Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

miércoles, 14 de noviembre de 2012

Huntz orri kolorez jantzitako Dama


Ontsu hilda Gregoridxo, etxekoneko mutilzaharra. Xelebre hutsa, edo orain esaten dan legez “friki”parrandero, kontulari, jan edanerako lagun aparta eta  ondrabatzailea fina  inon bada. Kipulak baino azal gehiago eukazan eta ez zan erraza haren barrena ezagutzea. Nork esango ete eustan,  kipula-azalen lurrun narritagarrien artean gordetako istorio sinesgaitzak, gatibatuko ninduenik.  

Beran kontu xelebre guztien artean harrigarriena, kalendarioan lau urterik behin baino existitzen  ez den egunean, gari zorroa hartu eta  uriko merkatura egiten eban  bidaia zan. Zaldia txalmatu, bi gari zorro otzaratan zamatu eta joaten zan. 

Ze burutaziok eroaten ete eban, etxekoneko mutilzaharra Uri handira taxu haregaz XXI. Mendean? Luzaroan ibili nintzen esamesetan murgilduta aharik eta Kandido; neure osaba oker ezkonduaren ahotik; istorioa ezagutu neban arte. Gregoridxon antzean; parrandero, kontakatilu hutsa da gure osaba, aitxik ixengo zoazen hain lagun. Hara bi biko! Edo esaera zaharrak dioen moduan Ah ze parea! Karakola eta barea! Osaba  Kandidok berak diñoez, ameriketan ezkondu ei zan, Nik neuk ez dautsat neska lagunik ezagutu, alogereko harreman amultsuetatik aparte.  

Gure osaba ez da sekula mutu egotekoa izan, arosnabar zale hutsa, auzoko kontu piperren zalea. Hara zer kontatuko eta! Gregoridxoren, atabut  aurrean tanatorioko giro malenkoniatsuari eutsi ezinak sakatuta edo. .

Osabarentzat  zoria txarra zein ona, danak dira txolintzeko une aproposak, lagunaren zerraldoaren aurrean  barritz obligaziñoa, tanatorioko gorpurik zoriontsuena izango zala lagunari berbea emonda eukan eta. Halantxe egon behar beraz,  konta ebana kontatzeko . Ez zan ostera bakarra taxu haretan zegoena,  bestiok be parean egon behar kontatutakoa, aho zabalik ez eze, oso osoan sinesteko prest agertu ginelako.

Osabak beran abots lakartuaz esan ebanentz: gazte lerdena eta eperdikara zan Gregoridxo. Halako egun egon ezin baten, beran arrotik harantzago egoan mundua ezagutu gura ebala otu jakon. Udagodxen goiz baten, zaldiari manta, txalma eta arrio guztiak jarri, biderako jan edana zorroratu eta handik eta hemendik batutako diruekaz , abiatu zan uria ezagutzera.

 Urten,  urten eban. Baina, ez zan zuzen joan, urlia bisitatu, berendiarenean jan eta sandiarenean zurrut, Urira heldu zanerako janda eukazan, eroandako balioen  hiru laurenak.. Handik aurrerakoa ezagutu gura baeban,  ez zen poltsikokoaren pentsura izango, txakurrandi bat be ez eukan partikeran eta.  Etxera bueltatu gura  ez baeban zer edo zer egin beharko eban. Holantxe erabaki eban urian beharraren bila hastea. Egia esan edozertarako zan presta gure Gregoridxo, laster aspertzen zan arren. Horrela ba, labore edo zerealak saltzen ebazan biltegi batean aurkitu eban urian bertan beharra.

Udagoienaren azkenetan, feria handia egiten da urian gaur be. Almazenaren ugazabak, barritz, holako okasioetan, uriko plaza barrian salmenta postua jartzen eban eta urte haretan, Gregoridxori emon eutsan postuaren ardura, zekale, olo, arto, artoa, artaxiki,garagar, Erdi erdian ostera, Gaztelako larrainetan jotako garirik mardulenak jarri ebazan mundu guztiaren bistan.

Eroslearen zain egoala, huntz orri kolorez jantzitako dama gazte galant bat urreratu eta zera itaundu eutson.— Mutiko. Segan dira trabes jotako gariok?

