaldu zen jakituria berria. Beterriko  kastakoek, jainko bakarreko fedea barreiatzeaz batera, bizilekuak finkatu eta inguruez jabetu ziren. Artean jentilek,  jaun, hau da: Basajaun berria hautatu zuten, dagoeneko basorik baso zebilena edo dabilena, ibarrekoei askorik aditu gabe.
 
Dakigun moduan: goi-herriak, mendi gailurrak, saroiak, abaroak eta kortak, gotorleku ziren eta dira, basoko herritarrentzat; jaio leku, bizitoki, eta hilerri den etxearekin batera, sakratuak. Batzuk aipatzekotan, horra inguruan ditugunak, Ereinozarre, Atxerre, Katillotxu, Sollube, Ilunttzar, Bizkaigane, Oiz, Bizkargi eta Anboto; gotor lekuak, bateko edo besteko gurtza-leku direnak.

Etxekonekoaz paso egin gura arren ezinezkoa da! Nondik handik berriak, doanak zein datorrenak bueltan, bueltan beti harrapatzen gaitu. Gizakioi senez bai gara hizki-mizki eta esamesa zaleak.
Kulturak nahastu zirenerako berez, berez hasi ziren /ginen bata bestearenetik hartzen, ona zein txarra, komenientzien arabera.  Bata bestearen bizimoduan eragiten, elkar imitatzen.  Halaxe hasi zen Ereiñozarreko  katramila: esan dugu bai, gailurrak gotor leku zirela eta direla, Jentilentzat  zeru eta lurrak bat egiten diren, gogoen aldare.
 Fede berrikoak ere, berriak izan arren ez dira atzo goizekoak eta garai bateko gomutei jarraituz edo zeruko jaunarengandik hurbilago egoteko, mendi puntetara aditu zuten; Sinai mendiaren malenkonia edo …. Ereñozarre hautatu zuten gotor leku, jainko bakarra gurtzeko leku aproposa, basoko eliza eraikitzeko toki ezin hobea. Gailur horrek ordea, Ereinozarrek alegia, bazuen bere izpiritua  Jentilen gogokoa Basajaunak zaintzen zuen gotor lekua sakratua.

Beterritarren asmoa jakin zenerako  sortu ziren ika-mikak. Baina alperrik, txikiek idi uztarria, astoa, pottokak eta karga eraman zezakeen guztia zamatu ondoren materialak eraman zituzten tontorrera baseliza eraikitzeko asmotan. Jakina, Jentilek ez Basajaunak ez zuten holakorik onartu eta gauez tontorrean pilatutako tresna eta enparau guztia  ibarrera jaurtitzen zituzten . Hor hasi zen benetako dema, batzuk langaiak  egunez igotzen eta besteek gauez goitik behera harrika jaurtitzen. Behin ordea,  jende txikiak zelatan pasatu zuen gaua eta segada prestatu zuten. Basajaunak jaurtiketan ari ziren unean, su erraldoi bat piztu zuten, sugarren argitasunak jende txikiaren soinak erraldoitutako  itzalak islatu zituzten mendi labarretan . Basajaunek eurak baino izaki erraldoiagoak ikustean, izakitzarron beldurrez, zeharo izutua tresnak bertan behera utzi eta alde egin zuten. Amarru horri esker lortu zuten txikiek Ereñozarren  baseliza egitea. Ordutik ona San Migel deritzon aingeruaren egunak ordezkatu zuen Egurena, Amari eskaintzak egiteko eguna.


Baina ez guztiz, oraindik, Jentilen gogoak dirau bertan ostenduta:  zeren batzuen esanetan, Basajaunen garaiko idi larrua omen dago nonbait gordeta. Urrez beteriko zahagia aurkituko duenaren zain. Eta zahagi horretan omen dago Basajaunaren sekretua, mundu guztiko urrek baino gehiago balio duena. Ludi honetan bizitzari orekaz eta jasangarri eusteko sekretua.


Nik neuk ez dakit egia den edo jentil erremindu baten esamesa. Baina, izen duen guztia bada, hau ere zerbait izango da. 

Doro