Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

viernes, 31 de diciembre de 2010

Eguzkia Ilargia
eta
Lurra
(Euskaldunon artean zabal diren koplak dioten legez)

KOPLAK
Eguzkia joan da
bere amagana.
Bihar etorriko da
denbora ona bada

Ilargi amandrea
zeruan ze barri?
Zeru goian berriak,
Ez dira onak beti.

Lorentzo haserre ta
Kattalin beldur da.
Kontu honen arrazoia
kontatzera noa.

Berak bakarrik dakien sasoian ele zahar honek dionari aditu zionak kontatutako moduan diotsuet: orduko denboretan, EGUZKIA eta ILARGIA elkarrekin bizi ziran, gaur egungo senar-emazteen antzera, zuzen edo oker ezkonduta baina batera. Agian horregatik, batari Lontxo eta besteari Kattalin deitzea otu zitzaion norbaiti.

Pentsatzekoa da, eguna eta gaua ere nahastean izango zirela, ez bai zegoelako garbi noiz zetorren iluna, ez noiz argia. Hasieran sentsazioak zirraren zirimolan murgildu ziren, koloreak, usaiak mordoilotu eta amodioa berriz nabarmen, gorrotoa nabari eta nabar ugari, arre koloreko zen orduko sasoia.

Halako egun uher batean, hantxe zeuden Eguzki eta Ilargi “ edo Lontzo eta Kattalin esan beharko dugu ba ?”, nork jakin!. Dena dela, hantxe ikus zitezkeen biak goitik behera lurrari begira, ludiko edertasunaz gozatzen. Ikuskizunaren aurrean burua berotu jakon antza eguzkiari, ze… bat batean eta pentsa-pentsa barik hauxe esan bai zion ilargiari. — Ikusten donan. — Ikusten donan Kattalin, zein dotore eta eder dagoen lurra, aditzen ditunan horko baso oparoak, horko erreketako ur etorriak, inguruetako landa zabal eta lur landuak. Ba jakin ezan oka ari dela lurra, oparotasuna dariola, bizitza zabaldu guran, eta hor ikusten donan mirari hori neuri esker dela, neuk lurrari ematen diodan berotasunari esker.

Entzundakoa entzun ostean, sinetsi ezinik, Kattalin albotik begira-begira gelditu zitzaion Lontxori, eta goitik berainoko errepasua egin ostean zera erantzun zion:           — Baina Lontxo! hirea bakarrik ez duk izango meritu guztia ezta? Zeren, munduan, hire bero lehor hori besterik ez balitz, daborduko erreta legoke lur-zoru guztia, eta neu ere hemen nago. Gauetako inontzak, goizaldeetako freskurak eta belar gaineko garoak be zer edo zertan lagunduko du horregatio lurra dotore eta bizirik mantentzen ezta?

Arrazoia duenari bere partea aitortu beharrean, haserretu egin ei zen eguzkia, odolak urtzeko moduan para zela diote, horren beste haserretu zen, eskua bere barrenera sartu eta esku bete txingar gori, gori atera omen zituen bere barrutik,. Txingar goriok, blausta..! aurpegira jaurti zizkion ilargiari, bekokitik kokotxerainoko guztiak erreten zizkiola.

Eta hau sinesten ez badidazu, begira iezaiozu ilargiari zeruan, begiratu bete-bete dagoenean, aditu iezaiozu arretaz ilargi betedun gauean, eder eta biribil ikus daiteken unean, orduan jakingo duzu, han ikusiko dituzu, hantxe dauzkalako aurrean.

Baina hori, beste kontu bat da; gainera, ilargiaren gerizak edo iluntasunen motiboa azaltzeko kontu ugari daude eta ez naiz denak kontatzen hasiko. Ezagutuko dituzu noiz edo noiz, zerua ikustea lortzen duzunean, hodeirik gabeko bako gauean, lurtarrek argiak itzaltzeko duten batean! Baina, kontuak kontu jarrai diezaiogun hariari..!

Kattalinek Lontxo tertzio horretan ikusi zuenean, zurt eginda gelditu zen, jasotakoa sinetsi ezinik,. Erreminak berak baino Lontxoren jarrera ulertezinak atsekabetzen zuen gehiago, halako nahigabeak kraskatu zion bihotza, eta gogoak irauli egin zion barrua. Ez ote zuen pentsatzen zuena esateko eskubiderik?

