Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

sábado, 16 de agosto de 2014



Olez aro, Olentzaro


Gabon neska mutil bardiguok, geur be entzutera etorri zari ezta?

Ba adi entzuten badaustazue jakingo dozue!

Negua zan, gerora Jentil moduan ezagutu doguzan kostaldeko euskaldunak, Jatatik Sollubera doazen mendietan zebiltzan egurra ebaitxen, uda aldera ikatza egiteko.

Horretan dabiltzala sortaldetik laino gorri bat ikusi eben, sekula ikusibakoa oskorririk gorriena baino gorriagoa. Zer zan arteztu ezinik leinuko Jentil zaharraine jo eben misterioa argitzekotan.


Agureak, Jata ganera eroateko eskatu eutsien. Tontorrean jarri eben sortaldeko lainoari begira, eta... ikusi ebanean berbok esan ebazan...
.-KIXMI jaio da!

(Kixmik tximinoa esan gura dau jentilen berbakeran, eta Jesus umea ixentzeko erabiltzen da)

.-Kixmi jaio da! Gure aroa akaba da! Botanoixue amildegi honetatik ez dot aro barri horretan bizi gura eta. Zuek barritz, ostondu ondo, Koba, Leixe, putzu-ilun eta harpeetan aroa joan arte. Eta zu. Bai zu! Joant zaitez herritarreri Olez egitera, Kixmi jaio dala eta aro berria datorrela jakiten ematera.


Orduitik ona 2014 urte joandira eta ondiño be, Oles aroan dator Olentzar



         
                                       Harri zopa


Arrati, horixe bai zuen bere grazia: alboka jotzen ibiltzen zan herririk herrik diru edo janaren truke. Baina beti ez da norberak gura dabena lortzen. Astebeteko gosea aldean, esteak erostaka sabelean, eta sosik ez zakelean. Halaxe heldu zan ostatura. Atea joa eta, ostalersak urten eutson. Arratik ia jateko ezer eukan itaundu eutson. Andreak, inguru guztian ezer ez zegoela erantzun.

Arratik orduan: -- Hor errekan ikusi dodazen harri koxkorren antzekoak eukiko dozuz horratio?.- Galdetu eban.

-- Holakoak zenbat gure. Baina, zertarako behar dozuz?--

Arratik.-- Ai andrea, harriokaz, inguruko txirlarik gozoenakaz baino jaki gozoagoa prestatzeko sekretua erakutsiko neukitzu non baneko.

Sukaldera eroan eban eta errekatik, otzara bete harri-koskor ekarri eutsazan. Arratik lapikoa sutan jarri ebanerako hasi zan eskean.

:--Oliorik badau?
Ostalersak, baietz esan eta olioa ekarri eutson.
Berakatzik eta arrautzarik badau? Berakatzak eta arrautzak ekarri eutsozan

Ostalari anderea, negozio berri baten liluran, jakingurak itsututa, guztiari baietz esaten eutson. Arratik laster izan eban berakatz zopa eder bat prest.

Patxadaz jesarri eta dan dana jan eban, harri-koskorrak plater bazterrean utzita.

Ostalersak hori ikusitakoan zera galdetu eutson, ea zergatik uzten zituen harriak jan barik.

Arratik zera erantzun eutson.-- Horrek substantzia emon da gero berton izten dire.



Olasteko gudua

Aditxu lagunok, entzun ondo ele zahar hau.

Konta ebanari entzu neutson moduan, 785. urtean, Abderraman, Kordobako kalifak, Galiako Tolosa eraso eban. atzera bueltan, Auñamendiak Erronkariko aldetik zeharkatzea erabaki eta bidean aurkitzen eban guztia erruki barik suntsitzeari ekin eutson. Errokariarrek inguruetako basoetara jo eben babes bila. Iruñako Fortun Gartzia erregeak hau jakin ebanean laguntzera etorri jaken.

