Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

sábado, 8 de diciembre de 2012


 <섌Ŭ></섌Ŭ>  <섌Ŭ></섌Ŭ>



Kontu erratua

Eskean dabil mundua,
eskeko egunotan.
Eskatu eta eskatu,
emateko prest ez dagoenean.

Brankillos sarri izaten zen gure atarian eskean. Behin, horrenbesterako konfiantza bagenuela eta zera galdetu nion.

Nik. — Hi zergatik habil eskean, zerena batzen duk? — Patxada handiz, begietara begiratu eta hauxe erantzun zidan.

Bran.— Kontu erratuarentzat batzen dut mutiko!

Nik.— Kontu erratuarentzat?

Bran.— Bai kontu erratuarentzat. — errepikatu zuen. Jarri nuen aurpegieraz konturatuta, bere azalpenarekin jarraitu zuen. — Garai batean eroso bizi nintzen. Hazienda oparoa nuen eta ez zitzaidan ezer falta. Eta ongizate horretan bizi denak buruari eragiteko ahalmena astia eta patxada izaten duenez, egun batean mundu honetan gelditzen zitzaidan denbora kalkulatzea otu zitzaidan. Kontuak atera nituen eta neukan hazienda guztiak, egunez egun banatu nuen, epe bakoitzari honenbestekoa egokituz. Egia esan luzaroan bizi izan naiz ondasunei aditu gabe, harik eta ahitu ziren arte. Hazienda bukatu zen baina nire bizitza ez. Ordutik ari naiz erratutakoarentzat eskean. Eta zintzoa izan gura badut, orain arte ondo konpondu izan naiz. Azken aldi honetan ordea, konturatzen hasita nago eskekook ez garela kale bazterretako zarpailak soilik, mundua osoa dabilela eskean, ekonomialari, politiko, kazetari, gizarte osoa ari dela KONTU ERRATUARENTZAT BATZEN. Egunotan, estimu handiagoa diot neure buruari.

Herri jakituriatik jaso eta egokitutakoa

Doro Zobaran

miércoles, 14 de noviembre de 2012

Huntz orri kolorez jantzitako Dama


Ontsu hilda Gregoridxo, etxekoneko mutilzaharra. Xelebre hutsa, edo orain esaten dan legez “friki”parrandero, kontulari, jan edanerako lagun aparta eta  ondrabatzailea fina  inon bada. Kipulak baino azal gehiago eukazan eta ez zan erraza haren barrena ezagutzea. Nork esango ete eustan,  kipula-azalen lurrun narritagarrien artean gordetako istorio sinesgaitzak, gatibatuko ninduenik.  

Beran kontu xelebre guztien artean harrigarriena, kalendarioan lau urterik behin baino existitzen  ez den egunean, gari zorroa hartu eta  uriko merkatura egiten eban  bidaia zan. Zaldia txalmatu, bi gari zorro otzaratan zamatu eta joaten zan. 

Ze burutaziok eroaten ete eban, etxekoneko mutilzaharra Uri handira taxu haregaz XXI. Mendean? Luzaroan ibili nintzen esamesetan murgilduta aharik eta Kandido; neure osaba oker ezkonduaren ahotik; istorioa ezagutu neban arte. Gregoridxon antzean; parrandero, kontakatilu hutsa da gure osaba, aitxik ixengo zoazen hain lagun. Hara bi biko! Edo esaera zaharrak dioen moduan Ah ze parea! Karakola eta barea! Osaba  Kandidok berak diñoez, ameriketan ezkondu ei zan, Nik neuk ez dautsat neska lagunik ezagutu, alogereko harreman amultsuetatik aparte.  

Gure osaba ez da sekula mutu egotekoa izan, arosnabar zale hutsa, auzoko kontu piperren zalea. Hara zer kontatuko eta! Gregoridxoren, atabut  aurrean tanatorioko giro malenkoniatsuari eutsi ezinak sakatuta edo. .

Osabarentzat  zoria txarra zein ona, danak dira txolintzeko une aproposak, lagunaren zerraldoaren aurrean  barritz obligaziñoa, tanatorioko gorpurik zoriontsuena izango zala lagunari berbea emonda eukan eta. Halantxe egon behar beraz,  konta ebana kontatzeko . Ez zan ostera bakarra taxu haretan zegoena,  bestiok be parean egon behar kontatutakoa, aho zabalik ez eze, oso osoan sinesteko prest agertu ginelako.

Osabak beran abots lakartuaz esan ebanentz: gazte lerdena eta eperdikara zan Gregoridxo. Halako egun egon ezin baten, beran arrotik harantzago egoan mundua ezagutu gura ebala otu jakon. Udagodxen goiz baten, zaldiari manta, txalma eta arrio guztiak jarri, biderako jan edana zorroratu eta handik eta hemendik batutako diruekaz , abiatu zan uria ezagutzera.

