Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

lunes, 21 de octubre de 2013

VII. atala
Basanderearen obabatxoa

 
 II.          Amarrua
 Biharamunean, eguna udako eguzki galgatan  ageri zen arren, goibel zetorren, goibel eta bortitz! Goi-herriko baso-herrian zein behe-herriko  hiribilduan (Urian) haserrerako arrazoiak areagotzen ari ziren eta batzuen laguntzaz egoerak okerrera egingo zuela ematen zuen, gaizkinahiak ekidin ezean. Basoko herritarrak, laster prestatu ziren, harribola erraldoiak maldetan behera jaurtiaz, Uria osoa birrintzeko. Behe herritarrak ordea, basoari su emateko gertu ziren basoa eta basokoak suntsitzeko .


Ez Martinek ez Basajaunak ezin izan zuten, marmarioen enbata baretzerik lortu. Basoan tinko jarraitzen zuten, sekretuaren zuhurtzia defendatzen, ez zeuden belaunaldiz belaunaldi ondutako jakituriak ematen zien boterea inorekin banatzeko prest. Behean ordea, zientzia eta jakituria jainkoarenak zirela zioten eta  ez zuela inork bere egiteko eskubiderik, elkartasuna eza eta berekoiak izatea leporatzen zieten goikoei.

 Martin, ordura arte egindako ahalegin guztiak alperrekoak zirela konturatu zenean, hoberen menperatzen zuen bideari ekin zion, amarruaren estrategiari. iluntze aldera, jendea barrutietara batzen de sasoia, begiluze eta esamesa zaleen bistatik ostenduta, goi- herrirako bidea hatu zuen,  Saroira hain zuzen , hau da: Basajauna eta Basanderea Basajaun txikiarekin bizi ziren Baserrira.


Esandako moduan, ez zen agerian joan, isilik eta kontu handiz baino inork han zela sumatu ez zezan.  Ezkutuan egon zen luzaro, zelatan,  Jentilak, berriketan suaren inguruan bildu ziren arte. kontu ugari entzun zituen, harik eta baten bati, behinolako  jasoaldia komentatzea otu zitzaion arte.  

Jentil bat. — Hi Basajaun zer gertatu duk larrainean?

Basajauna. — Uriko kakanarruak berriro be engainatu nauela !

Basanderea. — Atzera ere? Mendeak daramatzate horretan eta oraindik ez diagu ikasi. Arrazoia osoa zuen  Basajaun zaharrak zera esan zuenean: jaio da jende “Txiki Perrua” akabo gure mundua.

Jentil bat. — Behar bada! Baina gaurko amarruak ez die mesede handirik egingo.

Basajaun. — Horixe bera uste diat nik ere! Eroan, eroan dituztela, baina alferrik.

Basanderea. — Betiko legez sinesberak zuek! Orain arte azken 300 urteotan beti lortu izan dute euren guraria. Oraingoan zergatik uste duzue ez dutela lortuko?.

Basajaunak. – Nire ahotik ez behintzat! Baina gauza bat izan behar dugu kontuan, laborearen langintzan jakiteak bizimodua hobetzen duela. Eta auzokoak daukana beti hobea den legez, luberri ederra da bekaizkeriarentzat.   Beldur naiz inon onurak gutiziatze horrek ez ote alde bateko zein besteko izterbegi gehiegi  eragingo eta goiko zein beheko, guztiok galduko.

Jentil bat. — Zer diok ez haiz isilpekoa agertu behar diegula iradokitzen ariko ezta?

Basajaun. — Beste barik ez, baina tematzeak, alde bateko zein besteko liskarrak ugaritzea dakar eta istiluetan ari izan garen bakoitzean  asko galdu da alde bietan.

Basanderea. — Guk askoz gehiago! Ahaztu al zaik aurreko guztia Jaun! Sekula asetzen ez den herria duk hori …  Agertu zirenetik, ez dugu besterik egin eman baino. Ibarreko landa, gotorlekua, Uberka, Sagastia,  igaliak biltzeko leku gehienak, itsaskiak barne … Eta emandako guztiaren gainetik beti gehiago nahi dute. Ez dira sekretuarekin konformatuko.

Basa anderek goruetan jarraitu zuen. Jentil txikiari, Basajaun txikiari  obabatxoa kantatzen zion bitartean. Kantu ezaguna, seintxoari, lo eragiteaz gain irakasteko balio  zuen.
Basanderearen obabatxoa
Lurra lotara doa.
Erori da hostoa.
Gariak eraiteko,
oraintxe da aroa.
Oraintxe da aroa,
lurra lotara doa.
Gariak ereiteko,
erori da hostoa.

Eguzkia goi goian,
udarako sasoian.
Garia joko dela,
goialdeko saroian.
Goialdeko saroian,
eguzkia goi goian.
Garia joko dela,
udarako sasoian.

Larrainean garia
Bil dezagun eultzia
Datorren urterako
gorde ondo hazia.
Gorde ondo  hazia,
larrainean garia.
Datorren urterako,
bil dezagun eultzia.

Martintxo ostendutako lekutik entzun zuen lo kanta. Kantok berriz, hain dira errepikakorrak zeren laster ohartu zen irakasbideaz. Ibarrera jaitsi zenerako hiru kontzeptu iltzatu zituen gogoan.  “Erori da hostoa, gariak ereiteko oraintxe da aroa. “Eguzkia goian garia joko dela udarako sasoian” “Bildu eultzia, datorren urterako ondo gorde hazia”. Etxera bidean taxutu zuen predikua, hau da esan beharrekoak baina aurrekoan baino limurtzaileagoa izan beharko zuen, ea baretzen zituen.

Berbaldi galanta atondu zuen antza, animoak baretu bai ziren; Ikasitakoa ez bai zen ahuntzaren gau erdiko eztula. Hazia eta aroen berri zuten, sasoian sasoikoa egitearen garrantziaz jabetu ziren, itxaropentsu ikusten zuten etorkizuna. Baina, landa zabalak soro bihurtzeko luberritu behar zirela ohartzean, lurzorua urratu, orbaindu eta lurrak irauli behar zirela jakin zutenean. Eskuz lurrean aztarrika hasi ziren. Hori ez zela modua konturatu ziren arte. Erremintaren bat izan behar zuten jentilek ….

   – Zein ordea?
  Nola irauli eta xehatu lurra?
  Zer egin, lurra hazia hartzeko prest egon zedin?

Buru makur eta gogoa beltz, hau da goibel eta begiak lurrera so egon zen luzaro mutikoa, berriro ere heroia izan behar zuenean, arlote doilor ageri zen Urikoen begietan. Gaur be, ez zuen arazoa konponduko, ea biharamunak hobeto argitzen zuen.



Doro