Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

miércoles, 16 de octubre de 2013

VI. atala
Martintxo eta Basajauna
   
Amarruz lortutako sekretua
 Jende txikiak lortu zituen lurrak, eraiki elizak eta baseliza, baina laborerik ez, ez ziren nekazal lanetan jaioak. Ez zuten lurrik lantzen, ez garirik ez artorik ereiten. Beraz, ezin ogirik jan, ez  talorik ez morokilik. Goi herriko jaunek ordea, artzaintzaz  ez eze, laborea erein eta uzta-batzeko sekretua ezagutzen zuten, baina ez zioten inori irakasten, ongi gordetako sekretuak ziren; batez ere gariarena. 

Martintxoren leinukoek ostera fedetik bizi ziren, jainkoak hornitzen zuenetik jaten zuten, han eta hemen; zegoen lekuetan biltzetik. Urte hartan ordea, jainkoak ez zuen jaramon handirik egin antza, zeren ohiko hornitegiak antzu ageri bai ziren, krisiak jota edo, oinarrizko elikagaiak falta ziren.  Basajaunak eta Jentil herriko orok ordea, bazuten zer jan. Ogirik behintzat ez zitzaien falta.

Martintxori tripa-zorriak ugaritu zitzaizkionean hasi zen goi-herrira begira. – Kankailu horiek asko dakite gero! — Pentsatu zuen. — Berdin dira artzain zein nekazari. Harritzen nauena ostera, laborea ekoizten duten trebezia da, batez ere garia ekoizteko duten abilezia; ikastea komeni zaidala uste dut. — Zioen berekiko.

 Aspalditik begiz jota zuen Basajaunaren gari soroa, baina sekula ez egunotako probetxuz.  Beraz fardeltxoa sorbaldan hartu eta abiatu zen Goierrirantz. Heldu zenean Jentilak oturuntza ederrean aurkitu zituen; ospakizuna ematen zuen, tremes, pamitxa era guztietako talo eta opilak ikusten ziren mahai gainetan.

Uda-buruko ospakizunak ziren urteko jairik izendatuena, hau da: eguna zahartzen eta gaua berritzen hasten den aro magikoa. Martin Basajaunarenera heldu zenean, begiak parez pare eta ahoa zabalik gelditu zen,  labetik harako ogi zuri biribil egin berriak ikusi zituenean, txikerrari ahoa adurretan urtu eta urdailean zorriak kilikatzen hasi zitzaizkion. Basajaunarengana jo zuen zuzen, zuzen eta asmoa azaldu zion. — Jaun ikastera etorri naiz. — adierazi zio erraldoiari. — Garia behar dugu, lurra lantzen ikasi gura dut, behe aldeko gosea baretzeko.
Irakatsiko niekek Martin, ikasitakoan jakituriaren erabilera egokia egingo duzunaren konfiantza banu. — Argi tu zion Basajaunak mutikoari. – Urteotan elkarren berri izateko denbora izan ditiagu, eta ze esatea gurok ba … Gure jendeak ez du zuenganako iritzi onik.

.— Baina hori ez duk izan sekula oztopo trukean aritzeko, ondo onartzen dituzue  ba … guk bildutako fruituak, eztiak eta arrantzatutako itsaskiak aitzakiarik gabe.

.— Bai, arrazoia daukak Martin. — Erantzun zion Basajaunak. — baina hik eskatzen dukeana, urte askotako lana eta jakituria duk, eta horretan ez nauk ni bakarrik, belaunaldiz belaunaldi leinuaren jakituria osoa zegok hor eta ezin diat nik erabaki.

Gaztea ez zen isilik egotekoa eta berbaldiaz jarraitu zuen. – Gure jakiak ere ez dira kosta bakoak, urte askotako lanaren ondorio dira eta ez ditiagu gordetzen sekretuan!

