Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

domingo, 5 de abril de 2015



AGUREA eta ITSASOA


"Kresalak janda nagoela diote, Ea berrogeita hamabost garrenak gezatzen nauen. 

Hegaztien bizitza gurea baino latzagoa da, harrapari sendoena ezik. Zergatik sortu ote dira itsas-enara bezain txori eme eta finak, itsasoa hain ankerra bada? Itsasoa maitetsu eta ederra da. Baina ala ere anker bihurtu daitekek eta bat-batean aserretu. Mokoka ehizan dabiltzan hegazti horiek, beren txio minduekin, emeegiak dituk itsasorako."La mar" esaten dute gazteleraz maite dutenean. Baita hartaz gaizki esaka ari garenean, emakumea bailitzan mintzatzen gatzaizkio. Arrantzale gazteek ordea, ontzia hari-pitak kulubiz hornituta dauzkatenak, tiburoi gibela garesti saltzen zen denboran motordun txalupen jabe egin zirenak, horiek "el" izen-aurreko ipintzen diote, "El mar" esanaz. Hauentzat itsasoa etsaia da, borrokarako tokia. Baina ez, itsasoa emea da, mesedeak eman eta uka ohi dituen anderea. Eta izugarrikeriak egitekotan, beste erremediorik ez dagoelako izaten da. Ilargiak, emakumeari bezalaxe eragiten dio itsasoari.


Berrogeita hamalu egun lar dira hutsik ibiltzeko. Aste bete ur sakonetan eta ez dut ezer arrantzatu. Baina, krezalak jota nagola diotenei enieke arrazoia eman gura. Gaur atungorri eta hegaluzeak dauden tokian geldituko naiz, baliteke artean arrain handiren bat ibiltzea.


Zehatz mantentzen ditut baina, ez daukat zorterik. Nork daki! Behar bada gaur. Egun bakoitza berria da. Ona da zortea edukitze. Baina nik gurago dut zehatza izan. Gero, zortea datorrenean prest aurkituko nau.

Betidanik egin dit min begietan egunsentiko eguzkiak. Baina oraindik sendo daude. Arratsaldean ordea aurrez aurre begira iezaioket itsutu gabe. Arratsaldean indar gehiago du. Baina goizez mingarria da.


Zerbait harrapatu du! Ez begira dabil.

Urraburuak! Urraburu handiak.

Arrain-sarda horrek ihes egin dit. Asagotzen ari dira eta urrunegi doaz. Baina, beharbada arrain galduren bat harrapatuko dut. Nola jakin ordea, bila nabilen arraintzarra inguru horretan dabilen edo ez. Nire arraintzarra nonon egon behar du!


Arrainek, badakite holako lekuetan egoten. Baina marmokok... Itsasoko izakirik faltsuenak dira. Ur zantarra! Dortokak baletoz marmokok jango lituzkete. Jendeak ez du dortoken errukirik hil egiten dituzte eta bihotzak taupadaka jarraitzen du handik ordu bira. “Neuk ere holako bihotza dut, nire eskuak eta oinak beraienen modukoak dira.” Euren arrautzak jaten nituen indarra hartzeko. Maiatz osoan jaten nituen irailean, arrain handien bila joateko. Marrazoen gibel koipea ere kikara bete hartzen nuen egunero. Hantxe zegoen gura zuenarentzat, arrantzale gehienak ez zuten hartzen, zapore nazkagarria du, baina ez da goizean goiz jaikitzea baino okerragoa. Denetarako da ona, katarroa, gripea, baina, batez ere begientzako da ona.

Arrainak berton! Azkarregi ez badoaz harrapatuko ditut, zilar koloreko lepo horiek. Eskerrak hegaztiei, laguntza handia dira.

miércoles, 7 de enero de 2015


Iparraren bila

Ez nintzatekeen sekula honetan jarriko, patuak ez baninduen itsasoko kontuak gai direlarik ikastaro trinkoa burutzera eraman. Sei aste egin ditut paper gainean puntarik punta Gibraltarreko itsasartean. Halaxe ezagutu ditut, Punta Gracia, Punta Paloma, Isla Tarifa, Punta Carnero eta Punta Europa, Guztiak Ur hesiaren alde garatuan.
 

Ur hesiaren beste aldean berriz, garadu bakotzat jotzen den
kontinentean alegia, Espartel itsas-muturra, Punta Malabata,
Punta Alkazar, Punta Cires eta Punta Almina ezagutu ditut.
 

