Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

sábado, 26 de abril de 2014

Gantzua eta balbea (hilak piztu)

Basajauna eta etorkinen liskarrak.

Jakina da jende txikien aldrak, esku ahaldunon parajeotara agertu zirenetik, ostenduta bizi garela basokook, Jentil zaharraren profeziari jarraituz harpeetan. Ikusi ordea, dena dakusagu, batez ere liskarrak, fedea eta justiziaren izena aitzakiatzat hartuta, boterea eta jabetzaren gosez eragindako errietak. Ezagunena, bi mila urteotan “Al-lāh  eta Yahweh” eragin dutena., gaur egun ere, itsura aldaketa batzuk direla bide, bizirik dirauena.

Asko ikusitakoa naiz, halaxe, neure begiz izan dut belaunaldiz belaunaldi ludi zati honetatik jasotako kalapita odoltsuen berri. Kontatzera noana beterrietako lautadetan gertatu zen duela bost edo seiehun urte.

Gantzugailua eta Gantzutzailea

Behin Zaukulanda deritzon parajean, kristauek eta mairuen artean gudu odoltsua izan zen, kristauek lautada guztia utzi zuten musulmanen gorpu eta gorpuzkinez josita. Baina hara non, biharamunean hildako guztiak berpiztu eta zutik zeuden berriro, borrokarako prest. Horrelaxe gertatzen zen aurrez aurre jarduten zuten bakoitzean. Azken gudaldiaren ostean berriz, gazte adoretsu edo agian zoro batek bere burua eskaini zuen arazoa konpontzeko, halaxe hitz egin zuen.

-Gizonak, zuek lo zareten bitartean, neuk zelatatuko dut Zaukulanda eta berpiztu ahala akabatuko ditut guztiak. Ikusiko duzue nola bihar ez dagoen bat ere zutik.

Halaxe egin zuen, intsusa hostotsu eta mardul baten abar artea hautatu zuen ezkutalekutzat, hantxe eseri zen zelatan. Gauerdian, jainko bakar zaleek izaki gaizto guztiak agertzen direla esaten duten sasoian, atso igar ilezuri bat agertu zen gauaren erdian. Atsoak eskuartean buztinezko lapikotzarra zeraman, astiro zihoan, adinak eta lapikoaren astuntasunak oinak narraz ibiltzera behartzen bai zuen. 


Gazteak arretaz jarraitu zuen andrearen ibilbidea, halaxe ikusi zuen hildako gerlari mairuaren alboan makurtzen. Ezin izan zuen ordea zertan zebilen ikusi, gaua bereziki iluna ez zen arren, distantzian ezin zitekeen atsoaren beharlekurik aditu. Halako baten akuilu-gainaz ziztatu izan balute legez jarri zen zutik soldatua. Mutila zur eta lur zegoen, ikusitakoa sinetsi ezinik, une batez ezin izan zuen bere burua suspertu, harik eta atsoak bigarrena gerlaria berpiztu zuen arte. 


Orduantxe konturatu zen zerk ekarri zuen eremu sorgindu hartara. Ezpata bere zorrotik atera eta gorde galduan, mendeku gosez, hirukotearengana heldu eta ia zer zen ez nondik zetorren kontua ohartzeko astirik gabe akabatu zituen hirurak. Batari sama ebaki, besteari sabela alderik aldera zabaldu eta atsoari bihotza sastatu zion, gero ondo hilak zirela ziurtatzeko buruak moztea erabaki zuen, lehen soldatuaren zartada batez moztu zuen, bigarrenaren lepoa mardulagoa ze antza, hiru behar izan zituen eta. Atso iharrarengana heldu zenean, ezpata altxa orduko eskuartean zuen lapikoan erreparatu zuen, estalkia kenduta zeukan eta barruan ukendu koipetsu bat ikus zitekeen. Atsoaren eskuak gantzu hark koipetzen zituen, garbi zegoen beraz eskuartean erabili zuela, zertarako ordea?


Bi mairuen gorpuak miatu zituen, aztarnak ikus zitekeen zaurietan baltsamoaren lorratzak nabaritzen ziren. Lapikoko ore koipetsuak zer ikusia zuela garbi zegoen.- Nola ordea, igurzte hutsak berpizten ote ditu gorpuak.- pentsatu zuen berekiko. Zalantza uxatzeko froga egitea beste modurik ez zegoen. Tentuz, bi atzamar sartu zituen gantzuan eta segidan atsoaren zauria igurtzi zuen, tertzio horretan zabaldu zituen atsoak begiak, mutila andrea bizi berritu zela ohartu zenean, izututa edo, ezpatari eutsi eta emakumea berriz hiltzeko bidea hartu zuen, akabatzera zihoan unean. Andrea mutilari zuzendu eta zera eskatu zion.- Ez nazazu hil arren. Bizirik uzten banauzu ez zara damutuko, gantzugailuaren nondik norakoak azalduko dizkizut eta ahaltsua izango zara. Mutilak, izuaren izuz ez zuen ezer aditu eta ez zion jaramonik egin, sastada bigaz erail zuen atsoa atzera.