 Urten,  urten eban. Baina, ez zan zuzen joan, urlia bisitatu, berendiarenean jan eta sandiarenean zurrut, Urira heldu zanerako janda eukazan, eroandako balioen  hiru laurenak.. Handik aurrerakoa ezagutu gura baeban,  ez zen poltsikokoaren pentsura izango, txakurrandi bat be ez eukan partikeran eta.  Etxera bueltatu gura  ez baeban zer edo zer egin beharko eban. Holantxe erabaki eban urian beharraren bila hastea. Egia esan edozertarako zan presta gure Gregoridxo, laster aspertzen zan arren. Horrela ba, labore edo zerealak saltzen ebazan biltegi batean aurkitu eban urian bertan beharra.

Udagoienaren azkenetan, feria handia egiten da urian gaur be. Almazenaren ugazabak, barritz, holako okasioetan, uriko plaza barrian salmenta postua jartzen eban eta urte haretan, Gregoridxori emon eutsan postuaren ardura, zekale, olo, arto, artoa, artaxiki,garagar, Erdi erdian ostera, Gaztelako larrainetan jotako garirik mardulenak jarri ebazan mundu guztiaren bistan.

Eroslearen zain egoala, huntz orri kolorez jantzitako dama gazte galant bat urreratu eta zera itaundu eutson.— Mutiko. Segan dira trabes jotako gariok?

Gregoridxok, neskatilaren begi berdeei bistarik kendu barik, zera erantzun eutson; trabes pentsatutako erantzuna. — Hamazortzian saldu gura dodaz! Baina, zuri hamabostian emongo dautsudaz. Eta… hamabostian gura ez badozuz…, laztantxu baten trukian.


Halako proposamen lizuna ez ezagun baten ahotan, edozein neskatila izutzeko edo sumintzeko modukoa izan leiken arren, zirrara kilikagarria bihurtu zan antza dontzeilaren belarrietan, erantzunari erreparatu ezkero.—Kontratu, hori, leku sekretu eta sasoi egokian esan bazeustan, gariak eta zeu ta neu be, ondo konponduko ginen.—Erantzun eutsan, ezpain guriak miazkatzen zituen bitartean.

Erantzunak ezustean harrapatu eban Gregoridxo, eta berbarik buelta orduko desagertu zan neskatoa. Hurrengo egunean be leku berean para zan neskatoaren zain, baina inor ez zan agertu. Hantxe emon ebazan hurrengo egunak, txakurre paradan egoten dan legez, huntz orriaren berdez jantzitako damaren zain, baina alperrik.

Urirainoko munduaz konformatu zen antza Gregoridxo; edo Dama begi berdea agertuko ez zela konbentzitu zanean munduak ez ebala merezi erabaki,  ze aste bete garrenean etxerako bidea hartu eban.

Bidaiaren berri zehatzik ez du sekula euki, Kandidok lagun gisa zer edo zer gehiago ekien, baina harek be geuze gutxi. Osteko kontuaz ostera  bai, ondo antzean ezagutzen eban eta ezagutzen ez ebana asmatu egingo eban seguru.

.— Aratuste sasoia izango zan. Gari-soroan galburuak ondo erne ziran jakin guran, larrainera joan zan Gregoridxo.  Osin alboko txabolan lanabesak itxi eta osteratxoa egin eutson arloari, dana ondo egoala ziurtatzeko.

Arratsalde aldera, soloko galburu berdeei begira egoan artean, aurreko udagoienean  uriko kalean izandako berbaldia etor jakon burura, eta osinaren alboko harri losaren ganean  jarri eta buru belarri aritu zan haren gomutan. Jardunaren oroitzapenak luze iraun eban antza, aharik eta gaulendiak hartu arte. Ilundu ebala konturatu zanean,  Taxabolan bertan lo egitea erabaki eban. Ez zan lehenengo biderra, lekua une bakarti gogoetatsuetan bakarrik egoteko prestatu zala ikusten zan. Gazta zati ederbat eta esku bete intxaur txakolin botilagaz batera iruntzi eta gero, Mikelak gomendatutako bedarrakaz presta eban lotara joan aurreko edari beroa, txabolako atalasean jesarri zan, katilu beroa eskuetan ebala eta begirada mundu honetatik urrundu .  Gauerdirako oroitzapenak ahaire bihurtu jakozan buruan antza eta soinu eztarrian,. Ahopeka , isilean kantetan hasi zan.

………….(Gariak saltzen hagin artean kanta)

Halako baten! Ahots epel batek berba egin eutson.—Doinu malenkoniatsua darizu ahotik mutil!— Buruari jira eta nor edo nor sumatu  eban osineko basaikoaren orpoan jesarrita, adats gorrimin luzea urre gorrizko orraziaz orrazten. Ahotsaren epelak bihotza zoroen pare taupadaka jarri eutson eta huntz orri koloreko soinekoa basikoaren adarretik eskegita ikusterakoan ezagutu eban,. Neskatilaren soin biluziak barritz, nirnir eragin eutson begietan eta korapiloa sabelpean. Zeozer esan gura eta ezin. Nondik agertu ote zan dontzeila osinera?