Ikus dezakezuenez puntarik punta diodanean ez da erretorika hutsa.

Orain arte, Trafalgar, eskolan ikasitako zerbait zen, itsas borroka eta itsas mutur baten arteko argirik bako faroa. Itsas-karta berriz, “Master and Commander” pelikulan ikusitako ezena bat. Egizu kontu; iparra bat zelakoan nengoen eta hiru direla jakin dut. Eta horri gutxi iritzita, tokian tokiko urtero aldatzen dela diote.

Halaxe, Afrikatik Europara joan etorrietan nenbilela, neu ere itsas bazterrean bizi naizela konturatu ez naiz ba! Portukoek esaten duten moduan, aldiekuontzat itsasoa Gatzun-aska urdin handi bat baino ez da.




Gau erdiko Matutiekin hasi. Egunsentiko gorespenekin jarraitu. “Primak” gero, “Tertziak edo tarteko ordua ostean, seigarrena eguerdian, “nona” arratsaldean, bezpera eguzkia sartzen ari denean eta osoak gaueko bederatzietan.

Joan etorria inor konturatu gabe egitea zaila baldin bada, hiru orduren buruan egiteak, Hirutasunaren launako kirol froga ematen du. Korrika, igerian, larrutan eta otoitzean.

Fraidea sasoiko dago. Jainkoa eta gizakiaren gogoa, ariman zein haragitan zerbitzatzeko prest. Baina, erakutsirik eman gabekoa izan behar badu, Zein da ordu tarterik egokiena?

Azter dezagun otoitzen ordutegia
00:00 Matutiak, gauerdian
03:00 Goizaldeko gorespenak.“Laudes”
06:00 Lehena “Prima”.
09:00 Hirugarren ordukoak “Tercia”
12:00 Seigarrena, Angelusaren ostean,
15:00 “Nona”.
18:00, Bezperakoa “Vispera”

21:00 Arratseko otoitza “Completas”


3


Ni neu Gauekoren zale sutsua nauzue, beraz, kontatzen dudana neu izanik; protagonista ere neure menpekoa dut. Badakit, diktadore samarra naiz neure pertsonaiekin, aske utzi behar direla dioten iritzien kontra. Baina neurea da eta kitto!! Agatik Matutietatik Gorespenetara dagoen tartea aukeratu dut, tenore horretan uretara must egin dezan, uda zein negu.

Baina bustia ez da lehorra. Eta idiak zapaltzen tuen tokian hemendik hara joateko norabidea jakin behar bada, berdin bisiguaren eremuan.

Norabidea jakitea hil ala biziko kontua da!

Ez da nahiko lehorrerantz uger egitea, aurretiaz kalkuluak egin eta kontuak atera behar dira. Horrez gain hitz egiteko moduak egokitu.

Esaterako, gizakia uretan murgildurik igerian ari denean... nabigatzen ari da?

Zein aldera jo jakiteko, ezker eskuma erabili behar ditu edo ababor eta istribor?
Burua branka eta behatzak txopa al dira?
Sorbaldak amulak eta ipurdi-masailak hegalak?
Galderak hor uzten ditut hodeian zintzilik jakitunen baten argitu arte.
 

Uretara salto egiten duen guztiak, ontziaren babesean zein larrugorritan, daki edo jakin beharko luke, korrontearen jitoak eta haizearen abaildurak eragin erabakigarria dutela jomuga batera edo bestera heltzeko.

Ez da ahaztu behar, gauez zein laino artean, ikusmen urriko egunetan, batez ere lurra ikusten ez denean, orientatu beharra dagoela.

Nola aurkitu bidea? Kostako argiak erabil ditzakegu (lurra bistan bada)

Ipar- izarrak (zerua argi bada). I

Itsas-argien keinuak ere gustagarri dira, Itsas-lamien kantua bezala.

Ipar-orratzak, (Bilatzen duzun iparra zein de jakin ezkero)

Ez dakit fraideak iparrik aurkitu zuen edo ez. Fedearen kontuak misteriotsuak bai dira. Baina, gizarteari adituz ez da mira egitekoa, iparra galduta ibiltzea. Gayak, bere jainko izaera eta guzti ez bai du argitzerik lortu.

Norabidea jakiteko iparra argi behar dela diote. Baina nola jakin?

Ipar geografikoa bat bada,
Ipar magnetikoa beste bat eta
iparrorratza edo imanorratzak hirugarren bat seinalatzen badu?