Gregoridxok, neskatilaren begi berdeei bistarik kendu barik, zera erantzun eutson; trabes pentsatutako erantzuna. — Hamazortzian saldu gura dodaz! Baina, zuri hamabostian emongo dautsudaz. Eta… hamabostian gura ez badozuz…, laztantxu baten trukian.


Halako proposamen lizuna ez ezagun baten ahotan, edozein neskatila izutzeko edo sumintzeko modukoa izan leiken arren, zirrara kilikagarria bihurtu zan antza dontzeilaren belarrietan, erantzunari erreparatu ezkero.—Kontratu, hori, leku sekretu eta sasoi egokian esan bazeustan, gariak eta zeu ta neu be, ondo konponduko ginen.—Erantzun eutsan, ezpain guriak miazkatzen zituen bitartean.

Erantzunak ezustean harrapatu eban Gregoridxo, eta berbarik buelta orduko desagertu zan neskatoa. Hurrengo egunean be leku berean para zan neskatoaren zain, baina inor ez zan agertu. Hantxe emon ebazan hurrengo egunak, txakurre paradan egoten dan legez, huntz orriaren berdez jantzitako damaren zain, baina alperrik.

Urirainoko munduaz konformatu zen antza Gregoridxo; edo Dama begi berdea agertuko ez zela konbentzitu zanean munduak ez ebala merezi erabaki,  ze aste bete garrenean etxerako bidea hartu eban.

Bidaiaren berri zehatzik ez du sekula euki, Kandidok lagun gisa zer edo zer gehiago ekien, baina harek be geuze gutxi. Osteko kontuaz ostera  bai, ondo antzean ezagutzen eban eta ezagutzen ez ebana asmatu egingo eban seguru.

.— Aratuste sasoia izango zan. Gari-soroan galburuak ondo erne ziran jakin guran, larrainera joan zan Gregoridxo.  Osin alboko txabolan lanabesak itxi eta osteratxoa egin eutson arloari, dana ondo egoala ziurtatzeko.

Arratsalde aldera, soloko galburu berdeei begira egoan artean, aurreko udagoienean  uriko kalean izandako berbaldia etor jakon burura, eta osinaren alboko harri losaren ganean  jarri eta buru belarri aritu zan haren gomutan. Jardunaren oroitzapenak luze iraun eban antza, aharik eta gaulendiak hartu arte. Ilundu ebala konturatu zanean,  Taxabolan bertan lo egitea erabaki eban. Ez zan lehenengo biderra, lekua une bakarti gogoetatsuetan bakarrik egoteko prestatu zala ikusten zan. Gazta zati ederbat eta esku bete intxaur txakolin botilagaz batera iruntzi eta gero, Mikelak gomendatutako bedarrakaz presta eban lotara joan aurreko edari beroa, txabolako atalasean jesarri zan, katilu beroa eskuetan ebala eta begirada mundu honetatik urrundu .  Gauerdirako oroitzapenak ahaire bihurtu jakozan buruan antza eta soinu eztarrian,. Ahopeka , isilean kantetan hasi zan.

………….(Gariak saltzen hagin artean kanta)

Halako baten! Ahots epel batek berba egin eutson.—Doinu malenkoniatsua darizu ahotik mutil!— Buruari jira eta nor edo nor sumatu  eban osineko basaikoaren orpoan jesarrita, adats gorrimin luzea urre gorrizko orraziaz orrazten. Ahotsaren epelak bihotza zoroen pare taupadaka jarri eutson eta huntz orri koloreko soinekoa basikoaren adarretik eskegita ikusterakoan ezagutu eban,. Neskatilaren soin biluziak barritz, nirnir eragin eutson begietan eta korapiloa sabelpean. Zeozer esan gura eta ezin. Nondik agertu ote zan dontzeila osinera?


.—Zer dala eta kantatzen dozu hain triste?.—galdetu eutsan neskatilak, huntz orri koloreko soinekoa basikoaren adarretik hartzen eban bitartean. Gregoridxok ezin eban sinestu.— Halako neskatoa ezin leike mundu honetakoa izan.— pentsatu eban, eta beldurrez, azalpenak eskatzen hasi jakon. Neskatoak mutilaren beldurrak uxatzeko zera esan eutson.— Nekazari gaztea. Ez dozu ikusten ez dautsudala minik emango, zatoz eta behinola batak besteari emandako berba beteko dogu, sasoia urreratzen dan biartean.

