Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

jueves, 3 de enero de 2013

EZTABILONDO

Lehengo egunean, inguruotatik ostera egiten ari nintzela, Eztabilondo aurretik pasatzea egokitu zitzaidan. Atartean, marmario egoskorrean murgildutako izaki andana aurkitu nuen, arazoari aurre egin nahian.

Etxalde osoa bilduta, abere, morroi, ugazaba, ugazabandrea, eta oinordekoetarainoko guztiak. Erosta batean zeuden, egoera hartara zelan heldu diren asma ezinik.

Aipatutako etxaldea non dagoen ez dakienarentzat, argitu dezadan: baserri-etxe hau, Ondodabil etxaldearen alboan dago. Ez dira etxekonekoak, uzokoak baino; hala moduz konpontzen direnak

Ondodabiltarrak, zoriontsu bizi direla dirudi, aurton ere, hiru bat milioi jaso dituzte laguntzetan. Gainera, label, etiketa edo zigiluak ospe handiko etxalde bihurtu du.

(DJ/JD) 700 hektarea eta mahatsaren orpotik datozen 4.530.000 bonbila mama goxo ekoiztu dituzte aurten

Eztabilondon ordea, ez dabiltza ondo. Ugazaba bakarrik gelditu da, seme-alabek alde egin dutelako. Alaba nagusia eskolak ikasi, biologian doktoratu eta ikerketetan ari da, semeak ondodabiltarren finantza jagolea da, alaba txikia berriz, artista buhame dabil eta emazteak aurton, herriko jaietan, txurreroarekin alde egin dio.

Hala eta guztiz ere, gogoan dute aitaren etxea, maite dute arbasoen memoria eta inguruaren edertasuna. Batez ere egunerokotasunaren errutina estresagarritik sendatzeko, ingurumenak eskaintzen dion malenkonia bukolikoaren deskantsua behar dutenean.

Peru berriz, lanari aurpegirik eman ezinik dabil. Marik alde egin zuenean, denbora luzez ibili zen buru makur. Baina, ondo pentsatuz gero, alde egin zuenerak, gau amultsuak aspaldi ziren oheburuko oholetan atzaparkadaz markatutako arrasto. Eta Peru, gaur egun, afektibitate alorrean gaztaroan baino askotaz sentibera eta Mariren onbeharraz dabilen arren, ez dirudi emaztearen bihotzak bide berdina egin duenik. Lastan bat, musu bat edo elkar besarkatuta pelikula erromantiko txotxolo batekin negar-malkotan hustea nahiko duen arren; azken hamarkadan elkarri jaurtitako laidoak baino ez ditu gogoratzen. Beraz, denboran urruntzeak dakarren ikuspegitik, kontsolamendua beste leku baten bilatzea hobe. Txurreruaren hankartean, zein, nerabezaroko lehen muxu itzurtiaren amodio platonikoaren besoetan.

Baina, erromantizismo bukoliko guztien gainetik, lan egin beharra dago, etxaldeak iraungo badu behintzat.

Bakarrik nola ordea?

Entzuna zuen Fameridxenen kontua, gizakiari lanak egiten laguntzen dioten praka gorridun izaki niniñoen istorioak. Herritarren esanetan launaka elkartu behar omen dira, ondo zarratutako orratz-toki edo igitaiaren girten barruan. Izakiok, ordea ez dira berez ontziratzen, eskuratu gura dituenak, toki egun eta ordu jakin batean burutu behar du lana. Udaburuko gauerdian, eguna zahartzen eta gau berritzen hasten den lipar horretan eskuratu beharko ditu, hurbilen duen iratze magikorik sarrienean. – Bila ibili eta aurkitzen ez badituzu ordea, gizotso bihurtuko da. Arriskurik gura ez badu ordea, erosteko aukera du.

Orain ulertzen zuen ondodabiltarren gose asegaitzaren misterioa. Antsietatearen hersturaz jan, lehiakor ekoiztu eta gorde galduan ibil behar hori.

