Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

miércoles, 9 de abril de 2014


Gernikako Batzarretxean

Bost dira mendiak, bost gailurretan suak, bostetan adar soinuak. halaxe batzen ziren Bizkaitxarrak Busturialdera, Lumopeko arbolapera. Gernikako- Lumoko batzarretxeko batzarretara.

Ez dakitzut noiz ez zertarako batu ziren esaten, baina ez zen edozertarako izango, egun bat eta bi baino gehiago iraun bai zuen batzarrak, gainera Gernika eta inguruko ostatuak ahaldunez, jakin-gose eta kontakatiluez bete bai ziren. Dena dela, bileraren garrantzia handia izanda ere, jasotakoa testuinguruz hornitzeko baino ez du balio, gizakion jitea azalaraziz, hiribildu eta lur-lauetako biztanleen arteko dema zaharra beste behin azalarazteko.

Esan dudan moduan, bilera zegoen deitua Gernikako batzarretxean. Goizerdi ingururako noraino haraino bete zen hautetsiz eta jakin-guraz batzar aretoa. Zadorlaria (idazkaria) Mundakarekin hasi eta ordezkariak banan banan, deitzen zituen hurrenez-hurren, hemeretzigarrenera heldu zenean Mendexa deitu zuen, Bere lekutik, Mendidxako Piela edo alkatea, gaur egun esagun den moduan, altxatu eta mahai burura hurbildu zen. Eskua kolkora sartu zuen, Lea aldeko ordezkari zela adierazten zuen agiriaren bila. Horretan dabilela, arto zati bat era hiru sagar gaza erori zitzaizkion lurrera.

Gure Pielak, ez zuen keinu ez erosta txikiena ere egin, makurtu, arto opila eta sagarrak kolkora itzuli eta hara zer esan zuen.

Hemen da Maria gureak
niri gertaturiko gosaria.
Hiru sagar gazamin
ta arto-zatia

Barre zantzoak entzun ziren aretoan, euskaldun, euskaldun motz eta hara batutako autubatzaile guztien barrenetik. Bai jaunak, batzarkide guztiak, inon kalteari barreka. Egun izan bazen bideoz de primeran aterako zuten munduak barre egin zezan.

Lehenengo eguneko lanak bukatu eta Mendexako Piela (alkatea), Munitibar aldeko lagun batek Gernikan zuen ostatura bidea hartu zuen, bertan lekua hartzeko asmoz, hiribildura joan behar zuen guztietan egiten zuen moduan. Ez zuen ostaturainoko bidea bakarik egin ordea, ahaldun eta kuxkuxero andanak jarraitu zion bertaraino inoren konturako burlak batzar osteko ilunabarra alaituko zuelakoan. Munitxibarkoaren ostatuko tabernan batu ziren, jan edanean. Holakoetan gerta ohi den moduan, trago batzuen ostean jendea txolintzen hasten da eta errespetu bako ausardikeria gailentzen da. Halaxe, baten bati Mendixari adarra jotzea otu zitzaion.

.-Mendexa.- esan zion batek.- Azken egunen, zuk eskupeko ederra emango diozu ostalariari!!
.- Lea aldeko Pielak zera erantzun zion.- Bakoitzak ahal duena emango du.

Baina, handi iritziren bat adarra jotzen hasiz gero, bestea menpeko ikusita erraz aurkitzen ditu jarraitzaileak, halxe egin zuen hurrengoak.
.-Mendidxa.- zirautsan beste batek.- Bilbon gatzari arrak egiten omen zaizkio, zuk jakingo dozu zelan kendu al zaizkion.
.- Bai horixe.- erantzun zion Medidxakoak.- Inoiz kumerik egin bako mandemearen esnearekin. Urak, zetaka eta lohiak daramatzan moduan daramatza mandemearen esneak gatz-arrok.



Hau entzundakoan, ahaldun eta hara batutako batzuk elkarri begira hasi ziren, euren kolkorako ausnartu arren, aurpegian nabaritzen zitzaien ez zeudela seguru nor nori ari zitzaion harpa jotzen.


Beti egoten da ordea, zeharka esandakoez ohartzen ez den argi-bakoren bat, eta zirriparrarekin jarraitzeko asmoz edo, badinotso.

.-Mendidxa, zuen parajeotan ez al dago zu baino burutsuagorik?

.- Bai eta ez gutxi gainera.- erantzun zuen gure Pielak.- Baina haiek ardura handiagoko zereginak zuzendu behar dituzte. Eta zuengana neu bidali naute, hain gutxi balio dudan gauzaeza.

Entzundakoa berdindu ondoren, inozoena ere konturatu zen, aurrerantzean, baserritar ahaldunarengana beste errespetu batekin zuzentzen hasi ziren.

Azken egunean, Medidxa, isilean hurbildu zitzaion lagunari, ostatuko ugazabari alegia eta zera esan zion.

.- Hi Kosme ekarzak hamaseiko bat, heure onerako izango duk eta.

(Urrezko txanpon zaharra, hamasei ogerlekoren baliokoa. Hamaseikoa diru kopuru handia zen, zeren diotenez, lehenagoko otsein baten urteko soldata izaten zen. (soineko eta oinetakoak aparte).

Kosmek ondo ezagutzen zuen zuen Mendexa, ezertariko azalpen barik luzatu zion urreko txanpona. Goizean zehar batzarrarekiko kontuak egin eta bukatutzat jo ondoren, Mundu guztia joan zen bakoitza bere ostatura hangoak egin kontuak garbitu eta etxeratzeko asmoz. Bazkal ostean Munitxibartarraren ostatuan, Mendxa ordaintzera zihoan unean mundu guztia zegoen adi, zenbat emango eta zuen jakiteko.

Leako Piela, etxandereari zuzendu eta kontua eskatu zion, baserriko edonork ondo bai daki diru kontuak etxeko andrearenak direna, gizon poltserua etxe batean kontu eskasa baita. Honek lau zuri eta marabedirainoko kontua aurkeztu zio. Mendexak, bidezko den moduak ordaindu zion. Ostean katanarrutik hamaseiko gorri gorria atera (egungo hirurogeita hamar euro inguru) eta hots zoli zolia eragin zion mahai gainean, hango guztiek ondo ikusteko modua, ondoko berbak gaineratuz.

Ona hemen nire eskupekoa. Gizon jakintsu, aberats eta apain hauek gehiago emango dizute. Bekorotz arteko lora hau ez da gehiagora heltzen.

Ikustekoak izan ziren hango aurpegierak, baina lotsaren lotsez guztiek eman zuten eskupekoa.