Mairuak, Olastko landatan harrapatu ebezan. Musulamanek zetorkiena ikusi ebenean alde egiten ahalegindu ziren baian alperrik. Naparrek Leireko mendizerra zeharkatu eta Iezako zubian harrapatu zituzten musulmanak Aragoi erreka zeharkatzen. Bertan jo eben erasoa, borrokaldian preso hartu eben Abderraman.

Istorioak diño, gizonak Kordobako kalifagaz ze egin erabakitzen eben bitartean, Sara zeritzon emakume adoretsua, aiztoa eskuetan mairuarengana hurbildu eta bertan sama ebaki eutsola.

Abderramanen burua, altzoan hartuta eroan ei eban herrira. Mairuaren odolak gorriz lohitutako amantala soinean ebala helduzan Erronkariko ibarrera. Herritarrek orduan; emakume honen balentria saritzeko gaineko gona gorria ezarri eutsen Erronkariarren usadiozko soinekoari.







Errotaria astoa eta semean

Munduan beste asko legez, artaburuak oskolez diño atsoaren berbak. Eta artaburua izan behar da holan jokatzeko.

Errotariak asto eder bat eukan, hain ederra ze, diru batzuk poltsaratzeko saltzea erabaki eban.

Bixamonean, Semea, astoa eta hirurak feriarako bidea hartu eben.

Euren bidean doazela, bide bazterrean bi atso aurkitu ebezen barreka, eta zera esaten eben.-- Ganorabakoa izan behar da gero, asto eder bat eduki eta oinez joateko.--
Aittek hori entzun ebanean, semeari asto gainera igotzeko agindu eutson.

Bidean aurrera egin eben, agure bi agertu zirenean zera esanez:-- Ez zara lotsatzen, zu gaztea asto ganean eta aita zaharra oinez. Zelako semie zara zu?.- Semea astotik bajatu eta aittek igon eban.

Aurrerago, mutil gazte bi aurkitu ebezan eta aitteri irainki hasi ziren.-- Azal gogorra eduki behar da gero, zaharra dala ta asto gainean tenpleu tenpleu joateko, semea, oinez arnasarik buelta ezinik doan bitartean. Aittek hori entzundakoan semea asto gainera igo eban..

Biak asto gainean feriarantz doazela, bide bazterrean, ez jake ba agure bat arrantzaka hasten. -- Asto koitxaua. Bi lagun gainean eroan behar. Zer jende-modu zarete zuek astoari holako pagua emateko.
Aita semeek hori entzun ebenean, astotik bajatu, eta bertan feriatik hurbil egoen arbola bateri lotu eben astoa, geidxau neka ez zedin. Zaku bete pentsu be jarri eutsen aurrean bidean galdutako indarrak berreskuratzeko. Aita semeak feriara joan ziren merketariaren bila . Merketariagaz bueltatu zirenean, arbolapean pentsu zaku hutsa baino ez eben aurkitu.

Irakaspenak dio:
Guztien gustua egin gure bozu!
Inor ez duzu egingo zoriontsu.





Gillermo Tell

Ele zaharrak diñon moduan, Gillermo Tell, baleztari aparta zan, azkonak jaurtitzen eukan trebeziak egin eban ospetsu

Baina behin gobernadoreari, plazaren erdian kako baten puntan kapela jartzea bururatu jakon. Kapela horreri, berari, gobernadoreari alegia, zor jakon adeitasunez agurtzeko agindua eman eban. Tell holako kontu barik herrian sartu zanean, ez eban agindurik bete. Gobernadorearen guardiak orduan kapelari sor jakon errespetu adieraso eutson. Tellek hau jakitean zera erantzun eban, -- Errespetua? Nik neuk askatasunari dautsat errespetua!

Segidan atxilotu eta gobernadorearen aurrera eraman eben. Gobernadoreak, heriotza zigorrera kondenatu eban, baina hain tiratzaile ospetsua izanik aukera bat eman eutson. Ezer esan batik gobernadorearen guardiak Tellen semea harrapatu eta sagarra buru gainean ebala plazaren erdian jarri eben. Gero aitari bere burua heriotzatik salbatu gura baeban 50 m tako distantziatik semearen buru gaineko sagarrari tiro egiteko agindu eutson jauntxoak.