 Gau haretan hartu eben alkar. Gregoridxok, dardarka baina emeki emeki zeta finez egineiko soinekoa kendu eutson dontzeilari. Beran  ehunpetik barritz, haragi zuri leuna agertu zan gosagarri. Elkar laztandu eben emaro, Aho beteko titi borobilak eta kana laurdeneko gerria mutilaren eskuarterako. Eta belarri girgilak dontzeilaren hagin artearako. Ipurdi masailek atximurka gozoen artean dantzatzen eben bitartean. Miazka, musu, laztan eta fereken artean pasa jaken gaua, oilarrak kukurruku egin eban arte.

Aurrerantzean galburuen sasoia zaintzeko aitzakiagaz egunero itzultzen zen Gregoridxo Osineko txabolara, eta gauero lez, bertan aurkitzen eban Dana begi berde gazte xarmanta.

Gau batean, txabolatik kanpo, soroko galburuei ahopeka kantuan topa eban Hilariok neskatoa .—Zein ahots goxoa duzun.—esan eutsan mutilak— xuxurlatzen ari zaren doinu hori kantatuko bazeust nire bidxotzaren taupadek zure kantuarekin bat egingo leukie eta aldi berean dantzatu. Hain xarmangarria zara…!

.—Ez dut zuretzat kantatu gura.—Erantzun eutsan neskatilak.—Orain ez behintzat ez da sasoia eta

.—Zergatik?.—Galdetu eban harrituta mutilak.—Ez nauzu maite ala?

.—Horrexegatik. Orain maitatzeko sasoia dalako. Eraiteko garaian ezin da igalirik batu. Eta ez nazazu tentatu. Maitatu gaitezen berriro.— Eta gau hartan ere aurrekoen grina berarekin egin zuten…

Baina mutilak, behin eta berriz erregutzen eutsan. Hain temati jarri zan ze, askenean neskatilak, sasoia baino arinau kanta arazazotzen baeutsan ondorioak jasateko prest egon behar ebala esan eutsan. Atzera eingo ebalakoan. Baina kia, mutilak ekin eta ekin.
Kantua izaki bizia erne ostean, mundura agertu eta hasten zan bitartean kanta ezkero bakarrik zala mesedegarri gaineratu eutsan. Baina alperrik. Berak be kanta eutsala eskatu eutsanean, eta ez zala ezer jazo, Beraz, bidezkoa zela berak be bardin egitea.

Hain inguratuta sentitu eban bere burua dontzeilak ze; Kalterako izango zela jakin arren, eta kaltearen tamaina neurtzeko gai sentitzen ez zen arren, kantatzean deliberatu eban. Baina kantuan hasi orduko, ohetik jagi, atea zabaldu eta txabolaz kanpo begiratu eban. Gero etxe barruari ekin eutsan.

.—Zergatik zaude hain urduri?.—galdetu eutsan mutilak irribarretsu

.— Inor ez dagoela ziurtatu behar dot.— Eta etxolako bazter guztiak arakatzen jarraitu eban.

.—Noren beldur zara?.— Itaundu eban barriro mutilak.

.— “Munduratzen den numen oro da gizakien beldur”.— esan eutsan inok ez entzuteko moduan eta ohe aldera hurbildu zan.

.—Eta zergatik ez zara nire beldur?.— ahapeka Gregoridxok.

.—Zeuk munduratu nauzulako eta sortzen lagundu dauztasulako ez naz zure beldur. Baina erne bakoari kantatze honek arduratzen nau, zer jazo leiken ez dakidalako.— Eta kantua xuxurlatzen hasi zan. Emeki, leun, urruneko uren zurrumurruaren antzera.

Harrapariak ezin dauz entzun,
gatibu honen gau kantak.
Maitearengandik bana ez nadin,
gaulendiaren inontzak.

Maitasun mina agertze bada,
sasoian datorrenean.
Landara legez loratuko da,
aro onak dinonean.

Sasoitik kanpo ernetzen bada,
eutsiezinaren  gurari.
Ernal orduan oldartuz gero.
Zoria zein den, nork daki?

Kantua bukatutakoan zera esan eutsan.—Alde egin behar dot. Galburuak horitzen doaz eta gari jotak izango dira laster. Ezin dut hemen jarraitu.

