Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

lunes, 28 de abril de 2014

       IZARO


Kantauriko urek inguratzen dute Izaro, Uraibaiko itsasadarrak Oka errekaren urak ahoratzen dituen tokian. Matxitxako eta Ogoño Itsas muturren artean, batzuentzat Mundakako erreka dena, beste batzuentzat Gernikako erridxue da; dena dela hantxe da irtetera edo sartzera doanaren zelatari, laguntzeko jite onez dabilena eta arbuiatzeko makur datorrena.

Larruzko potin eta enbor bakarrez egindako bateletatik egungo motordun txalupetaraino, lagun eta etsaien joan etorri ugari ikusi ditu Izarok. Erromatarren Portuondotik Foruara zenbat “ratis” eta “scapha” igo eta bajatuko ziren, merkaturako gaiez beterik. Vikingoak ordea, Izarok ekaitzetik salbatu zituenak onean ala gaizto ibili ziren?




Izaro gotor lekua dela ez dago zalantzarik, batzuetan etsaiengandik babesteko, beste batzuetan galduari, arriskuan dagoenari laguntza eskaintzeko eta sarri, isolatzeko, gaixo kutsagarriak urruntzeko. Edo jaikoari gorputz eta arimak eskaintzeko. Horren ustea dute historialari batzuk, zera iradokitzen dutenean. - Aurretiaz inon jasoa geratu ez den arre, ermita bat edo agian gaixo kutsagarriak zaintzeko lazareto edo ospitalea zegoen Izaron.- Frogatuta dagoena ordea zera da: 1422 geroztik, frantziskotarren komentua lekutu zela bertan 1719rarte , hamarren bat fraide hartzen zituena. Halaxe iraun zuen, ekaitz eraso eta errege erregina kalamitate guztien gainetik; Enrrike IV. “Fernado el Catolico” “Isabel la Catolilica”, bakoitza beran aldetik jakina, badakizue “tanto monta monta tanto”. Azken hau berriz, Ixabel diot, Izaroko komentua bisitatzera eraman onen zuten, hara heldutakoan, egin behar zuen bidearen traza ikusi zuenean, ez zuela igoko esan omen zuen, ganorazko mailadia egiten ez zen bitartean, eta berak eman omago zuela dirua. Hara! Berak bai bai eman zuen, baina geure patrikatik. Eskailerok egin egin ziren, gaur egun ere ikusi daitezke hondakinak, Baina Ixabel ez zen sekula etorri.

Gertaerak aipatze hasita ordea, “Sir Francis Drakek” pirata edo kortsarioarena kontatzea komeni da; istorioak dionaren arabera, 1596ko urtarrilaren 28an Portobelon hil ondoren, handik zazpi hilabetetara, 1596ko irailean, hugonote aldra baten buruzagi agertu eta izaro eraso zuen.




Jakintsuen arabera, jazarleen benetako asmoa Bermeo erasotzea omen zen, baina Bermeotarrek, inguruko herrietara laguntza eske jo eta borrokarako gertu aurkitu zituzten. Arerioak, ez omen ziren erasoa jotzen ausartu, horregatik jipoitu omen zuten Izaroko komentua eta horregatik dantzatu zituzten biluzik fraideak. Baina bermeotarrak ez ziren lasaitu. Pirata, Kortsario, Hugonote edo dena delako enparaua, berrindartu ondoren herriaren kontra oldartuko zirela uste izan zuten. Historia formalak dioenez, Ugarteko Gontzalek gertatutakoaren berri izan zuenean, 400 gizon armatu bildu omen zituen uhartea erasotzeko. Ez ziren ordea, beste barik erasoa joten ausartzen, orduan, laztanak saltzetik bizi ziren emakumeetariko profesionalik profesionalarengana jo zuten laguntza eske. Halaxe joan zen iluntze aldera bakar bakarrik emakume xarmant hura izaroko uhartera, Ugarteko jauna egiten ausartzen ez zena egitera. Gaua festa batean igaro zen, jan, jo eta edan franko, afektibotasuna non nahi alokatuz. Biharamunean, gau amultsuaren ostean, alokatutako laztanez ase, erasotzaileak ez ziren ezertarako gauza, orduan ekin zion Ugarteko Gontzalek, uhartea berreskuratzeko lanari, baita lortu ere, etsaia aldentzea lortu zuten.


Ordutik hona omen dago Bermeon, bermeotarra denak dakien tokian, emagalduari egindako monumentua. Bermeora bazoaz galdetu eta esango dizute, izen eta guzti gainera. Ez dakidana ordea zera da, nik kontatutakoa edo aldaeraren bat kontatuko dizuten.


Fraide, hugonote, pirata, kortsario, errege eta jauntxoen interes eta lege estuen gainetik, gertatzen dira gauzak munduan, handikien kalapitak baino gusturago entzuten dira bestelakoen kontu arruntak.


Otoitz, gurtza, seineru eta talaiari lanetan joaten zitzaien debora Izarokoei, arrantzaleen mesedetan eta kaioen kalterako, uharte mortu hartan mundutik legoa erdira, ur gaziz inguraturik. Hamarren bat zirela esan dut, baina berdin izan zitezkeen fraidearen dozena. Eta guztien artean, etxe oneko fraidegai gaztea, ama jainkojale baten gogoz eta jauntxo lizun baten utzikeriaz jainkoaren mesedetan ostrazismora kondenatua, ezkongetza hitza emanagatik eme sundak aztoratzen duena.