IGETARGIDXE
Iretargidxek argi eitten dau
zeru altuan bakarrik
zazpi izartxo atzian ditu
zortzigarrena makalik
zazpi mediku ekarri dautsez
bakotxa bera herritik
zazpirak bera ez dautse igerri
zegaitxik dagoan gaixorik

Zortzigarrena ekarri dautse
indie-Madriletatik
zortzigarrenak igarri dautso
atean sartu be ein barik.
Harek igarri, harek igarri
nundik dagoan gaixorik
amore minak baditu honek
errai artean sarturik

Gaur gaberako hilko naz eta
etorri neure gorpura,
neure gorpura zatozenian
begiratuixu zerura
Gaua iluna badozu bere
bajatu zaitez ortura,
han hartuko zuz,
han hartuko zuz
zazpi larrosa eskura.
Zazpi larrosa eskura eta
zortzigarrena mosura
inortxok bere pentsau ez daian
nire lutua dozula.
Arrazoiari eraso gordinaren indarrez erantzute horrek , guztiz okertu zituen orduraino Kattalinek Lontxoz zituen usteak. Une berean erabaki zuen, horrela tratatzen zuen lagunaren ondotik alde egitea.

Beste barik, alde egin zuen Kattalinek,. Hantxe zihoan iluntasunak harturik, gogoa beltz, goibel eta atsekabeturik negar malkoak dariola. Hain sakon oratu zion minak zeren, zauriek eurak baino gehiago mintzen zuen gainerako keria guztiek,: harrokeria, zapalketa, mesprezua, destaina, azken finean bidegabekeriak. Hark azaleratu zizkion matrailean bera izurtzen zituen negar anpuluak, horrek, guzti horrek sakatu zuen Lontxogandik urruntzera eta inoiz ez bueltatzeko moduan gainera. Lontxok ordea, Kattalinen asmoak jakin zituenean, ez zion alde egiten utzi gura izan, bere alboan gura zuen. Horregatik, hasi omen zitzaion segika, hantxe zihoazen biak, ortzian zehar, bata bestearen atzean. Hantxe biak arrapaladan eta astrapalan, bata besteari arrantzaka eta bazter guztiak birrindu beharrean. Egunak bata bestearen atzetik joan ziren, bat, bi, hiru, zazpi, hamar, hamazazpi, hogei, hogei eta zazpi, hogeita bederatzigarren egunean, eguzkiak ilargia eskueran zeukan unean, harrapatu eta berarekin eroango zuela uste zuenean … Dzazt! ilargia zeruan ostendu zitzaion eguzkiari. Eta gure Lontxo guztiz nahastu zen, holakoetan sarri jazotzen jakon moduan. – Non demontre sartu dela ba andre-galera hau?.— zihoen sinetsi ezinik.

Egin ahalak egin arren, ez zuen Kattalinen arrastorik inondik sumatu. Harik eta zazpigarrenean, izuak jota baina jakin gurak sakatuta edo… bestaldetik aurpegia agertu zuen arte. Lehenengotan lotsati, beldurtuta kikuka. Gero, osteko zazpi egunak pasa ahala gero eta handiago gero eta ederrago agertu zen ilazki zeruan, harik eta bete, bete egin arte. Hantxe goian zetzan zerutik eskegita, inoiz baino dotoreago, sekulan baino galantago. Antza Lontxoren erasoak sortutako orbainek moztu beharrean edertu egiten zuten Kattalin.

Horrelaxe ikusi zuen Lontxok, inoizkorik erakargarrien, inoizkorik gustagarrien, inoiz baino tentagarriago eta beran alboan gura zuen, bere ondotik. Atzetik jarraitu zion harrapatu guran, baina oraingoan, hogei hamargarren egunean, azken adarretik heldu behar zion unean, desagertu zitzaion Kattalin berriro, eta oraindik, hortxe dabiltza gaur egun ere, bata bestearen atzetik. Ilgora, Ilargi bete bete, ilbehera eta ilargi barri guztietan. Bata egunez, bero dariola eta bestea gauez, inontza dariola

Horrela banatu ei ziran gaua eta eguna,
holakoa delako geure ludi hau,
beran argi-ilun eta guzti.
Gaua/eguna
argia/iluna
 eki/ilazki
Lorentzo/ Kattalin
andra/gizon
elkarrengandik hain hurbil,
era berean hain urrun.

Begi lausoetatik salto egin eta matrailean behera labandu ziren negar tantek, kokotxa gainditu ostean, iluntasunak ozpinduta ortzian zirenean iziotu eta argitu egin zuten zerua. Horrenbeste negar egin zuen ilargiak zer ortzia argitxoz zipriztindu zuen, hasiera batean bakardadean egon arren, aurrerantzean lagun ugari batu zitzaizkion inguruan gauaren babesean bihotz doilorrengandik urrun.

 (Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak liburuan oinarritutako Moldaketa.)

Doro Zobaran