Egokitu beharra zegok beraz. — pentsatu zuen Peruk. — Bestela gureak egin du.

Atzerritik morrontza lanerako ekarritakoen batzuk eskuratzeko proposatu ziotenean, ez zuen gura izan, barruak ez zion inoren beharraz baliatzen uzten, ezin izan zuen hurkoaren duintasunaren pentsura bere ongizatea eraiki, ezta etxekoak uriko xarmaren hutsalaz konbentzitu. Agatik ari zen kanbioan pentsatzen, Fameridxenak erosteko erabakia hartu zuen.

Ondodabiltarren ahokada harroei esker zekien, iparralderantz joanda Fameridjenak erosteko lekuak daudela, non aztururuak biltzen diren guztion etorkizuna asma eta komeni zaigunaren arabera planifikatzeko. Bi ziren burgoak eta bat brusa. Burgoak ordea, bata luxea eta bestea extra.

Gure Peruk azturuen berbaroak laket ez zituen arren, garbi zeukan haien esanetara makurtu ezik ez zegoela laguntzarik. Beraz, patuaren jagoleak batzen ziren egun bat hautatu zuen bertaratzeko. Goizean goiz heldu zen Agora sakratura. Azturu gehienak elkartzen ziren tenorean. Berbetan aurkitu zituen, inork ezer gutxi aditzen zuen arren. Ulertu ere ozta-ozta bakoitzak bere erdaran mintzatzen bai zen. Ezinezkoa zirudien handik ezer garbirik ateratzerik. Peru ezagun egiten zitzaion soinu-jolearengana hurbildu zen aholku eske, honek, nagusirengana eraman zuen eta laster beste azturu emazteki bi batu ziren eleketara. Lauren artean, laguntza merezi izateko bete beharrak adierazi zizkioten.—Peru zuk uste duzu… zure etxaldean Famaridxen prakagorri hauek behar duten beste lan daukazula?.—Galdetu zion soinujolearen doinu ironikoz . — Kontutan hartu, behin askatuz gero ezin dutela geldi egon, etenik gabe aritu behar dutela lanean, bestela aspertu egiten dira eta aspertzen direnean lehen egindako guztia apurtzen hasten dira eta ez dira gelditzen dena desegin arte.

Gurean, gura adina lan dago, sekula santan bukatzen ez dena. — Erantzun zuen Peruk.

.— Ongi da. Beste kontu bat. — arraitu zuen nagusik. — Inoiz, euren laguntzarik behar ez duzula erabakitzen baduzu berriro ontziratzeko modua aurkitu beharko duzu. Eta aurretiaz diotsut ez direla oso esanginak. Saltzea erabakiko bazenu ordea, jakin beti eta salbuespenik gabe erositako presio erdian saldu behar direla. Ondo ulertu duzu guztia?

.—Bai jauna! Ondo baino hobeto.

Horrela ba, lau laguntzailedun orraztokia hartu eta bueltatu zen Eztabilondora.

Orraztokiari tapotza kendu zionerako atera ziren lau Fameridxenak, praka gorridun lau izaki urduri eta ipurterre lan eske. Gure Peruk ez zuen bururik asko nekatu lehenengo bete beharra agintzeko. Etxaldea konpondu behar zen, aro modernoetara egokitu. Berehala hasi ziren lanean, ziztu bizian lortu zituzten baimenak eta maileguak, Ezatabilondoko azpiegitura azturuen esanetara birmoldatzeko.