Kanpalekura heldu zenean, egindako balentria kontatu zien gudari lagunei beldur kontuak saihestuz, baina, ez zion inork sinetsi. Ahalegindu zen arren alferrik, beraz, frogatzeko modu bakarra euren begiz ikustea zen, norbait hil eta berpiztea. Nor ordea, nor izan zitekeen, berpiztearen hitzaz bere bizia inon eskuetan uzteko prest zegoen txepela? Inor ez! Borondatez behintzat, beraz, erakustaldia bere buruarekin egin beharko zuen. Bera hiltzeko eskatu zien lagunei eta gero sorginaren baltsamoaz igurzteko, horrela frogatuko zuela esandakoa

Lagunek ezetz ia burutik eginda zegoen erantzuten zioten. Mutila ordea ekin eta ekin jarraitzen zuen. Behin eta berriz erregutu arren ordea, alperrik. Hiltzeko eskatu eta ukenduak berpiztuko zuela aldarrikatu arren, ez zuen inor konbentzitu, beraz frogatuko bazuen, bere buruaz beste egitea beste erremediorik ez zitzaion gelditzen. Guztien aurrean inori erreakzionatzeko astirik eman gabe, sabela batetik bestera ebaki zuen. Odol putzu eta tripa esteen erdian izan zuen askena. Bat-patean mututu ziren barre trufa eta isekak. Kide guztiek zurt eginda ikusi zuten nola hartzen zuen azken arnasa. Zalantza handiak izan ziren, nork eskua gantzutan sartu eta igurtziko zion zauria, azkenean, lihozko ehun zati bat hartu, ukendutan sartu eta igurtzi zioten ebakidura, bat-patean zutitu zen gaztea, lehen bezain osasuntsu eta adoretsu. Hori ikusitakoan, gudaroste buruak Zaukulandara joan eta bezperan hildako gudari kristau guztiak berpizteko agindua zuen, halaxe egin zuten, mairuen gorpuak bertan behera utzita eta kristauak onik bueltatu ziren kanpalekura.

Ahalmena eskuetan, borrokek lehen baino krudelago jarraitu zuten, behin eta berriz, aurrez aurre Erregea eta Emirra. Ukenduaren magiak iraun zuen bitartean garaipen handiak izan zituzten kristauek. Azken batailan ordea Erregeren anaiak bizia galdu zuen eta gorpua berpiztera hurbildu zirenean ohartu ziren baltsamo txistil bat baino ez zela gelditzen, batentzako osta osta, erabileraren ondorioz, lapikoko gantzugailua ohartu gabe ahitu bai zen. Dagoeneko ez zen batentzat baino eta bera eskas. Orduan gogoratu zituen gerlari gazteak atsoaren hitzak, eta nola akabatu zuen izuak itsututa. Oraingoan ere, ondorioetan asko pentsa gabe, ukenduaren azken apurra hartu eta erregearen anaia bertan behera utzita, zaldia lau-hankan joan zen Zaukulandaraino, atsoa berriro bizitzara ekartzeko asmoz, koipe mirakulutsua egiten irakats ziezaion. Bizia kendu zion lekura heldu zenean, ez zuen gorpurik aurkitu. Bazter guztiak miatu zituen baina alferrik ezin izan zuen belagilearen hilotzik bistaratu. Hara eta hona zebilela, zelatan egondako gauean ostendu zuen intsusarengana hurbildu zen, haren azpian, begien bistatik kanpo, lurra eragin da nabaritzen zen eta lur pilaren gainean zinginarri bat. Zinginarria lepotik eskegi eta eskuekin aztarrika hasi zen. Hantxe aurkitu zuen atso belagilea. Usteltzen hasitako gorpuari kiratsa zerion arren lurpetik atera eta ukenduaren azken apurrez igurtzi zizkion zauriak. Ezin izan zituen ordea zauri orbain eta haragi bako ustel unea guztiak igurtzi ahal izan, ezta pare bat! Hain zen gutxi gelditzen zena.

Atsoa berpiztu zen ordea, itsura beldurgarriz, haragi erdiak dingilizka eta begi zuloak hutsik, baina zutik. Mutilari hurbildu zitzaion, idunetik eskegita zuen zinginarriaren eske, baina alferrik mutilak ez zion beste barik eman gura izan, ukenduaren sekretuaren truke emango ziola erantzun zion. Atsoak ezetz berandu zela dagoeneko eta ezinezkoa zela, besoa luzatu eta mutikoa samatik heltzen ahalegintzen zenaz batera, ezpata jaso zuen mutilak atsoa hirugarrena aldiz hiltzekotan. Ezpataz jo zuen arren ordea, besoa moztea besterik ez zuen lortu. Dagoeneko mendeku gosez ari zen arima erratu bihurtuta zegoen. Gudari gaztea, ezpata kolpeak alperrekoak zirela konturatu zenean, zinginarriari heldu eta eskumako eskuz estutu zuen belagilearen aurrean..- Zinginarri horri eskumako eskuaz heltzeak salbatu zaitu.- Oihukatu zuen atsoak .- Ezkerrarekin heldu bazenio .... ez zinateke orain hemen izango.

Kanpalekura itzuli zenean, gudalburua zuen zain, sorgina eta ukendua non ziren galdetu zion modu zakarrean, gazteak guztiaren berri eman zion, Nagusiak orduan mutila preso hartzeko agindu zuen, erregeren anaia hiltzea leporatuz. Biharamunean igo zuten urkamendira, atabalen erredoble artean igo zituen eskailerak, eskuak lotuta eta burua estalita. Ezkerreko eskuan zinginarria zeraman atzamar artean ezkutatuta. Soka sama bueltan jarri zion borreroak, atabalariek erredoblea eten zutenean kendu zion oinpetik euskarria eta gaztearen soina, astun erortzera zihoan unean estutu zuen esku ezkerrez zinginarria eta une berean desagertu zen mundu guztiaren bistatik. Ordutik hona omen dabil hara eta hona arima herratuen gisa alderraia, sasoian sasoiko gizakiari, zekenkeriaren eta handi nahitasunen ondorio kaltegarriez ohartzen mundua.


R.M. Azkuek, “Euskaleŕiaren jakintza”
Aramaioko N.Ajuria de Olaetaren ahotik batutakoaren egokitzapena.


Doro