Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

domingo, 27 de octubre de 2013


VIII. atala
           Luberria.
Basajauna jauna bada; goialde zein bekaldeko basoen arduradun izatetik datorkio jatorri mardul hori. Lur lauetan, basoak orain baino ugariagoak ziren garaitik. Eta basoko herriak erreka harroetako ibar lauetan barik, leku garaiagoetan eraikitzea erabaki bazuten ez zen arrazoirik gabe izan, jakina bai da errekak bidea egiten duenean bereari eusten diola.  Eta kentzen ahalegindu arren beti berreskuratzen duela berea. Horregatik behar bada  ez ziren ugaranen inguruan lekutu eta mendian gora egin zuten abarrekin batera. Ibarretako landak zabalak ordea, leunagoak dira eta sarritan emankorragoak. Baina, Deva jainkosaren ertza bizilekutzat hartzen duenak, haren erabakiak onartzeko prest egon behar du.


Basoa eta landu bako lurrak ordea, leku guztietan aurki daitezke, eta inoiz landutakoak alperrik galduta ere bai. Beraz uztarik hartuko bada, soro bihurtu aurretik luberritu behar dira. 

Martintxok ez zuen luberriaren berririk, laborea ereindako soroak betidanik  ezagutzen zituen baina ez zitzaion sekula burutik pasa ere egin lurrotan garai batean basoa egon zitekeenik.  Gariok ereiteko, lur sailaren bila hasi zenean konturatu zen Ibai zabaleko uharanaren hegian eraikitako hiri bilduaren inguruan ez zela lur landurik eta bai baso sarririk.  Baso zatiren bat soildu ezean ez zen gari sororik izango.

Elizateko zin mahaiaren inguruan zesto bete berbaldi eta beste horrenbeste beroaldiren ondoren, erreka aldeko oihana soiltzea erabaki zuten. Ez nuke esaten jakingo zenbat tantai, zuhaitz eta zuhaixka galdu ziren luberritze lanetan, baina, batzuk diote Deba bera ere, izutu zela erreka bazterrean metatutako zuhaitzek urak desbideratu eta ibai zabala mehartzea lortu zutenean. Arbolak susterretatik askatu eta alde egiten ahalegindu omen ziren. Anabasaren erdian orde, soiltze lanak aurrera jo zuen harik eta  udaberri berrian, ibaietako jainkosari pazientzia ahituta maldan behera urak askatu zituen arte. Azken 500 uretan ikusi bako ur jasa amildu zen erretenetik behera, urak bereak hartu zituen eta Uri osoa urpetu, luberria berriz harriarte etzea bihurtu zuen, luberritutako lur guztiak aske aurkitzean errekan behera eraman zituen padura lohiz beteaz.

Izadia sagaitzen hasten denean, nahasten dira bazterrak eta batzuentzat onak direnak beste batzuentzat gertatzen dira okerrak. Goitik beheraino giza de orok hartu zion antza hondamendiari, bakoitzari egokitu zitzaion neurrian jakina. Mugako egoeretan ordea, ahazten dira ika-mikak eta ezinikusiak. Aroak baimendu  zuenerako, hasi ziren elkar laguntzen, Basoko herrietakoak  Basajaun barne agertu ziren laguntzera, ezin ikusiak atzean utzita.

Elkarren beharra dagoenean eta alogerak ogerlekotan barik Gizelanetan neurtzen direnean, jitea ere halakoa  izaten da, denok, “ gehienok behintzat” emankor eta harbera agertzen gara. Eta jarrera zabalek ikasi mamitu eta hobeto finkatzen laguntzen dutenez, Martintxok ez zuen zekitenen ahoetatik entzundakoa ikasi eta erabiltzeko beta galdu. Sen onak Uria erreka arrotik urrundu behar zuela adierazi zion, Deba jainkosaren haserrealdietatik asago. Dakienari entzutetik, gari soloak ez zuela leku umelik gura ikasi zuen, eta luberritzeak ez zuela lurra higatze arriskuan jartzea esan gura, hobeto egin zitekeela, tresnak modu egokian erabilita.