 .— Bilketa aspaldi gainditutako modua da guretzat. — Erantzun zuen Basajaunak. — Guk uzta eta uztaldiak menderatzen ditugu. Horregatik dago zer jana gurean, berezkoak huts egiten duenean. Hara gelditu hadi bazkaltzen eta emango ditiagu, ogi biribil, eta tremes batzuk behera eman ditzazun.

Martinek, umil baina irmo adierazi zion, emango ziona ez zela beharra asetzeko haina eta borondate ona eskertzen zuen arren, ez zituela hartuko, guztientzako ezean, mesede baino kalte gehiago eragingo zuelako. Halaxe bueltatu zen Martintxo esku hutsik.

Egunak joan hala egoera ez zen hobetu eta Jentilen errukiak ez zuen arazoa konpontzen, gainera, jende txikiaren herri bilduetan elkarbizitza aztoratzen zuen uste berria ari zen predikatzaileen  ahotan bueltaka. “Jainkoaren oinordekotza” hain zuzen ere, berak hautatutakoak izanik eskubide osoak zituztela zer predikua. Munduan zen ororen gainetik zegoela jainko bakarrean sinesten zuen gizakia. Eta ludian diren Izaki guztiak ahalguztidunak gizonaren menpe jarritakoak direla alegia. — Nola egon zitekeen orduan, sinesmen bako basati atzerakoi batzuen eskuetan Jaun Goikoaren jakituri hain garrantzitsua?.— bolo, bolo zebilen galdera zen, argudio maltzurrek elikatzen zutena.

Giroa nahasten ari zen. Martintxok, dena konplikatu aurretik goitarrak  jakinaren gainean jartzera igotzea erabaki zuen. Marmarioak istilu bilakatu aurretik Basajaunarekin berba egin eta arazoaz hausnartzera gonbidatu gura zuen. Bihozkadak  ordea, bidaia alperrekoa izango zela adierazten zion. Zer egin beraz, sekretuaz jabetzeko?

Barrena beltz eta goialdea irribarretsu kontraesanetan murgildurik egin zuen Martintxo Goi-herrirako bidea. Eguerdi aldera heldu zen, Basajauna, gainontzeko jentilekin batera larrainean aurkitu zuen aurtengo gariak joten. Ekar agurtu ostean, taldetik banatu ziren enbarazu barik berba egiteko.

 Jaun. — Hasi zen Martintxo. — Kezkatuta nator, behe aldean entzuten diren kontuekin. Makilak eskuan, fede bakoen kontra etortzeko predikatzen ari dira gure gidariak. Zuen jakituria elkar banatu ezean gorriak ikusiko ditiagu.

.— Mehatxatzera zatoz Martin. — Erantzun zuen piper B. Jaunak. — Ez dut uste zuekin txarto portatu garenik, amarru guztien gainetik lagundu zaituztegu eta orain be laguntzeko prest gaude.

.— Mehatxua ez da nire asmoa, badakizu. Baina oraingoan laguntze hutsarekin ez direla konformatuko uste dut isilpekoa jakin gura dute. Ogia jainkoak emandako eskubidea dela argudiatzen dute predikuek “Sakratua” Kristok asken afarian bedeinkatutakoa eta hori ezin dugula inondik inora fede bako deabru gurtzaileen eskutik hartu diote.

.— Iraintzera etorri haiz? Hi ez hago burutik sano!

.— Ezetz ba B. Jaun! Abisatzera nator, egoeraz jabetu zaitezen. Istiluak ekiditeko.

.— Ez dizut ezer bermatzen. — erantzun zion Basajaunek. — Baina batzarrean zure eskarian berba egingo dudala hitz ematen dizut. Orain goazen jatera, gari-jotak direla eta oturuntza ederra egingo diagu eta.