.—Zer dala eta kantatzen dozu hain triste?.—galdetu eutsan neskatilak, huntz orri koloreko soinekoa basikoaren adarretik hartzen eban bitartean. Gregoridxok ezin eban sinestu.— Halako neskatoa ezin leike mundu honetakoa izan.— pentsatu eban, eta beldurrez, azalpenak eskatzen hasi jakon. Neskatoak mutilaren beldurrak uxatzeko zera esan eutson.— Nekazari gaztea. Ez dozu ikusten ez dautsudala minik emango, zatoz eta behinola batak besteari emandako berba beteko dogu, sasoia urreratzen dan biartean.

 Gau haretan hartu eben alkar. Gregoridxok, dardarka baina emeki emeki zeta finez egineiko soinekoa kendu eutson dontzeilari. Beran  ehunpetik barritz, haragi zuri leuna agertu zan gosagarri. Elkar laztandu eben emaro, Aho beteko titi borobilak eta kana laurdeneko gerria mutilaren eskuarterako. Eta belarri girgilak dontzeilaren hagin artearako. Ipurdi masailek atximurka gozoen artean dantzatzen eben bitartean. Miazka, musu, laztan eta fereken artean pasa jaken gaua, oilarrak kukurruku egin eban arte.

Aurrerantzean galburuen sasoia zaintzeko aitzakiagaz egunero itzultzen zen Gregoridxo Osineko txabolara, eta gauero lez, bertan aurkitzen eban Dana begi berde gazte xarmanta.

Gau batean, txabolatik kanpo, soroko galburuei ahopeka kantuan topa eban Hilariok neskatoa .—Zein ahots goxoa duzun.—esan eutsan mutilak— xuxurlatzen ari zaren doinu hori kantatuko bazeust nire bidxotzaren taupadek zure kantuarekin bat egingo leukie eta aldi berean dantzatu. Hain xarmangarria zara…!

.—Ez dut zuretzat kantatu gura.—Erantzun eutsan neskatilak.—Orain ez behintzat ez da sasoia eta

.—Zergatik?.—Galdetu eban harrituta mutilak.—Ez nauzu maite ala?

.—Horrexegatik. Orain maitatzeko sasoia dalako. Eraiteko garaian ezin da igalirik batu. Eta ez nazazu tentatu. Maitatu gaitezen berriro.— Eta gau hartan ere aurrekoen grina berarekin egin zuten…

Baina mutilak, behin eta berriz erregutzen eutsan. Hain temati jarri zan ze, askenean neskatilak, sasoia baino arinau kanta arazazotzen baeutsan ondorioak jasateko prest egon behar ebala esan eutsan. Atzera eingo ebalakoan. Baina kia, mutilak ekin eta ekin.
Kantua izaki bizia erne ostean, mundura agertu eta hasten zan bitartean kanta ezkero bakarrik zala mesedegarri gaineratu eutsan. Baina alperrik. Berak be kanta eutsala eskatu eutsanean, eta ez zala ezer jazo, Beraz, bidezkoa zela berak be bardin egitea.

Hain inguratuta sentitu eban bere burua dontzeilak ze; Kalterako izango zela jakin arren, eta kaltearen tamaina neurtzeko gai sentitzen ez zen arren, kantatzean deliberatu eban. Baina kantuan hasi orduko, ohetik jagi, atea zabaldu eta txabolaz kanpo begiratu eban. Gero etxe barruari ekin eutsan.

.—Zergatik zaude hain urduri?.—galdetu eutsan mutilak irribarretsu

.— Inor ez dagoela ziurtatu behar dot.— Eta etxolako bazter guztiak arakatzen jarraitu eban.

.—Noren beldur zara?.— Itaundu eban barriro mutilak.

.— “Munduratzen den numen oro da gizakien beldur”.— esan eutsan inok ez entzuteko moduan eta ohe aldera hurbildu zan.

.—Eta zergatik ez zara nire beldur?.— ahapeka Gregoridxok.

.—Zeuk munduratu nauzulako eta sortzen lagundu dauztasulako ez naz zure beldur. Baina erne bakoari kantatze honek arduratzen nau, zer jazo leiken ez dakidalako.— Eta kantua xuxurlatzen hasi zan. Emeki, leun, urruneko uren zurrumurruaren antzera.

Harrapariak ezin dauz entzun,
gatibu honen gau kantak.
Maitearengandik bana ez nadin,
gaulendiaren inontzak.

Maitasun mina agertze bada,
sasoian datorrenean.
Landara legez loratuko da,
aro onak dinonean.