Elizatean bilduta Martinen esanei jarraituz, “Bai, elizate berean bildu ziren, sendoago zelako edo elizak beti tokirik egokienean eraikitzen direlako, Debaren haserrealdia jasan zuen eraikin bakarra izan zen”   Nioen bezala, Marinen esanei jarraituz errekaren eraginetik kanpo eraikitze erabaki zuten,  zentzuak  gari sororik izango bazen, toki lehorragoa eta hain higa errazean ez luberritzea iradokitzen bai zuen.

Uri-barria eraikitzeko lanak bukatutakoan, goi-herritarrek alde egin zuten euren baserrietara. Basajaunak Saroira bueltatu aurretik, laborearen sekretuaren zabalkundea atzera buelta bakoa zela ohartuta, gainontzeko goitarren ezkutuan lurra iraultzeko tresna oparitu zion Martini,  laia deritzon burdinazko urkulua.


Uda bukaerako ilargi betearekin ekin zioten luberritzeari, udagoieneko azken ilgoran lurra prest egon zedin.  Berriro soiltzeari ekin aurretik, lanerako tresneria egokitu beharraz konturatu zen Martintxo, Basajaunak oparitutako lanabesak ez bai zuen euren tresnen artean parekorik, zura eta harria eskasak suertatzen bai ziren burdinazko tresna haren aldean, Laia, zerra eta sega, bestelakoak ziren, harria eta egurra uztartzetik eratorritako azkon, aizto, aizkora eta aitzurren aldean.

Ikusita ez bazituen ere sarritan entzunak zituen jentilen ahotan zein egokiak ziren burdinazko tresnak. Guztien artean, enborrak zatitzeko erabiltzen zen zerra deritzon tresna omen zen  basoa soiltzeko egokiena esan zion Basajaunak berbetan aritu ziren batean.

Basajaunak aurpegian igarri zion Martini ez zuela sekula zerra bat ikusi. Konturatu arren, adarra jo guran edo … zerraren bikaintasunaz berbetan jarraitu zuen.

Basajaun.- Ez duk holako tresnarik ludi osoan asmatu! Lana berez egiten dik.

Martintxo.- Bai seguru.

Basajaun.- Eskuratu ezak bat eta ikusiko duk lana zein azkar egingo duken.

Martintxo.-  Zalantzarik gabe.

Basajaun.- Era askotakoak zeudek, baina niri euskarri bi eta ebaki zabalduna gustatzen zait.

Martintxo.- Euskarri bi duna bai. Ebaki zabala bai kotuxu. Zerra, hori …

Garbi zegoen argi bideren bat eman ezean ez zuen inoiz zerrarik aurkituko, jolasarekin jarraitu gura zuen eta Martinen azkar fama berriro ere frogatu guran, irribarre pikaroa  ezpainetan zuela zera aireratu zuen, Martintxok entzuteko moduan.

Basajaun.- Bai Martin, zerraren kontua aspaldi nuen ikasi. Basajaun zaharrak esan zidan Ibili hadi zuhur eta adi, eta begira hegiok  gaztainondoaren hostoari. Hark bai daki nolakoa den bila habilen hori.

Buruan, pare bat buelta baino gehiago eman zizkion martinek Basajaunen berbei eta ehun urtetik gorako gaztainondo zaharraren hostoei begira pasa zuen arratsaldea aharik eta izan zitekeenaren irudia buruan agertu zitzaion arte.

Aizkoraren ordez zerra behar diagu bai!.- esan zuen ahots-gora bakarrik berbetan egon bai litzan.- zuhaitz tantaiak etzan eta hobeto zatitzeko, behar diagu. Nekea urritu eta lana azkartuko digu.

Martinek, Patxi errementariarengana jo zuen. “ Mundu guztiak dakielako, lehen orain eta beti Patxi errementaria dela”. Eta Patxik jentilentzako lanabesak  egiten dituela.  Martintxok errementeriara jo eta  Patxiri Basajaunak azaldutako zerraren moduko lanabesa egiteko eskatu zion.