Arazoa ordea ez da hor geldituko, ez. Uhinen eremuak urtero jasaten du deklinazioa deritzon gainbehera magnetikoa, tokian tokiko ezberdina dena. Iparrorratzak berriz, inguruko tresneriaren eraginez desbideratze jakin bat jasaten du, ontziaren arabera.

Garbi dago lagunak, iparrak ez direla bat, aburuak bat ez diren bezala. Orain ulertzen dut munduaren nora-eza, Iparra non dagoen argitzeko ere ez gara eta

Lekaide maiteminduaren ingurumaria ezagutu ostean, bueltatu gaitezen abiapuntura, aferaren muinera alegia; Fraidearen 180 minutuak kudeatzera.

Jakina da edozein lan burutzeko behar den denbora, ekintza burutzen duenaren prestutasunean oinarritzen dela. Norbanakoak, lana burutzeko erabilitako abiadak zehazten duena.

Lana eta abiada zuzenki proportzionalak izanik zenbat eta denbora gehiago lan gehiago diosku sen onak. Baina lan honek hirugarren aldagai bat du, distantzia, hau da: Izaroko puntu jakin batetik, fraideak must egiten zuen lekutik alegia, Lamiaranera dagoen tartea, “milatan” itsasoan bai gaude.

Hondarretara heldu ostean berriz, oinez egin behar du, maitalearen oherainokoa distantzia, metroetan neurtua. (Anglosajoniarrak ez garen lehortarrontzat metroa delako ohi dugun neurtzeko modua.)

Gutxi gora-behera kalkulatzen ibili ondoren Itsas tarteari dagokionez, Izaroko fraideak eta biok baino ez dakigun Lamiarango gune horretara itsas milia bat (1) dago. Itsas milia diot, lehorrekoak eta itsasokoak ez bai dira berdinak ezta Ingelesentzat ere. Lehorrean ordea, 500m inguru egin beharko ditu oinez frailekiak.

Hona hemen, planteatzen dudan buruhaustea :
Demagun gure eliz-gizona, saildua eta sasoiko dagoela. Ondorioz, 2 korapilo orduko abiadan uger egiteko gai dela.

Itsasoa herriko igerilekua balitz; tartea, abiadagatik zatituz eta joan etorrian eman beharreko denbora jakingo genuke. Baina itsasoa hezi eta hesirik bako denez ezin berdin jokatu.

Historiak dioskulako dakigu, amoranteak, maitearen etxeko leihoan jarritako argiarekin lerrokatuz aurkitzen zuela hondartza ezkuturainoko bidea.

Bai ezta?
Ezagutzen duzue istorioa ezta?

Barkatu nazazue, Izaroko fraide-gai maiteminduaren istorioa mundu guztiak ezagutuko balu bezala ari naiz kontatzen eta agian baten batek ez du ezer jakingo.

Ezetz diostazu? Zuk ez duzula ezagutzen.

Sentitzen dut, barkatu nire atrebentzia, baina estatuko irla zinematografikoena izanik Izaro, ele zaharra ere mundu guztiak ezagutzen zuelakoan nengoen.

Horrela ez bada, aurrera egin orduko kontatuko dizuet. Hori bai, neure bertsioa, kontalariarena.
 

Koka dezagun istorioa: 1596ko irailaren 1ean, Itsaslapurrez osatutako 14 ontzi Bermeo aurrean agertu ziren egunean. Hiria erasotzeko asmoa zekarten. Gontzalek, Uharteko oinordekoak erasoaren berri izan zuenean,400 soldadurekin joan zen Bermeo babestera. Itsas lapurrek uste baino gotorkiago defendatua zela jabetu zirenean, amore eman eta alde egitea erabaki zuten. Ontzietariko batek ordea, ez zuen esku-utzik alde egin gura izan antza, taldetik aldendu eta bere kontura Izaro eraso bai zuen. Uharteko Gontzalek urrunetik ikusi zuen erasoa, ezin ezer egin ordea, lehorrean indartsu agertu arren, ez zuen trebezia berdinik itsasoan, ezin beraz komentua defendatu, ezin izaro ez hango bizilagunik babestu. Itsas lapurrek ordea gehiegikeriatan jarraitzen zuten, esaten dute elizako irudiak suntsitu ondoren, harrapatu zituzten fraideak biluzik dantzatzera behartu zituztela.

Uharteko Gontzalen kezkak bi ziren bata, aurreko urtean gurasoen enpeinuz, eskolak ikasi eta elizarekikoak egiteko Bermeoko frantziskotarren komentura bidalitako seme gaztea eta itsas-lapurrek hangoak bukatu ostean ez ote ziren Bermeo erasotzera oldartuko.