Sasoitik kanpo ernetzen bada,
eutsiezinaren  gurari.
Ernal orduan oldartuz gero.
Zoria zein den, nork daki?

Kantua bukatutakoan zera esan eutsan.—Alde egin behar dot. Galburuak horitzen doaz eta gari jotak izango dira laster. Ezin dut hemen jarraitu.

.— Gari jotak? Leukutan dagozak gari jotak! Ez dun arazoa.— erantzun eutson mutilak.— Berdin jarraitu leikegu gaur be oilarrak kukurruku egin arte elkar gozatzen. Zeuk gura baduzu!

.— Nik neuk gura dot, baina, zu zeuk ez antza.—jaurti eban neskak piper.

.—Zelan pentsa leikezu hori. Maite zaitut eta nigaz gelditzea gura dot!.—mutilak minduta.

.—Eztau antzik! zeure ekin horrek, sasoia orduko kanta arazo daust. Horrek, ertaroa denborak baino lehen etorriko dala aurten esan gura dau, daborduko hasi dirala igaliak heltzen eta ernaldiak burutzen. Beraz, joan beharra daukat gari arloa horitu baino lehen.— Eta atetik urten eban.

Mutilak atzetik jarraitu eutsan baina, hain ilun egoan kanpoan, bistatik galdu ebala. Begiak ilunetara ohitu jakozanean, beran ustez neskatoak jarraitutako  bideari ekin eutsan. Baina ezer bere ez. Bat batean, irrintzi bat entzun zan, irrintziak mutila suspentsuan harrapatu eta ezin izan eban jakin nondik zetorren. Isilik gelditu zan, adi-adi une batez. Halako batean bigarren irrintzi bat entzun zan eta mutilari solo barrenetik etorrela iruditu jakon. Harantz abiatu zan. Bidean zihoala, hirugarren irrintzia entzun eban bere buru gainean, oxina eta gari soroaren artean egoen gaztaina belumenduaren adarren artetik zetorren. Gregoridxok sustoz gora begiratu eban eta dirdir egiten eban gaztaina lokotxa ikusi eban abarren artean eskegita. Salto batez adarrari heldu eta eskuratzen ahalegindu zan.  Une haretan ahots girringatsu batek egin eban berba.—Ez da sasoia!.—esan eban. Baina mutilak kasurik egin barik egoan lekura esku bota eta hartu eban. Ahotsak berean jarraitzen eban.— Ez da sasoia!.—esaten. Baina Hilariok kasurik bez, etxera eroan eban. Lokotza bide guztian bedina esaten zihoan.—Ez da sasoia! Ez da sasoia! Ez da sasoia!.—Besteak barritz jaramonik bez. Heldu zan txabolara eta gaztaina lokotxaren antzeko oskola mahai gainean jarri eta kontuz kontuz, arantzakaz minik ez hartzeko moduan zabaldu eban erdi erditik. Orduan barrutik Huntz orriaren berde koloreko mariorratzak urten eban hegaz eta airean ziztu bizian jira bira batzuk egin da gero, tximiniako errautsak  gainean bere buztan luzeagaz hauxe idatzi eban SASOIAN SASOIKOA eta alde egin eban.

Urte haretan, uda trabez etorri zan eta ez zan gari uzta onik egon. Etxe abereek be ez eben ondo erditu, Udagoijenean, ez ziren orriak sasoian jausi. Neguari hotza falta izan jakon eta arbolak ez eben lo nahikorik egin sagarrak arbolan usteldu eta ardoa mikaztu zan.

Hilario urira bueltatu zan neskatoa aurkitzeko esperantzan, misterioa agitu ziezaion. Baina inondik be ez zan agertu. Desatrearen arrazoia itaundu gura eutson baina ezan agertu. Ondiño lau urterik behin baino existitzen ez den egunean joaten da urira beran gariokaz. Garijota sasoia heltzen danean barritz, oxineko txabolan emoten dauz gabak gomutan, gomutan, zurrutean eta kantu malenkoniatsuetan.

                                                   Gariak saltzen

Gariak saltzen nengoanian
Uriko plaza barrian
Dama eder bat etorri jatan
Gariak zegan zirian

Bestientzako hamazortzian
Zuretzat hamabostian
Hamabostian gura ez badozuzu
Laztantxu baten trukian.

Kontratu hori esan bazeuztan
Leku sekretu batian
Gariak eta zeu ta neu bere
Ondo konponduko ginan.

Neure maitia potitxa zara
Garria dozu liraina
Ulea bere modako fina
Ai zu neuretzat bazina.

Doro Zobaran

sábado, 25 de agosto de 2012

izArt
Natura eta artea
artéa, ártea eta Artea
Izadian artéa.
Gizarteak ártea
Gizakiak  Artea.

Hogei errielak
Ogerlekoak!
 Nondik datoz,
nora doaz komisioak?