Patxi errementaria ez zen ez beterritarra  ez goierritarra, ama zuen jentilen leinukoa, aita berriz, etorkinen askazikoa. Beraz ez bateko ez besteko, bere lana egiten zuen eta kito behar bada horregatik bizi zen Erdikoolan.  

Martintxok eskatutako moduan egin zion zerra. Mutikoak arretaz jarraitu zituen errementariaren bueltak eta lanaren bilakaera. Lehengaia, lehengaia urtzea, gori goritan forma emateko moduak, sutegia, ingudea, mailuak, uretako sartu eta atera aldiak eta abar. Patxiren trebetasunak laster eman zion forma Martintxoren gurariari.

Zerrarekin etxera heldutakoan, ordea, batekin nahiko ez zela izango eta beste bat behar zuela erabaki zuen gazteak. Baina beste hori, berak egingo zuen Patxik errementaria imitatuz. Eta halaxe, nondik handik lanabesak eskuratu eta laster eduki zuen zerra berria eskuetan, Patxik egindakoaren berdin berdina zen. Basora joan eta lehen arbola zerratzen hasi zirenerako, malgutu, kamustu eta bihurritu zitzaion lanabesa. – Ze demontre gertatzen da! — Pentsatu zuen harrituta. – Berdin, berdin egin badut, ez dut ezer aldatu eta … .— Baina begi bistako itxuraz soilik zen berdina, barneko gai ikusezinen batek egiten zuen antza huts, berak atzeman ezin zitekeen zer edo zerk egiten zuen berezi. – Zerk ordea zer eragiten zion gogortasun berezi hura?

Martintxok orpoetan ez mihian arrik sekula  eduki ez duenez Patxirengana bueltatu eta kasua adierazi zion:

Martintxo.-  Hi Patxi, heure bideari jarraituz, zerra egiten ahalegindu nauk baina alperrik. Egin dudanak ez du hirearen gogortasunik ez zorroztasunik. Zer egin zioat gaizki?

Patxik ordea, jite onez baina harpa-jotzaile zer erantzun zion:

Patxi .— Ezer ez duk egin gaizki Martin. Arazoa egin ez duken gauza horretan zegok.

Martintxo. — Zer ez diat egin?

Patxi.-  Burdina altzairu soldatzen duen zer hori.

Martintxo.- Zelan egiten da zer hori!

Patxi.- Horixe bera da, beharrezko egiten nauena. Edonork egiteko modukoa balitz sobran nengoke. Ezin dizut esan! Isilpekoa da, sendiaren janaren jatorri sekretua.

Berriro ere hasierako moduan, isilpeko kontu madarikatuak, zenbat gauza ikasteko eta zein zaila jakituria eskuratzea. Non zegoen jainko ahalguztiduna eta oro jakituna? Zergatik jarri gintuen munduan hain ezjakin? Eta … sinesmenik bako jentil erdi horrek zergatik zekiten berak baino gehiago?

Martintxori senetik datorkio jakin beharra eta ez zuen oraingoan amore emango. Kontua  ordea zera zen:  ZELAN? Martinen orain arteko amarruak ezagunak ziren eta amarrugilerik habilenaren fama zuen. Beraz zain izango zuen errementaria eta jendilaje guztia, Ordezkoren bat aurkitu ezean epe laburrean ez zuen isilpekoa jakingo.

Silverio Martinen lagun-mina da, xelebrea baten eta zurrutero birritan. Inguruotako Gurtxinparra edalerik ospetsuena. Behar bada ez duzue edari hau ezagutuko; esan dezagun ba, jentilen edari gurtuena dela, gaur egun ere jentilon artean sekretua mantentzen duguna. Dena dela edatea bada, ez dago sekreturik, gurtxinparra zein edozein pattar izan. Beraz,  jo dezagun istorioan aurrera, doazela plana prestatzera.


Doro