Bazkaria ederra eta ugaria izan zen, Jentilen neurrikoa, giroa alai eta baikorra, uzta uste baino ederragoa izan bai zen. Martintxok ordea, alperreko bidai egin zuela sentitzen zuen, Ogia okela eta baratzetako jakiak eroan arren ez zituen leinukoak baretuko ez zuten limosnarik nahi. Garia eta sekretua gura zuten kosta ala kosta. Zerbait bururatu ezean biharamunak gorri argituko zuen. Buruari bueltaka, hara zer otu zitzaion Martin txikerrari. Basajauna desafiatzea! Baina lasai, bazkal ostean munduan den jokorik inozoenean lehiatzeko zirikatuko zuen Basajauna, sagardoak, pattarrak eta ttinttinparrak giroa txolintzen zuenean.

Esku bete hitz-asperturen ostean jaurti zion txantxa moduan. –  Hi Basajaun! Nola konpontze haiz hi, luzetarako saltoan?.

.— Hi baino hobeto kakanarru!.— Erantzun zion barre zantzoen artean.

.— Hara kankailu. Baietz nik gari meta hori gainetik salta eta hi baino urrunago erori.

.— Hago isilik, nire urrats bat hire dozena erdi dituk eta … Salto erdi nahiko ditiat hik baino urrunago joateko eta.

.— Ez txikirik gaitzetsi. Biziak eta arinak gaituk guk, nerbio bizikoak, jauzi egin ezkero airean hegan egiten dakigu.

.— Har, hara, hara ez ezak ahokadarik jaurti!  Nire seme txikiak ere hik baino garbiago saltatuko luke gari meta hori eta!

.— Jakina hi ez haizelako ausartzen. Barregarri gelditzeko beldur haiz.

Eztabaidaren berotasuna gora zihoan eta ingurukoak ere desafioaz ohartu zirenean, zirikatzen hasi ziren. Jai bukaerarako ez zen plan txarra desafioa, Jentilen jokorako zaletasuna kontutan hartzen badugu, primerako plana. Bero, bero egin da, laster ziren prest bi lehiakideak, zotz egin eta Basajaunari egokitu zitzaion lehenengo saltoa egitea. Abiada hartu eta egin zuen salto. Erraz gainditu zuen gari meta, espero zen moduan.

Martintxo ordea, beroketa eta harrokeriazko luzatze, parizta eta imintzio batzuk gora bera abiada hartu eta egin zuen jauzi. Salto eskasagorik ordea, Martin bere abarka handi polaina eta guzti, gari metaren erdi erdian erori zen. Han izan ziren, han, bare-zantzoak, adarjotzeak eta algarak. Jaiak ezin izan zuen bukaera hoberik, festa alaia benetan apustu eta guzti. Arratsalde aldera agurtu ziren bi lagunak, elkar laguntzeko hitza eta bostekoa luzatu ondoren.

Basajauna bakarrik gelditu zenean ordea, desafioarekin gogoratu eta irribarre egin zuen. — Nola bururatu ote zitzaion txikiari bera, leinuko saltaririk hoberena desafiatzea?.—  Berriro ere ezin izan zion barreari eutsi. Basandereak senarra bakarrik barreka ikusi zuenean, zera itaundu zion. — Zertan   habil Jaun bakarrik barreka. Kontaidak biok barre egin dezagun.

.— Martintxoren ganoraz barreka ari nauk Andrea, baina, dena dela arratsalde ederra pasa diagu. – Argitu zion emazteari.

Basandereak ordea ez zuen barrerik egin, serio eta goia beltz baino beltzago begiratu zion senarrari eta ustea adierazi. — Gizona … kontu hori ez diat garbi ikusten. Dema horrek ez dauka ez astarik ez buztanik. Jasotakoari buruan bueltaka ari naun eta ezin diat desafioaren zergatia ulertu.

.— Ez iezaion buelta handirik eman andrea. Badakin bazkal osteko kontu ... – Hitza eztarrian trabatu zitzaion Basajaunari, orduantxe konturatu zen Martintxoren  benetako asmoez. Madarikatua. — oihukatu zuen. — azkenean ere lapurtu dit.

.— Lapurtu! Ze da lapurtu dizuna? Inork ez dut ezer eroaten ikusi, hemen ez da ezer falta.