Egoera hartan zer egin zezakeen Uharteko jaunak? Arrantza, kabotaje edo merkantzia garraioan aritutako marinelek, ezer gutxi itsas borrokan saildutako marinelen aurka. Guda gizonak berriz estimu handian zituen modu inozoan galtzeko. Irtenbidea aurkitu nahian hara zer otu zitzaion Ahaide nagusiari.

Bermeotik Mundakara bidean dago Lamiaran, hantxe lamia toki hartan bizi zen Taraska zeritzon Neskato amultsua. Afektibitatea alokairuan ematen jaioa, Sorlekuaren izena on egiten zuena, Lamien izena goi goian uzten zekiena. 6

Danok dakigu zein kaltegarriak diren lamiak. nola erasotzen dituzten gizonezkoak. Jakina baita, lamien kantuei so gelditzen den arrak burua galtzen duela eta bere senera bueltatzen denean ez duela jakiten non izan den ez zer egin duen. Ba Taraskaren dohainez baliatuz,aloka zezakeen amodio guztia erosi eta irlara bidali zuen.

Bertan eman zuen hurrengoa gaua eta eguna, marinel lapurrekin joko lizunetan, une horretan, Tarasakaren joko erotikoek ar guztian bere gorputz oparotik zintzilik zeuden unean eraso zuen Uharteko Gontzalek komentua, ez-uztean harrapatu zituzten piratak, diotenez hies aldian norabidea galdu eta Lamiarango harkaitzen kontra galdu omen ziren La Rocheleko itsas lapurrak.

Jasotako guztia ez zen oharkabean joan Uharteko Jaunaren seme Fraide-gaiarentzat. Emakumearen zabuka segailek, aldaka borobil limurien xarma, ezpain gurien desirak eta begi txundigarriek. Gaztearen oroimenenean itsatsi eta ametsetako gai bihurtu arte.Halaxe, erasoaren zauriak sendatu orduko hasi ziren fraide gaztearen Lamiaranerainoko Igerialdiak, eguneroko joan etorriak.

Dabilenari gertatzen zaio,eta horrenbeste joan etorri ezin luzaro gorde. Azkenean etxekoneko neskatoa konturatu zen. Ilargi bete dun gau sargoritsu batean, leihotik itsasaldera begira zegoela ikusi zuen gaztearen isla ilazkik argitutako ilunean. Bihotzak salto egin zion bularrean, senak eta haizeak fraidearen sunda zekarkion, horrenbeste maite zuen gaztearen usaina.- Zer egiten zuen ordea, emagaldu haren etxean sartzen? Ezetz pentsatu zuen berekiko, ezin zitekeela. Bai ordea, biharamunean beren-beregi zelatatu eta jakin zuen egia. Nola izan zitekeen? Santa Katalina egunean, meza erasotzen zuen fraide gai gaztea, Uharteko Jaunaren semea,itsas- lapur andana gonapetik pasarazten zuen urdangarekin harremanetan! Zentzugabekeria horrek ez zuen aurrera egingo bera han zen bitartean. Halaxe agertu zitzaion bidera, kontuak eske eta behere bihotza eskaintzen.

Gazteak goitik behera erreparatu eta kasurik ere egin gabe joan zen amorantearengana.

Kontzek: horrela bai zeritzon etxekoneko neskatilari,amorruak janda, bekatu haragikoi harekin bukatuko zuela hitz emana zuen, lotsagabekeriarekin bukatuko zuela. Halaxe jakin zuen fraide lizunari bidea erakusten zion argiaren berri. Gauero, Taraskaren leihoan jarritako argiontziak bere arrazoia ageri zuen.

Luzaro itxaron behar izan zuen,egun aproposaren zain. Azkenean, Kantauri itsasartea harrotuta ageri zen gauen. Fraidea gidatzen zuen argia lekuz aldatu zuen, beti bezala ikusteko moduan jarri zuen. Fraide gazteak halako konturik gabe, itsas pikeak eskatzen zituen neurri guztiak zainduz lerrokatu zuen itsas bidea, garbi zekien non zen arriskua bina lau olatuk ez zioten maitearekin egoteko plazera galaraziko. Konfiantza osoz egin zuen igeri,herioren argiak erakusten zion lekurantz, okerraz konturatu zenerako berandu zen hondartzatxoan barik haitzetan aurkitu zuen bere burua, dagoeneko berandu zen norabidea zuzentzeko, gainera olatuak harkaitzen kontra bortizki jotzen ari ziren eta erresakak haien kontra tiratzen zuen. Besterik gabe hantxe galdu zen fraide gai gaztea Murgoako haitzen kontra.