Komisarioa eta komisaria,
elkarren ondotik.
Ez ditut gura,
ez ezkerretik ez eskoitik

Arte ez baldin bada bideragarria
Nondik elikatzen da artistaren iturria?

Zakua beti beterik duen
gorteko artistaren “artea”
barka, kakotx artean jartzea.
Baina kosta egiten zait ulertzea.

Agian nire izaeraren sona!
Izena
Izana
Lana.
Zer da saltzen dana?

Bertoko jakiak legez,
Lur Gozo honetan ernetakoa
Jan gura nuke
okadan datozen urek ernaldutakoa
eskuez landutakoa
eta burutik daridanaren truke.

Ura
Lurra
Garuna.
Taxuz taxutzen dakiguna.
Jana
Edana
sortzen dana
geure
arriskuetan minduz
defendatzen da lana.

Doro

martes, 14 de agosto de 2012

Artéaren gogoa
Artea  eder hasten da gogo hutsean,
ez da ordea, beti artez egokitzen,
ártera datorrenean.

Artéa  be ez ei da Arteagakoa.
Lur-arteko itsasaldetik,
aspaldi erdutua.
Haritzik zaharrenari ere
parean hartu diona pausua.

Okak ,urak okatzen dituen lautadak ordea,
luze zabalean zokondo edo árte ugari ditu,
izadiarekin bat eginda,
egindako bidea kontutan izan da, “
Arte Ederren
”, Artadi Eder  bihur  daitekeena.

Artéa bertokotu den eran,
bertokotu leike kanpotik datorrena
Betidanik garelako besoak eta basoak zabal dituena.

Baina, saritan etxekoa ahaztu eta etxekonekoa
goratze zaleak be bagara gara gu.
Eta bertokoak, etxekoen onarpena lortuko badu
kanpotik osteratxoa egin beharko du.

Batzuk gara Okaren arroan
Arte , artean artegintzan gabiltzanak .
Estimuaren demandan  gauzenak.
Gure zentzuaren sentsua
Orekatzeko

miércoles, 18 de abril de 2012


“ARTAKAMARAN” egunotan aurkezten ari naizen ikuskizunaren izenburua da. Artagarauak artakamaran gordetzen diren eran. Ipuinak, kontakizunak, eleak zahar zein berriak, geure garunen artean, txapelpeko ganbaran sortu eta gordetzen dira, kontalari bakoitzak ahal duenean ahotik kanpora salto egiteko zain.


Urdaibaiko Komediante honek berbak airean eskegiz husten du bere ganbara. Kontuak kontatu egin behar direlako. Ipuinak bidaiatu egin behar duelako biziko bada.

Eleak, zahar zein berriak, ganbaratik ahora, ahotik, lagun hurkoaren belarrira, belarritik, haren ganbarara, gurpilari berriro ekinez. Eta birak segida izan dezan, nola edo ala besterendu behar da istoria. Gurpilean biraka hasi eta berritzen den istorioak, ezin bai du iraun norbaitek norbaiti kontatu ezean ;

Saioa, 8 urtetik gorakoentzat pentsatua dagoen formatu txikiko narrazio eta kantu ikuskizunaren bidez, transmisio langintza honetan laguntzeko aukera eskaintzen dizuegu.