.— Gari jotak? Leukutan dagozak gari jotak! Ez dun arazoa.— erantzun eutson mutilak.— Berdin jarraitu leikegu gaur be oilarrak kukurruku egin arte elkar gozatzen. Zeuk gura baduzu!

.— Nik neuk gura dot, baina, zu zeuk ez antza.—jaurti eban neskak piper.

.—Zelan pentsa leikezu hori. Maite zaitut eta nigaz gelditzea gura dot!.—mutilak minduta.

.—Eztau antzik! zeure ekin horrek, sasoia orduko kanta arazo daust. Horrek, ertaroa denborak baino lehen etorriko dala aurten esan gura dau, daborduko hasi dirala igaliak heltzen eta ernaldiak burutzen. Beraz, joan beharra daukat gari arloa horitu baino lehen.— Eta atetik urten eban.

Mutilak atzetik jarraitu eutsan baina, hain ilun egoan kanpoan, bistatik galdu ebala. Begiak ilunetara ohitu jakozanean, beran ustez neskatoak jarraitutako  bideari ekin eutsan. Baina ezer bere ez. Bat batean, irrintzi bat entzun zan, irrintziak mutila suspentsuan harrapatu eta ezin izan eban jakin nondik zetorren. Isilik gelditu zan, adi-adi une batez. Halako batean bigarren irrintzi bat entzun zan eta mutilari solo barrenetik etorrela iruditu jakon. Harantz abiatu zan. Bidean zihoala, hirugarren irrintzia entzun eban bere buru gainean, oxina eta gari soroaren artean egoen gaztaina belumenduaren adarren artetik zetorren. Gregoridxok sustoz gora begiratu eban eta dirdir egiten eban gaztaina lokotxa ikusi eban abarren artean eskegita. Salto batez adarrari heldu eta eskuratzen ahalegindu zan.  Une haretan ahots girringatsu batek egin eban berba.—Ez da sasoia!.—esan eban. Baina mutilak kasurik egin barik egoan lekura esku bota eta hartu eban. Ahotsak berean jarraitzen eban.— Ez da sasoia!.—esaten. Baina Hilariok kasurik bez, etxera eroan eban. Lokotza bide guztian bedina esaten zihoan.—Ez da sasoia! Ez da sasoia! Ez da sasoia!.—Besteak barritz jaramonik bez. Heldu zan txabolara eta gaztaina lokotxaren antzeko oskola mahai gainean jarri eta kontuz kontuz, arantzakaz minik ez hartzeko moduan zabaldu eban erdi erditik. Orduan barrutik Huntz orriaren berde koloreko mariorratzak urten eban hegaz eta airean ziztu bizian jira bira batzuk egin da gero, tximiniako errautsak  gainean bere buztan luzeagaz hauxe idatzi eban SASOIAN SASOIKOA eta alde egin eban.

Urte haretan, uda trabez etorri zan eta ez zan gari uzta onik egon. Etxe abereek be ez eben ondo erditu, Udagoijenean, ez ziren orriak sasoian jausi. Neguari hotza falta izan jakon eta arbolak ez eben lo nahikorik egin sagarrak arbolan usteldu eta ardoa mikaztu zan.

Hilario urira bueltatu zan neskatoa aurkitzeko esperantzan, misterioa agitu ziezaion. Baina inondik be ez zan agertu. Desatrearen arrazoia itaundu gura eutson baina ezan agertu. Ondiño lau urterik behin baino existitzen ez den egunean joaten da urira beran gariokaz. Garijota sasoia heltzen danean barritz, oxineko txabolan emoten dauz gabak gomutan, gomutan, zurrutean eta kantu malenkoniatsuetan.

                                                   Gariak saltzen

Gariak saltzen nengoanian
Uriko plaza barrian
Dama eder bat etorri jatan
Gariak zegan zirian

Bestientzako hamazortzian
Zuretzat hamabostian
Hamabostian gura ez badozuzu
Laztantxu baten trukian.

Kontratu hori esan bazeuztan
Leku sekretu batian
Gariak eta zeu ta neu bere
Ondo konponduko ginan.

Neure maitia potitxa zara
Garria dozu liraina
Ulea bere modako fina
Ai zu neuretzat bazina.

Doro Zobaran