Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

miércoles, 3 de agosto de 2011

Istoriotan

Busturian jaio, hazi eta hezitakoa naiz. Eta.. Ah ze gutxi dakidan neure herriaz!


Urruneko intxaurrondoaren oparotasuna ezagutzen dut eta etxe-osteko masusta ez. Begira nago nire “window” tik eta ez dut etxekonekoaren berririk. Neure zarratadarten sundaz mugarritzen dut ingurua. Mundua nirekin hasi eta akabatzen bada, zertako lehengo eta geroko kontuez arduratu, zertarako ez denaz kezkatu?

Baina batzuetan, zer egin lekion begira egotea be tokatzen zait, jaiak ez badira edo umeek kateatzen ez banaute, inoiz; kasualitatez baino ez bada be, fikziozko nobela erromantikoez gain, zer edo zer irakurtzen dut. Egunotan, gogaituta egon behar izan dut antza, zeren, Bizkaiko Foru Aldundiak, Jaurerriko herriei eskainitako monografikoen artean, neure herrikoa berrirakurtzea otu zait. Begi berriekin ordea: begi berriekin diot, ez betaurreko berriak erosi ditudalako, kontu zehatzetan erreparatuz esan nahien bila ibili naizelako baino. Haatik, esango ditudanak neure buru ero-bero honen zentzudun gauzak dira. Eta gustuko dituenak patrikeran gorde ditzala, gustuko ez dituenak ordea ez ditzala handik atera badaezpada.

Nonbaitetik hasi behar eta irudimena handirik ez dudanez, BUSTURI, hartu dut gaitzat. Hauda, izenaren errekurtso zimurtua. Oso informatua be ez naizenez, Google Maisu Juanari galdetzea otu zait. Google esan dut! Arazo bat dut “pregunta de foro” Googel zer da maisua ala andreñoa? Argitu bitartean izen nagusi androgino bezala utziko dut!

Googleri galdetu diot eta honek Wiki andereñoarengana bidali nau. “Hau bai, hau seguru, seguru andreñoa dena”, Wiki anderñoak, Busturiak zazpi auzo dituela esaten dit, Bat-batean, nire bost urien teoria pikutara, Mitxelena popaz gora, Josebak beste hiru uri gehiago aurkitu behar. Eta postari dimisioa eskatzeko zorian.

Wikipediaren arabera “El municipio está formado actualmente por siete barrios diferenciados: Axpe de Busturia (Busturi-Axpe), San Bartolomé (San Bartolome o Amunategi), Altamira, San Cristóbal, Itxasbegi, Goherri y Paresi. Axpe ostenta la capitalidad administrativa del municipio por estar ubicada en el barrio la casa consistorial de la localidad.

Zazpion artean oso kuriosoa egin jaten auzo bat dago. San Bartolome o Amunategi . Ohiko bideak jorratu ditut informazioa konparatu nahian eta, begira aritu ondoren, bai. 1755.urteko “concordia” geroztik egiten ziren prozesioetan horrela agertzen da, “San Bartolome ermita Amunategi auzoan”. Ez galdetu concordia zer den, badakit adiskidetasuna esan gura duena baina ez dakit nortzuk adiskidetu behar ziren.

Ehun eta hogeita hamar urte (130ur)arinago ordea, XVII. Mendeko fabrika liburuak dionaren arabera , 1625ean 89 erreal ordaintzen zaizkio arotz bati Madalenaren ermitan konponketak egin ditzan. Urte horretan arra aipatzea ahaztu zitzaion antza arotz feministari. Zeren, bi urte beranduago 51 errealeko diru sarrera kontabilizatzerakoan , La Magdalena y San Bartolome agertzen dira. Arra eta Emea aurrez aurre berriro be. Baina hor ez da gelditzen kontua, zeren, Ziprianoren liburuak, hurrengo lerroan zera bai dio: de todas formas la advocación de la magdalena era menos usada que la de San Bartolomé. Garbi dago, Bartoloren aldekoek, Malenen alde egin zutenek baino indar gehiago zutela. Lekutan gelditu zen “concordia” Konkorren batean kateatuta agian.

Malen ermitatik ezabatu zuten, baina, Busturia ezagutzen duen orok daki Madalenaren, Malenen edo Matxalanen oinatzak, hantxe daudela, hatxapunteko puntaren puntan, Bizkaiko Jaunak, aMARI (ama-lurrari) eskaintzak egiten zizkion harrizko aldarean zizelatuak, Busturialdeari so,

Busturi-ar eta emeok, zein Busturiaz kanpoko jakitun asko Matxalenen arrastoren atzetik aritu izan gara. Batzuk balio historikoaren atzetik besteak erotikoaren ondotik. Baina guztiok, pertsonaia fisikoa aurkitu nahirik.

Eta ez bada izaki fisikoa?
Eta gure Matxalenen balioa, garai bateko sinesmen animisten arten Marirekin bat eginik, izaki mitikoa bada?

Barcelos konde lusitaniarrak XIV. Mendean idatzitako leinuen liburuan dioen moduan Bizkaiko Jauna, Busturiako bere baserrian zegoenean hiltzen zituen behien barruki guztiak, baserriz kanpoko haitz baten gainean jartzen omen zituen eskaintza gisa. Hondakinok ez omen ziren biharamunean harri gainean agertzen. Eta ekandua horrela bete ezean, kalteak jasoko zituen bere hurkoen artean.

Nori eskaintzen zizkion ordea?
Zeren beldur zen jauna?
Edo, nori zion debozioa?

Basoko patariak bitarte, amari eskaintzen zizkiola esango nuke, ama-lurrari. Erritu animista inon bada. Bizkaiko jaunak ordea, Teista xamarra denez, amari eskaini beharrekoa Mariri eskaintzen hasi zen. Baina teismotik monoteismora bidean, Madalena oparitu ziguten, herritarrok Matxalendu duguna. Emetasunetik eta lizunkeriatik hurbilegi oraindik batzuen gusturako. Tentazioaren zirikaden zantzu guztiak ezabatzeko bera, Madalen operatu eta Bartolo bihurtu behar izan zuten.

Baina Matxalenek, inoiz izan zela frogatzeko hiru oinaz utzi zizkigun, Bizkaiko jaunaren gotor lekuko harrizko aldarean zizelaturik. Bertan diraute oraindik. Ni neu, eta lagun bat, aurten izan gara aspaldiko partez Mari-Malenekin berbetan. Eta, barka eskatu behar izan diogu, barrukirik ez geniolako eraman. Ama-lurraren izaki bizia dela sinetsi arren kultura kontsumistak orekaren balioak ahaztuz neurriz gain ari garelako.

Barkatzen digula esan dit, aurton, portatu garela, eta ez zaiola oharkabean joan emakumearen gehiengoz osatutako udal-batza. Eta hadi egongo dela, bartolokeriak errepika ez daitezen. Aurten behintzat, jaiez gozatzeko eta San Bartolome egunean beragaz gogoratzeko.

Bost auzoen kontu honek, hari luzea du eta bat baino ez dut aipatu. Hurrengorako, Eneko Lupitz eta Toda andrearen dohaintzan aipatzen denaz mintzatzeko eskatu didate Madaidxako Jaun eta Andereak. Ea Gorritiz San Kristobal zergatik bihurtu den argitu ahal dudan.

Ondo pasa jaidxek

DORO

Idazki hau Busturiko jai programan argitaratzeko bidali nuen. Iragarkiekin autofinantzatzen de argitalpenaren arazo ekonomikoak direla medio ez zidaten argitaratu.