domingo, 29 de enero de 2012

 EGUTEGIA
 Egoen almazena
Modan Jarri da antza,Trentoko kontzilioaren erabakiez geroztik;  1582 alegia, “Gregorio XIII.” Inposatutako egutegiaren edukiei aldaketak proposatzea.  Azkena, Rajoyk. A ze enpeinua! Egutegia arrazionalizatu eta razionatzekoa.
Bejon dagiola! murrizketa guztiek ere ez bai diote krisia gainditzeko balioko. Dirua egiteko makinaren jabeek nahiko bai dute  “fiat money” edo “moneta fiduziarioa” hau da: fedean oinarritutako diru paperak inprimatzea zakutik hartzera bidaltzeko.  Beraz, erakustaldi arranditsuetan aditzera ematen duen balioa, berez duenaren baino askotaz balio gutxiagoko produktuez fidatzea gaitz ikusten dut. Zertarako  kezkatu orduan? Ez du merezi! Nire patrikako hamar euroen antzera, berez ez bai du zentimo laurden balio. Noa ba gai garrantzitsuagoetara, garena izatera ekarri gaituen kontuetara alegia.   
Egunen joan etorria pilatzeko omen da egunen almazena, bakoitzaren sorbalda gainean pilatzen dena. Eta euskal Herriko Egutegi nazional zaleek aldarrikatzen dutena. Arrazoizkoa argudioa,  egungo egutegiak frantziar eta espainiar estatuek inposatutakoa dela diona. Estatutu eta amejoramenduaren zertzelada kolaborazionistak gora behera, hortxe geure denbora baldintzatzen dirauena.
 Euskal Herriko egutegia ordea, egin,  egin genezake, baian ez euskalduna. Euskaraz pentsatzen hasiz gero inposaketaren krudeltasuna da nabarmentzen dena. Erromatarren garaitik datorren ukazioa alegia. Ilargia eta eguzkia oinarri duen denbora neurtze sistema ezabatu zigutelako, eta hilabetez hitz egitea inkoherentea bihurtu, gezurretan aritzera behartu.
Euskarak hilabetea, ilargi betea dela badiosku zergatik  “mes” itzuli eta ez “ luna llena” joera inkontziente horrek ez ote du inposaketa ezartzen duena legitimatzen?   
Zer dela eta, Gregorioren jarraitzaileen pentsamoldean debora neurtzen jarraitu?
Gustura ikusiko nuke, herri mugimendu batek sistema errotik zalantzan jarri eta ezaba zorian dagoen sistema berreskuratzeko bidean jarriko bagintu. Hitzetan, euskararen gomutan gorderik dagoen denbora neuretzeko sistema organiko espirituala alegia.
 Inkek XV. mendan, Españolak, (euskaldunen bat tarteko) hara heldu zirenean Ilargiarekin neurtzen zuten denbora eta hara zeintzuk ziren jaiak
1.     Eguzkiaren jai handiko ilargia,
2.     Ilgora txikia eta ilgora handia, artoak ernetzen direnekoa
3.     Loreak ernetzen diren sasoiko ilargia
4.     Galburu bikoitzen ilargia
5.     Uzta aroko ilargia
6.     Pataten ustiaketa eta lurraren atseden ilargia
7.     Lurra birbanatzeko ilargia.
8.     Lurra ereiteko ilargia.
9.     Landatzeko Ilargia
10.                       Ilargiaren festako ilargia.
11.                       Txoriak erein berri dauden lurretatik uxatzeko ilargia.
12.                       Lurrak ureztatzeko ilargia.
·        Gurean ezer gelditzen da?
·        Nolakoa zen; Egu, Eki, Lur eta ilazki jainkotzat zuten gizakien tenorea.
·        Zein haien bizitzeko erritmoa?
·        Ezer gelditzen ote da egunen almazen berria eraikitzeko?

Ez nauzue hizkuntzalari baina larunbatak eta laurden batek antzeko ematen dute neure belarrian. Igan-i, de jarrita, igande ezagun egiten zaidan moduan.

Zer da igotzen dena ordea?
Zeren laurdena alegia?
Nor da EGU eguna eta eguena bereak izateko?
Egun berria ospatzeko?
Nor duk OST? Osteko egunaren, -adarraren, -argiaren, -tartearen eta ostiralen jabe izateko?   

Negua burutzen da neguburuan, uda  burutzen den legez Udaburu goizaldean. Burutik burura doa udan. Burutik burura neguan. Negua omen da hasera, inauste aroa segida. Inauterietan solasean, ama lotan den artean, dibertitzen garenean.

12 eta 13 ilargi. Eguzkiak goia eta behea joten daki.
Hilabeteen izenak
·        Martxoa, Martiuz, Marte erromatarren gerla jainkoa.
·        Apirila zabaltzeko hila.
·        Maiatza Maia jainkosaren izena.
·        Abuztua Augustori noiz hartu genion gustua?  
·        Abendua, garizumarekin nahiko ez eta horra advientoa, gure herria ez da barau egitekoa.

Lagunak ! Frantziak eta Espainiak ez ezik, zeltak, erromatarrek  eta gure lurretik pasa den kristo guztiak baldintzatu du gure egutegia. Horregatik diot Rajoy, Merkel edo Sarkosiren egutegian zirriborroak egitearekin ez dela nahiko, badagoelako non ikertu eta zein haritik tiratu.

Egutegi honi heldu gura dion gizataldeak ordea, lurrari lotuta egon behar du, egungo joera mekanizistetatik urrun. Pentsaera organikoagoa beharko luke,  neurri bako kontsumoa, politika eta jainko bakarra duen sistematik at.
DORO  

