Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

viernes, 8 de noviembre de 2013

Ix. Atala
 Errementariarenean
 
Plana egitea erraza da, errementariarengana hurbiltzeko aiko-maika  asmatzea be ez da zaila, konponketa beharrik bada. 


Silverio eta biak Arratsalderako heldu ziren Patxiren errementeriara. Matxura hain zen gauza ez dena zeren konpondu beharreko tresna aurrean jarri ziotenerako hasi  zela Patxi lanean, berriketaldiak iraun zuen denbora iraun zuen konponketak. Bukatutakoan, arratsaldea aurreratua zela eta atsedentzeko sasoia aipatzea otu zitzaion Silveriori, Bezperan erosi berri zuen gurtxinparra goratu eta dastatzera joateko imintzioa egin zuen. Martinek lana aitzakiatzat jarri eta uko egin zion gonbidapenari, Patxik ordea gonbidapena onartu zuen.- GURTXINPARRA!!! Horra abagunea!Edari gurgarria dastatzeko okasioa!.- Hain dira eskasak zeren ez dela Jentil zein jentil erdirik gonbidapenari uko egin  diezaionik.


ZURRUTARENA
Zurrut bat eta zurrut bi
Zurrutaren gozamenean nabil
Zurrut eta zurrut zurrut-plin.
Konturatu orduko txolin
Mihia askatzen denean  berba darit.
Berbak bata bestearen atzean amil.
Amildegi pean dago harkaitza
Neurri bako berba artean akatsa.
Akatsak esan behar ez dena esatean datza.
Halaxe askatu zitzaion antza.
Burua txolindu
Mingaina arindu
Berba mordoiloen artean
Buztin ura aipatu
Burdina uretan gozatu
Burdinak elkar har dezan
Burdin goria, goza buztin uretan
  
 Bide horretatik jakin zuen Martinek, burdina soldatzeko sekretua. Basajaunaren eta Errementariaren jakituria uztartuz egin zuen zerra, eta gaztainondoaren orriari adituz egin zion zerra formako ahoa.

Kontatzen dutenez, Patxi, Martintxoren amarruaz konturatu zenean, kurrika edo matxarda hartu eta zerraren haginak okertu omen zizkion, batzuk alde batera eta beste batzuk bestera, lantresna galtzeko asmoz. Baina hara non kaltea mesede bihurtzen den, horrela taxututako  zerraren ahoak hobeto ebakitzen baitu.

Ordutik ona zerra guztiak egituratu ei dira horrelaxe, oinarrizkoenetik, motozerra edo zenbaki kontroldun zerra zibernetikoenera “CNC”    Holaxe hasi eta horrela darraigu mozten, urratzen, lubakitzen, luberritzen.

Ezkerrak gurariez azkar aspertzen garen izakitxo mizkeak garena. Eta horrelako beta eskaintzen zaionean, basoak urak bezala berea hartzen dakiena. 


Historiaren une honetan ostera, beste hasiera baten gaude. Ezin esan zenbat garren hasiera, sorgin-gurpila da zirkulua, hasi berrientzat beti berria dena, beti hasiera. Uribarrikoentzat aro berri baten hastapena zekarren luberritzeak, jentilen pareko landak “Parekolanda” zein soroek  zekarten garaia. 

Luberritzea ordea ez da soilik arbolak botatzea. Arbolak badu bere zuztarra, ikusi ez arren sendo eusten duen lurpeko adarra, lurra laborez beteko bada epaitondoa orpotik atera beharra. Uda-buruko ilargitan laiaz irauli, lurra hareatu, mokila jo, alperra pasa eta jorratu. Azaroko betearekin batera, erein aurretik jorratu atzera. Aurreko urtean emandako lurra bada berriz, lurgorri utzi, atseden har dezan, lurrak ere behar baitu bere deskantsua.

Negu-burutik Uda-burura mardulduko da  soroa, hasi landareak, hanpatu galburuak.  Uztaileko eguzki galgatan mozten da garia, metatu azaoak eta jo galburuak. Gari metak ageri dira larrain berrian. Uzta ederra bada uztailean.

Zer egin ordea garauarekin? Beste barik antza, ezin daiteke ogirik egin. Garau ederra da hegaztientzako eta hortz sendoez ehotzeko gai den marraskari edo karraskariarentzako.  Gizakiok ordea karraskan gure ordez arituko dena aurkitu beharko, hortzekin ehotzea ez baita guretzako.  


Berriro ere berriketaldia elizatean, inoren kontra berbetan, marmarioak, erostak eta arrantzak mututu ezean alperrik ezer esatea. Oihulari arrantza zaleen eztarriak  urratutakoan, batzarreko animoak baretu ziren, orduan hasi ziren zentzudunen esanak entzuten. Berriro ere goialdera begiratzea aholkatzen zuten eta errekan sartutako etxeen zergatia ulertzen tematu ziren.

Aspalditik begiz jota zuten, erreka bazterreko etxola eta haren gibeleko ur-jauzia. Bolukoa deitzen zioten eraikinari. Misteriotsua gertatzen zitzaien bai lekua eta bai etxea, eguzki bakoa eta umela. Gainera urak gura duenean, hondamendia eragiteko gauza dela jakinda  ez zen ulerterraza , batez ere jentilek erreka arroetarik urrun bizi direnak izanik. Zerk bultzatu zituen Deba Jainkosaren haserrea desafiatzera eta etxea ia uretan murgiltzera. Zein etxe modu zen eraikin hori?


Doro