Haren gorpurik ez zen sekula agertu eta handik lasterrera, Itsas lapurrak menderatu zituen emakume heroia ere desagertu omen zen, esker-txarrekoen esamesei esker. Batzuk diote, Uharteko jaunaren haserreari iheska elkarrekin joan zirela eta erbestean bizi direla. Beste batzuk,Emakume ezin izan zuela jasan, herritarren jokabide lukurra eta bere buruaz beste egin zuela. Eta badago esaten duenik, Ilargi beltzdun gauetan, Kantauri harrotzen bada bi maitaleen alaruak entzuten direla.



Ona istorioaren bertsio bat, garbi uzten duena itsasoan kontuak ondo egiteak duen garrantzia, eta argi puntu egokian jartzeak duen garrantzian jabetu gara, baina, behe-lainoak Izarotik Oizera Oka arroa miazkatzen duenean ez da ezer ikusten. Beraz, nola jakin norantz igeri egin?

Aurrean esandako guztiak kontutan izanda, ikuspen urriarekin ere norabidea aurki dezakegu. Uretan murgildu eta batera ordea, bi lagun berri agertzen dira, doana eta datorrena, kontutan izan ezean lekutara eramango gaituztenak.

Argitzeko: doana aipatzen dudanean korronteaz ari naiz eta datorrena aipatzean haizearen abiadaz.

Batak, haizeak alegia, zenbat abailduko gaituen diosku eta besteak, korronteak zenbat deribatuko gaituen. Bi aldagaiok aurkitu ondoren iparrarekiko esandakoaz erkatuz, Fraidearen itsas-kartan norabide zehatza trazatzeko moduan egongo gara.
 

Honaino heldu den irakurlea/ entzulea dagoeneko fraidearen libidoak Kantauriko uretan disolbatuko zirela uste izango du. Txorta-aldi bakoitzean holako kalkuluetan ibili beharrak edozein atzeratzeko modukoa bai da.

Batek baino gehiagok pentsatuko du, esperientzi dun itsas-txakurrak ez dutela holako kalkulurik egiten behar, ofizioak eta senak erakusten bai dio bidea. Gainera denbora kalkulatzerakoan estimak izaten bai dira ohiko.

Gure lagunak ordea zehatza izan behar du ezin duelako komentutik ez arinago irten ez beranduago heldu. Gainera norabidea argiak erakusten dionez, inoren eskuetan uzten du bere patua. Minutu erdi desbideratzea bizitza eta heriotzaren arteko kontua izan daiteke.

Jar dezagun adibide praktikoa:

Demagun ekainaren 12a dela, San Antonio bezpera gauean, matutien ostean, Izaroko bitakora erlojuak 00:00 markatzen duen orduan egiten duela salto uretara frantziskotarrak. Baldintzak ondokoak direlarik:

Igeri egiteko benetako norabidea 232º takoa.
Iparrizarrarekiko desbideratzea 357ºtakoa
Ipar mendebaletik datorren haizeak 3º abailtzen du,
Itsasgora izanik, estuario barrurantz doan korrontea 3 korapilokoa da.
 

Kalkula ezazu iparrorratzak norantz seinalatu behar duen, igerilariak haitzetan buka ez dezan.

Eta istorio honetan garrantzitsuena, sorreratik burua berotzen didana kontu bera izanik: kalkula ezazu zehatz, helburua lortuz gero,..... zenbat denbora gelditzen zaion Fraideari larrutan egiteko.

Elementuekin ari garenean, norbera da borrokatzen duena, Baina, esan dudan moduan, Itsas-argi eta ikurrei dagokionez besteen menpe gaude. Argia non kokatu, noiz piztu eta itzali ez bai dago gure esku. Horrexek akabatu omen zuen fraidearen

arnasa, bekaizkeriak, maitearekin lerrokatzen zuen argia lekuz aldatu zuenean.

Itsas-argia ikustean pozez betetzen zaio barrena marinelari, etxerako bidea handixik dela fede osoz sinesten duelako. Baina ez. Gaur ez dago bide zuzenik. Itsasbidea galduta, oharkabean doa igerilaria, lehorra babesten duten itsas hegiko haitz zorrotzetan galtzera.

Doro