martes, 10 de enero de 2012

Edurnezuriren sagarra
Gizakiari lehenengo galdera otu zitzaionez geroztik, kuxkuxero hutsa bihurtu zen. Harrezkero guztiaren zergatia jakin gura du.
Agian …  horregatik datozkit taxurik bako galderarik inozoenak?
 Lehengo egunean esaterako, Disney faktoriako Edurnzuriren ipuina ikusten ari nintzela, “ikusi ezan dut eta ez entzun, entzutea ez baitago modan” sagar gorri desiragarriak, honako galdera hau gomuta arazi zidan.
Nondik dator Edurnezuriren sagarra, zein da bere historia?
Eta zergatik aurki dezaket  Eroskin?
 Badakigu amaordeak, atso errukarriaren  itxuraz mozorroturik agertu eta janarazi ziona.  Baina, non lotu zuen, Carrefur, Lidel, Dia, El corte inglesen?
 Non?
 Eta  garrantzitsuena, nola heldu zen hara?
Batzuentzako, sagarraren kontu hau arketipo sexista hutsa da, edo agian ikur mitikoa. Niri ordea, sagarra bera interesatzen zait, Sagar gorri horren historia.
Ez gara sagarraren antzinaroaz mintzatuko, baina, aurrekari batzuk jakitea komeni da;  Edurnezuri albinoa zela,  amaorde edo ugazamak  ispiluarekin  eztabaidatzen zuela, ipotxak, meatzea nagusiarentzat ustiatu eta agortu ondoren   Evaristorekin rok radikal vasko kantzen ibilitakoak zirela. (Aiho, aiho, aiho al mote a trabajar los enanitos buenos tenemos que currar)  Printzea, berriz ipuinaren azkenean agertzen dela, inork deitu gabe eta berandu, mundu guztia lotan dagoenean, ipotxekin gaupasa egin ondoren.
Jakina denez amaordeak ez zuen sagarra berak fabrikatu, erosi egin zuen. Non ez dago argi. Batzuk Eroskin erosi zuela diote, beste batzuk Carrefurren, nik neuk El corte inglesen izan zela uste dut…  Egia esan berdin dit.
Eta zuei?
Dena dela, Merkatal guneak nekazaritzako elikagaien industria multinazional baten filialari erosi zion kopurutzar izugarrietan, Jakina,  pozoi guztia ez zuen berak jarri! Beste azti batzuen laguntzari ezker, lanik nabarmenena  fabrikatik balio erantzi gisa  zekarren eta. Sagar baten azalean sintetizatutako 35 sustantzia kimiko ezberdin aurki daitezke.
Tumatxa hi! “Zertarako erosi tripiak edo farlopa, merkatal gunean erositako sagar batekin, primerako koktel toxikoa badaukagu astebururako? Baina hori prozesuaren parte bat baino ez da, eta guk, Edurnezuriren sagarraren ezagutzan sakondu gura dugu.
Mota honetako sagarra, beste multinazional batek patentatutako barietatea da. Dakizuen moduan; akatsik bako barietate honek eta kalitate berdineko beste batzuk, bertoko sagar klase kokotsu eta zaharkituak ordezkatzera datoz. Asko kostata baina azkenean, 50 urteren buruan, elikagai freskoen nutrizio balio jaistea lortu dute.  Guzti hau, hasiak hautatzerakoan egindako ikerketa selektibo  serioari ezker; irizpide zuhurrez  honako ezaugarriak hobetsi direlako: hotzetan biltegiratua izateko erresistentzia gaitasuna, forma, itxura eta ageriko usteltzearen atzeratzea. Jakina, legeak baimentzen duen moduan, ezaugarri guzti hauek zapore eta elikagaien gainetik daude.
Jarrai dezagun ordea sagarraren istorioarekin.  Landatu, Edurnezuriren etxetik urrun samar landatu zuten; Alemaniatik urrun bai dago hego Amerika. Ondo garatu zedin ez zuten gastuetan erreparatu, mota guztietako ongarri nitrogenatu,  pestizida eta belar-pozoiz nahastuta erabili ziren, “Benomilo, bromuro de metilo, BHC, captan(fungicida), clordano, clorobenzolato (acraben), cigon,dimentoato,diazimon,dieldrin, difenilamira, 2,4-d (herbicida), endosulfan (tiodan), endrin, etion, gution, lindano, malation, mancozeb,metasistox-R, metoxicloro, metilparation, paraquat (herbicida), paration, fosdrin, fosmet, plictran, servin, sistox, tiodan (endosulfan), toxafeno”   “Rundupek” esaterako eraginkortasun, garantizatua du, ez da alferrik izan Bietnamen erabilitako agente laranjaren osagaien artean efektiboenetarikoa.  
Kalitatea ziurtatzeko, behar haina ur eta petrolio erabili ziren. Ideia bat egiteko, jakin nitrogenoan aberats den tona bat ongarrik,  5 tona petrolio erabiltzen dituela.