Ez dakit nola ez non ezagutu zuen, bat batean elkar gustatu ziren edo luzaz aritu behar izan zuten, xarma jolasetan, baina hagitz konplikatua izan zelakoan nago. Baina bihotzeko kontuetan nork aurki lezake muga? Hori bai munduaren begietatik kanpo jostatzera kondenatuak zeuden, eta munduaren begietatik kanpo omen dabiltza gauekoak, horregatik hautatu zuten amodio jostetan aritzeko Gauekoren erresuma.




Neskatoa nongotarra zen, istorioa kontatzen duenaren pribilegioa da, Ibarrangelukoa, Antzorakoa, Elantxobekoa, Berneo, Mundakarra edo Abiñakoa izan daiteke. Nik neuk, Lamiaranen bizi zela diot Hondartza auzoan Ugarrarri gainean. Gainalde hartatik aurrez aurre ikusten da Izaro eta alde batetik bestera itsasadarraren bokalea. Ezaugarri hortaz baliatzen ziren maitaleak eta kontatzen dutenez, gauaren estalpeaz baliaturik, neskatilak gauero jartzen zuen kriseilua etxeko leiho jakin abatean, Fraide gazteak hura ikustean, bidea libre zuela jakin zezan eta zein zen gau mutuan igerian egin behar zuen nora bidea. Horrela elkartzen ziren, aukera zuten guztietan, neskak argia jarri, fraideak uretra salto egin eta igerian igarotzen zuen legoa erdiko distantzia argiak markatutako norabidetik. Gaua bere maitearekin pasa ondoren, bueltako bidea egiten zuen gainontzeko fraideak esnatu aurretik.



Isilpeko gau amultsuak ugaritu zirten heinean, ugaritu ziren deskuiduak eta deskubrituak izateko aukerak. Halaxe izan zuen neskatilaren ahizpa nagusiak erromantzearen berri. Ez zitzaion bat ere gustatu kontua, batez ere ahizpa txikiaren amorantea, fraidea, etxe oneko aiton-seme izendatu baten semea zela jakin zuenean. Ezaugarri guztiak zituen, Gaztea, ederra, aberatsa. .-Ah zelako pagotxa mostratxa harena!- zioen, bekaizkeriak loa galarazten zion. Zelatan ematen zuen gaua, halaxe jakin zuen leihoan jartzen zuen kriseiluaren, itsas argien gisara gidatzen zuela gaztea, etxepeko hondartza aurki zezan, arriskutik salbu itsas harkaitz artean gal ez zedin.


Hastapeneko bisitaldiak, epe luzeetan tartekatzen ziren arren, dagoeneko sarriago gertatzen ziren, gau erdia uretra salto eta igerian egiten zuen, Izarotik Lamiarago hondartzatxorainoko bidaia, ordu erdi inguru ematen zituen zeharkaldi bakoitzeko markatutako norabidetik desbideratu gabe, Harkaitzetan bortizki apurtzen diren olatuetatik onik.


Bisitak sarriago gertatzen hasi zirenean, piztu zen susmoaren txinparta eta bekaizkeriak barrena jan ahala, sendotu zen zaharrenaren azpi jokoa. Jelosia aholkulari eskasa da, sakon hartua zuen ahizpa nagusiaren bihotza ez zuen inondik inora gaztearen suerte,- ez zen bidezko nagusienari zegokion lehenengo ezkontzea- pentsatzen zuen. Beraz, gizatasuna eta jainkoaren legeen kontrako lizunkeriak bukatu beha zuten. Horregatik, olatuek bekaldeko harkaitzetan sendo jotzen zuten gau batean, Itsas argiarena egiten zuen kriseiluak fraidearen bisita iragarri zion. Egiten zuen eguraldiari adituz eta behealdeko olatuen burrunbak entzuna da, kriseilua leihoan ikusi zuenean, gehiago areagotu zitzaion erasotzeko gogoa, ez bait zen normala itsaso zatar hartan sano dagoen inor igerian aritzea. Gau hartan ahizpa txikiaren eta etxekoengandik ezkutuan Kriseilua lekuz aldatu zuen. Gazteak, konfiantza osoz egin zuen uretara salto, besakada luzeekin ari zen igerian, heltzeko gogo nabariaz ..... Baina, konturatu gabe, argiaren kokapen berriak norabidea aldatu zion gazteari eta betiko lekura barik harkaitzen kontra eraman zuen. Eguraldi eta itsaso zakarrak akabatu zuen fraidea.




Halaxe galdu omen zen etxe oneko fraide gai gaztea eta ez omen zuten bere gorpurik inoiz aurkitu. Handik lasterrera neskatila urira bidali zuten gurasoek, handiki batzuen etxean zerbitzari lanetara. Urtebeteren buruan ordea, neskatila ere aldendu eta desagertu egin zen. Nora ordea?

Batzuk diote elkarrekin egin zutela ihes, beste batzuk bere buruaz beste egin zuela. Bada komenturen batean ikusi dutela dionik eta ez da falta zirrien baloreak saltzen dituela dionik. Baina istorioa bukatzera doan legez, garrantzitsuena nire aburuz, dagoen edo dauden lekuan daudela zoriontsu izatea. Neuk eperrak jan ditzadan.

Doro Zobaran