Tellek orduan, balezta hartu eta bi azkona eskuratu zituen. Lehenengo azkonagaz aparatu eutson erdi erdian semearen buru gaineko sagarrari. Gobernadoreak hau ikusitakoan zera itaundu eutson: ea zertarako behar eban bigarren askona batergaz nahiko baeban.

Tellek zera erantzun.-- Huts egin izan banu, bigarrena zeure bihotzerako zukeen?

Gobernadoreak hori entzundakoan barriro atxilotzeko agindua eman eban, Tellek alde egitea lortu eban ordea.

Baina, aurrerantzean,gobernadorea bizi zen bitartean ez ebala bakerik izango konturatuta, segada antolatu eta gobernadorea hil eban.

Une horretan zera esan ei eban.-- Lehenengo azkonagaz neure askatasuna lortu dot. Eta bigarrenagaz neure herriarena.



Esne saltzailea

Sarritan egiten eban moduan, esne saltzailea esnez beteriko pegarra burua ebala merkatura zihoan, Betiko bidean egiten eban bitartean txakur ametsetan murgilduta zioan.

Bai.-- zioen berekiko. -- Esne hau hain ona da zeren prezio onean salduko dot.
Saldu ostean, txitak erosiko dodaz.

Txitak, oilanda eta oilandak oilotzen direnean, zenbat gure arrautza edukiko dot merkatuan saltzeko.

Diru asko irabaziko dot eta diruokaz soineko dotorea erosiko dot.
Soineko barriagaz herriko jaietara joango naz.
Mutil guztiak neure atzetik ibiliko dira eta neskak inbiditan.
Seguru errotariaren semea etorriko dana, dantza eske.
Nik lehenegotan berba barik buruegaz ezetz esango dautsat. -- Hori esaten eban bitartean, buruagaz ezetz esateko keinua egin eban, pegarra burutik jausi jakon, ontzia apurtu eta esneak bidean zabaldu jakozan. Halantxe joan jakozan txakur ametsak lurpera.



Gargantua

Mahatserrian. Begoñako errepublika Bilbok jan aurretik, erraldoi bat biz ei zan. Hanka bat Mira floresen eta bestea Ollarganen jarrita, Boluetako antaparetan ura edaten ebana.

Iger-igerrian egoten zan, inguruetako ospakizunetan jan edanak egin eta etxera bueltatzen zanean.

Kontuak atara zelako egarriagaz etortzen zan ze, Ibaizabalek be, beran ur emari eta guzti, astebete behar izaten eban boluetako antapara eta ubideak betetzeko.

Jan da edan barritz, miserikordiako txarriak eta botxiko txikito zaliek baino gehidxau. Atara kontuak zenbat edango eban. Mahatserrikoek be Bakixora etorri behar izaten eben txakolinetan euren kupel eta barrikak bardintzeko. Jan barritz baztarrak Gargantua izena ez eutsen alperrik jarri.

Gargantuari jaten emotea hondamendia zan. Pasatzen zan leku guztietatik, goseak akabatzen eban familia. Eta zer jan aurkitzen ez eban lekuetan umeak bahitu eta eroaten ebazan, ondo gizendu ostean jateko. Bilbo eta inguruetako guraso guztiak izututa bizi ziren umiek ostondu ezinik.

Erraldoi tripazorroaren gehiegikeriakaz aspertuta Bilbotarrak plaza barrian batu ziren zer egin erabakitzeko. Asko eztabaidatu eben baina inori ez jakon ezer bururatzen. Halako baten, Etxaniz zeritzon Bilboko bonbero edo suhiltzaile batek zera esan eban:

.--Hauxe egingo dogu! Ibaizabal udxolakaz (uriola) bete bete datorrenean, Etxebarriko uharkak buztin ur lodiz beteko doguz. Atzera be, bidxamonagaz egarrituta datorrenean, boluetara datozen urak edaten hasten danean, presa askatu eta buztin artean itoko dogu.