Lana bukatu ondoren galtzagorridun ipurterreak lan eske hasi ziren berriro. Peruk soro eta belardiak luberritzeko eskatu zien eta lurrak landatzeko. Fasmeridxenak, landaketa hidropon ikoz eta arto transgenikoz josi zituzten lurrak, Europatik etorritako laguntzeri esker. Lurrekin bukatu zutenean, basoak landatzen bidali zituen eta eukaliptoz bete zizkioten basoak. Hazienda ugaritu eta pentsuz hasi zizkioten 100 erraldeko ganaduak. Eta horrela sorpeko kate soro batean ari zen, Laster bukatu zitzaizkion beharrerako afanak, Ondodabiltarrek pare aberastu zenean. Baina, Fameridxenek ezin dute geldi egon, euren burua lanik gabe aurkitzen badute egindako guztiak desegiten hasten bai dira. Maileguak kobratu zizkioten, merkatuak elikagai transgenikoz saturatu zituzten, behiak zoratu, eta oiloak sukarrak hartu zituen.

Huraxe deskalabrua! Agudo zer edo zer bururatu ezean akabo betirako. Zer egin ordea prakagorrien aditasuna beste kontu batean jartzeko. Prakagorriok orraztokira bueltatu behar ziren, bestela, zer edo zer egiten jarri behar zituen hazienda lehengoratu bitartean entreteni zitezen. Baina alferrik, ez zen konpromisoak kitatzeko modurik eta Famerijenek hantxe jarraitzen zuten kirtenkeriarik handienak egiten, eta zorrak metatzen. Hondamendiak dagoeneko Ondodabilen ere eragiten zuen. orraztokian 200 urte egin ondoren ez zuten hara bueltatzeko asmorik, are gutxiago, zirikatzeko aukerak galdu.

Halako batean hara zer bururatu zitzaion Peruri, Fameridxen bakoitzari pikatxoi eta para bana eman eta azpiegiturak eraikitzen jartzea. Prakagorriak esana betetzen hasi ziren. Agindutako moduan, bideak, errepideak, trenbideak; abiada handikoak zein besteak, portuak, aireportuak, etxeak gura haina neurrigabe eraikitzen hasi ziren, Peruk agindu ahala. Lanak buka ezina zirudien, prakagorriak olgatuz izango zituen sekula sekulatan eta bera, berez aberasten. Baserriari ere izena aldatu zion, aurrerantzean Itzeldabil deitzea erabaki zuen.

Baian mende-laurdenaren buruan, eskariak eskasten hasi eta lanak sobran zegoen , irabaziak ordea ez ziren ohikoak. Piten erostei, ez Merik ez Angelak ez Esperantzak ez zioten kasu handirik egin. Gainera Fameridxenak ere ezin zituen lanik gabe itxi, bazekielako, Galtzagorriak aspertzen direnean iskanbiletan hasten direla. Telebista ikusteaz ere aspertuta zeuden, interneten nabigatzen aborreziduta, Futbolean ere az zegoen garai bateko emoziorik, Barçak beti irabazten bai du. Eta krisi numena bere praka arre kolorgetuekin agertu zenean aztoratuta ziren guztiak.

Estutasunean izaten ditu Peruk ideiarik hoberenak eta hara zer bururatu zitzaion egoera lehengoratzeko. Galtzagorri, Prakagorri edo Fameridxen bakoitzari galbahe bat eman eta baserriko baratza ureztatzeko agindu zien. Horretan hasi ziren gorde galduan, errekara joan etorri eternalean. Baina Peruren baratzera heltzean, galbahea beti hutsik . Horrela, joan etorri zoroan aritu izan ziren luzaro ariketaren amarruaz konturatu ziren arte; orraztokitik kanpo ziren artean alferreko lanean aritu beharko zutela ordea, prakagorrien izaera eta patuak dion moduan. Peruren orratz-tokia ordea, zabalik zirauen, izaki bihurrien iritzi aldaketaren zain. Azkenean, etxaldeko zorrak kitatu eta aurreko egoerara bueltatu zuten dena, orduan orratz tokiratu ziren. Ordutik hona hantxe dauzka salgai Peruk.

Zuetariko inor gura baditu, zentimo erdian saltzeko ditu.

Doro Zobaran