.— Jakina! Harrapakina, abarka eta polaina barruetan zeramalako!

.— Zer zelan? Non diok!

.— Gari aleak lapurtu dituela, metaren erdian erori denean, horixe diot!  Desafioaren helburua begi bistan gari aleak lapurtzeko amarrua baino ez da izan eta.

.— Esaten nuen nik ba … .— Aitortu zuen Basandereak . —  Ikusi dudanerako pentsatu dut …  Zertarako demontre jantzi ote ditu Martintxok, bere neurriz kanpoko abarka eta polainok? Garbi dago, behealdeko txiker horrek berriro ere engainatu zaitu Jaun. Noiz eskarmenta behar duzu?

Engainuaz ohartu eta Basanderearen zirikadak sutu zuen Basajauna. Emandako hitza bertan behera utzi, esku emate eta losintxak madarikatu eta aizkora eskuan hartuta atzetik jarraitu zion mutiko amarru zaleari. Dagoeneko ordea urrun ikusi zuen, ezin izango zuen etxera orduko harrapatu. Eskuan zeraman aizkora jaso eta jaurti zion, buruaren erdi erdian aparatuko zuen, zoritxarrak edo zorionak, erreminta, parean egokitu zitzaion gaztainondoaren  gerrian jo eta hantxe tenkatuta gelditu izan ez balitz. Holantxe salbatu zuen Martintxo larrua Basajaunaren amorrutik. 

Mutikoa Beterriko hiri bildura heldu zenerako, ilunkara zegoen arratsaldea, halan da guztiz ere herritar guztiak deitu zituen elizatera eta lortutakoaren berri emateko, jendearen egonezina lehen bai lehen baretzeko asmoz. Abarka eta polainak erantzita eta gari aleak jarri zituen bilera mahaiaren gainean. – Hemen duzue nahi zenutena lagunak hauxe da basajaunek isilean gordetzen duten sekretua. Ez dago beraz liskarretan jarraitzeko motiborik.

.— Eta zer duk hori.- Galdetu zuen batek.

.— Garia. — erantzun zuen Martintxok. — Basajaunak ogia egiteko erabiltzen duen lehengaia.

.— Eskutada horrekin zenbat opil egiteko asmoa duk mutiko? .— komentatu  zuen maltzurki baten batek. 

 Arrazoia zuen, herritarrak kopuru horrekin ez zegoen zer eginik, esku betek ez zuen ezta opil bat egiteko emango. Zer egin orduan herritarrak baretzeko?

Martintxok, orduan,  ahozabalen marmarrak ekidin eta predikatzaileei arrazoia kentzeko, askorik pentsa gabe Basajaunari entzundakoa errepikatu zuen. – Ba erein egingo diagu datorren urtean gehiago izan dezagun.

Erein. — Galdetu zuen beste batek. — Zer da ereitea?

.— Ekarri ditudanak hasiak dira, lurrean jarriz gero datorren urtean ugarituko direnak..— Azaldu zuen mutikoak. 

.— Eta urte bete gehiago egon beharko ote dugu gosete eta gabeziak jasaten … gaineratu zuen. — arazoa areagotzea komeni zitzaion baten batek.

Eta hori egia izanda ere, nork daki noiz erein eta batzen den garia?.— Gaineratu zuen herriko zaharrenak.

Mundu guztiak elkarri begiratu zion, erantzunaren bila, inork ez zuen konponbiderik ordea. Jakitekotan Goi herritarrek jakingo zuten. Hara jo beharko zuten berriro. Zelan oredea? Berriro ere konfiantza zapuztuta zuten jentilengana hurbiltzea ez zen erraza izango. Modu zibilizatuan ez behintzat.

Ez zuten ez arazoa bere hala konponduko, ezer lortzekotan beste bide bat jorratu beharra zegoen. Zein ordea? Nola jakin Basajaunaren isilpeko sekretuaren sekretua? 

Noiz erein eta noiz batzen da garia?


Doro