Eta halantxe jazo zan, gaupasa eginda zetorren goiz baten, betiko lekuan ahuspez jarrita egarria itotzen egoala, uharka askatu eta basa, lupetz eta buztin ur artean harrapatu eben Gargantua. Uxolaren indarrak buztin bola erraldoia errekan behera Barakadoraino eroan eban. Barakaldoarrek barritz, harrapatu eta bertako labe garaietan egosi eben.



Egositako buztina apurtu ebanean, barruan aho zabalik ahuspez edozer jan eta edateko prest dagoen giza irudi erraldoia agertu zan . Lehenengotan jendeak atzera egin eban bilurtuta, bizirik emoten eban eta... Baina ez, kanpotik gogortuta egoen eta barrua hutsik.

Umeek laster kendu eben beldurra eta konfiantza hartu ahala beragaz olgetan hasi ziren. Erraldoi ume jalearen ahotik sartu ziren eta atzeko zulotik urteten ebela konturatu zirenean, jostailutzat hartu eben, holantxe, munduko txirristarik famatuena bihurtu zan. Sinesten ez badauztazue, joan Bilbora batez be jaietan, joan aste nagusian. Joan edonoiz, non edo han, geur be hantxe ikusiko dozue eta.




Berunezko soldadua

Behin etxeko mutikoari berunezko soldaduak oparitu eutsezan, danak ziren berdin berdinak, bat izan ezik. Berun falta gaitik edo ez eben guztiz bukatu eta hanka bat falta jakon. Baina gure gudaritxoari ez eutson askorik ardura, besteak bezain tente eta harro erakusten eban bere burua.

Alboan, beste opari batzuen artean, hanka baten gainean, neskatila egoan dantzari. Hara esan eban gudaritxoak.- Neskatxa eder hori ni bezala herrena da. Horixe da komeni zaidana. Eta une berean maitemindu zen.

Etxeko mutikoak olgeta bukatu ebanean, soldaduak berriro kutxan sartu zituenean, berunezko soldadu herrena baztertu eta gelako leiho gainean utzi eban. Halako batean zoritxarrak kutxako tapa jaso eta gudaritxoa leihotik kalera jausi zan. Espaloian hara eta hona zebilen euri zaparradak hasi zanean, hantxe aurkitu eben ume batzuk.

Hara berunezko soldadu bat.- esan eban batak- Egin dioezaiogun itsasontzi bat eta jar daigun nabigatzen.- esan eban besteak. Paperezko barkua egin eta ubideko korrontean jarri eben. Errekastoan behera zihoan. Halaxe egin zuen espaloi azpiko estoldak irentsi eban arte.

Ilunetan egin eban ondorengo bidea, aharik eta itsasontzia errekan murgildu zan arte. Paperezkoa zanlez laster desegin zan. Soldadua bertan urperatuta gelditu zan. Han egon zan triste eta errukarri, arrankaria agertu eta iruntsi eban arte. Arrankariaren urdailean bidaiatu eban, arrantzan zebilen batek harrapatu arte. Arrantzaleak arrandegian saldu eban sos batzuen truke. Bertan erosi eta etxera eroan eban neskameak. Afaritako arraina prestatzen dabiltzazela hara non agertzen dan berunezko gudaritxoa.

Mutikoak soldatu herrena ez eban gustuko antza, ze ikusi ebanerako hartu sutera jaurti eban. Umeek alde egin ebenean, hantxe lurrean botata ikusi eban berunezko soldatuak, horrenbeste maite eban neskatila dantzaria. Laster agertu zen neskamea eta gela aireztatzeko leihoa zabaldu eban, haize bolada sartu zan eta dantzari xarmanta airean eroan eban sutara, berunezko gudaritxoaren besoetara. Bertan musuen eta sugarren artea urtu eta bat egin eben biek. Biharamunean ordea, errautsak batzerakoan, erdi erdian ezkata distiratsu bat zeukan berunezko bihotza aurkitu eben.     