Multinazionaleko aztiaren teknikari laguntzaileak azukrea puntuan zegoela esan zuenean batu zuten; berde berdetan. Merkatal zentroko apaletan agertzen den gorri distiratsutik apur bat aldendua. Ez da ahaztu behar bilketa goiztiar egin zela, baian ez dago arazorik, Edurnezuriren amaordea sagarrez hornitzen duen aztiak mirariak egiten ditu. Arinegi ustel ez zedin, beste guztiekin batera, fungizidaz zipriztindu zuen, segidan hozkailuan sartu zuen. Bertan, milioika sagar alerekin batera hilabeteak egin zituen, merkaturatzeko une egokia heldu arte. Nekazal enpresako kanpo merkataritzan adituek une egokia dela esan arte. Nekazal enpresa ekoizlea ospe handiko erakundea da. Garai batean, bertako nekazari natiboenak izandako lurrak ustiatzen dituzte. Egun alogereko eskulana, ugazaba izandako natiboei eskaintzen die soldata urri baten truke.
Eguna joan egunak etorri, merkaturatzeko sasoia heldu zen, sagarrak itsaso zabala zeharkatu zuen itsasontzi frigorifiko erraldoi batean, egun batzuen buruan, Edurnezurirenera heldu zen, iparralde garatuko herriren bateko supermerkatura. Baina sagarrak berde jarraitzen zuen.
.— Ez dago arazorik. — esan zuen elikagaien faktoriako aztiak, eta etileno gasarekin zipriztindu zuen sagarra. Bat batean gorritu zen fruitua!
Gure sagartxoa asko poztu zen ondua (heldua) zela uste izan bai zuen, baina sasi-ontzea baino ez zen izan. Arbolan umotu ez zenez, azukre puntua bai, baina ez zituen itxura berriak agintzen zuen zaporea bermatzeko beste azukre zurgatu.
Baina berdin da, itxura badu behintzat eta aurrena begiekin jaten da. Merkatal gune erraldoiko apalean jarri aurretik, makillatzaileen eskuetatik igaro zen. Hauek argizariz estali zuten, beretzat beren beregi egindako poliestirenozko kutxa plastifikatuan jartzerakoan, dotorean eder eta desiragarri ager zedin jendaurrean. Aitortu behar da, poliestirenoa gizakiak, industria kimikoaren historian sortu duen gairik kutsakor eta degradatzen sailena dela, baina gure sagartxoak kalte kolateral hori baino gehiago merezi du.
Hurrengo egunean, merkatal gure erraldoira. Hantxe jarri zuen apalean, bi asteko kontratua eta sindikatuz gero ordain-sari bakoa kaleratze libreari lotutako hornitzaile andereñoak. Haraxe joan zen erostera Ama-ordea, eta igaliari lozorro kontsumo zalearen edena gehitu ondoren, atso errukarriz mozorrotu eta Edurnerizuriri eraman zion. Gure Edurne oso osokoa denez, poz handiz egin zion koska fruituari, segidan esku zapia hartu behar izan zuen muturra lehortzeko, hain zen urtsua sagarra zeren, kokotxean bera, izuri eta bular arteko erretentxotik sartu bai zitzaion.
Egia esan sagarrak ez zuen zapore handirik, baina itxura bat zuen!
Baina gure Edurnezuri aspaldi dagoenez kontsumismoaren lozorro gozoan murgilduta,  ziplo! Irribarretsu lokartu zen, sagar eder bat musu-truk  jan zuenaren ustean. Printzea heldu zenean eta etzanda ikustean, neskatoak bere buruaz beste egin zuela pentsatu zuen.  Eta hain eder gazte eta lirain ikustean ezin izan zuen samina jasan, Orduan pestizida flaskoa hartu eta…  globalizaio transgenikoak porrotera eraman dituen ameriketako indiar nekazariek euren buruan beste egiteko erabiltzen duten pestizida bera hartu eta …. “
Barka, desbideratzen ari naizela uste dut, hori beste ipuin bat da eta hurrengoan kontatuko dut.
Labur bilduz: Printzeak, pestizida eskuetan eta bere buruaz beste egiteko zorian zegoenean … Twitterreko mezu bati ezker, Edurne hilda barik lotan zegoela jakin zuen. Orduan mingainadun torloju musua eman zion. Edurne itsumustuan esnatu zen eta kolokoiaren biharamuna kentzeko, merkatal gunera joan ziren hektarea bat ohian eta 2.400 litro ur hanburgesa forman jatera MacDonasen.
Eta hortxe bukatzen da sagarraren istorioa. Har, koko eta zizareek ere gura ez duten sagarraren istorioa. Wall Disney, Carrefour eta beste zenbait multinazionali esker ametsetako gure sagara bihurtu dena.
Baina denentzat ez antza: Baso sarriaren erdian, Disneyren kameretatik urrun, Galtzagorri eta Gona-gorri askok, sagarrak, tomateak, artoa, garia, arrosa eta era guztietako ortuariak landatzen dituzte euren hazietatik. Agrokimikorik gabe laboratzen dituzte eta inguruetako merkatuetan saltzen dituzte. Multinazional eta Jauntxo lur-jabeen gainetik, elikadura burujabetza defendatzen dute. Gurea, gauza guztien zergatia jakin gura dugun kuxkuxero galdetsuona.  
Doro
Testu berria da: Francisco Rodríguez  (Grupo Soberanía Alimentaria y Génerro” ko kidearen ideian oinarritutakoa)