Nekazariaren semeak

Munduan beste asko legez, nekazariak bi seme zitxuen. Beti mutur joka ebizenak, astoa zelan txalmatu, egurrak nork moztu, artoa non erein, edozein txikikeria zan errietarako arrazoia. Aittek, horrenbeste harrokeriaz asper, asper eginda, semeen jokabidea arteztu behar ebala eta basora bidali ebazan egurretara. Han be izan zirian elorrioak, nork egurrik hoberenak eta zeinek karga handiena batu.

Etxera buelta zirenean aittek, egur azao ondo lotu eta oso osorik eskuetan hartzeko agindu eutsien. Gero, egur azao hori hartu eta guztiak batera apurtzen ahalegintzeko agin du eutsien. Mutilak ahalegindu ziren arren alferrik, ezin izan eben azaorik apurtu. Orduan egur sorta askatu eta egurrak banan banan apurtzeko agindu eutsien. Semeek agindua bete eta banan banan, egur guztiak erraz erraz txikitu ebezan.

Aittek orduan zera esan eutsien: - Semeak, hauxe da adiarazo gura dautsuedan irakasbidea. Orainarteko legez, banatuta eta alkarri mutur joka bazabiltzate, edonork gaindituko zaituzte. Ekarregaz barritz garaitezinak izango zarie





Hamelingo txilibitaria


Entzunda daukadanez, antzina, Hamelin zeritzon herrian bazter guztiak arratoiz bete ei ziren. Ez zegoen bazterrik patariok agertzen ez zirenik. Herritar guztiak haserre bizian udaletxearen aurrean elkartu ziren konponbide eske. Udal batzarrak zer egin jakin ez eta konponbidea aurkitzen zuenarentzat urrezko ehun txanpon eskaini ebazan.

Handik egun batzuetara agertu zen kanpotar bat agindutako sariaren truke arazoa berak konponduko ebala esanez. Herri osoa poztu zan eta baietz esan eutsien saria berea izango zala arratoiak desager araztea baebazan.

Orduan xakeletik txilibitua atara eta jotzen hasi zan, laster batu ziren arratoi guztiak bere inguruan, jotzen jarraitu eban, arratoi guztiek atzetik jarraitzen eutsen. Ibili eta ibili danak herritik atera eta errekan amildu eta bertan ito ebazan, Herri osoa poztu zan eta festa eder bat antolatu eben Hamelin izurritetik libratu zala ospatzeko.

Biharamunean, kanpotarra bukatutako lanaren saria kobratzera herriratu zanean, Txilibitua jotzeagatik garestiegi ordaintzen ebela eta ez eutsien esandakorik ordaindu gura izan. Txilibitariak haserre bizian alde egin eban.

Handik egun batzuetara agertu zan, atzera be herrian. Plazaren erdian jarri eta Txilibitua jotzen hasi zan, herritarrek barre eta isekak egin eutsiezan, baina astiro astiro herriko umeak Txilibitu jolearen inguruan batzen hasi ziren, laster ume guztiak batu ziren herriko plazan, orduan txilibitaria martxan jarri eta ume guztiak atzetik zituela herritik urten eban, aurrera eta aurrera egin eban ume guztiak atzetik ebazala, mendi aldera eraman zituen inork ezagutzen ez eban leku batera.

Iluntze aldera, gurasoak umeak falta zirela konturatu zirenean ama guztiak farola eskuetan hartuta seme alaben bila atera ziren. Herriko plaza argiontzi dun emakumez bete zan.

Umeak bitartean ardura handi barik txirulariak sartu zituen koban olgetan zebiltzan. Aharik eta gertatzen zenaz konturatu arte, orduan etxerako bidea hartu gura izan eben baina ezin, Halako baten, bila aritu zan ume batek irteera aurkitu eban, orduan banan atera eta Hamelin era bueltatu ziren guztiak onik, herri guztia poztu zan. Txilibitaria berriz ez zuen inork gehiago ikusi.