Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

domingo, 24 de noviembre de 2013

XII. atala

Mariren Sagardoa

Gora behera guztien gainetik dago denbora, aro bat bestearen atzetik amai bako gurpilean dabilen arren bizidunontzat kiribilka bukaeraraino aurrera doana da. Tarte horretan auzi guztien gainetik bizi beharra dugu. Martintxok eta Basajaunak ere elkarrekin bizitzen ikasi behar izan zuten, Jentil eta Kristau guztien gisara. Eta historia gorabeheratsua eraiki dugun arren, bidearen zati bat egina dago.


Tarte horretan, behin; Martin, basora ostera eginda zetorren, Mairu-zuloko leizearen aurrerik pasa zenean. Suposa dezakezuenez, Mairu-zulo badaezpadako lekua da Martinentzat, fededun batek, dela sinetsi ez eta ez dela esango ez duena.


Mutila, izerdi-patsetan  zetorren, egarriak jota. Leizearen aurrean soineko gorriz jantzitako emakume galant bat aurkitu zuenean. Kortesiazko agurraren ostean, egarria itotzeko ura eskatu zion. Andereak ordea zera erantzun.- Ura baino askozaz hobea duzu sagardoa.- proposamena ukatu edo onartu orduko kupelari zotza askatu eta mama gozoz betako pitxerra eskaini zion andreak. Martinek dzanga, daznga, arnas baten hustu zuen ontzia. Hain zen ederra sagardoa!

Egarria itotakoan, andereari zuzendu zitzaion. — Eskerrik asko andrea, egarriak jota nentorren eta egoera horretan  edozer edango nukeela egia bada ere, zinez diotsut, inoiz edan dudan sagardorik goxoena izan dela.   Atrebentzia handia ez bada … Nongo sagarrekin egindakoa da?


Andereak zera erantzun zio. – Montes jaunak ezari emandako sagarrekin egina dago.

Martintxo.- Ezari emandakoak?

Mari.- Bai mutiko ezetik. Gizakien ukazioetatik.

Martintxo.- Ez dut ulertzen.

Mari.- Motes jaunak ukatutakoak hain zuzen.

Martintxo.- Hobeto azaldu beharko didazu andrea.

Mari.- Motes jaunak, aurtengo uztan hamar karga sagar batu ditu.  Anaiari ordea,  eskatuko dionaren beldurrez zazpi batu dituela esan dio. Nik holakoetan ohi dudan bezala ukatutakoak kendu dizkiot, hiru alegia. Baian Montes jaunaren beharlekuak ez dira etxekoenganako ukazioetara mugatzen. Behinola tabernan, barrena berotuta zebilen batean handi-mandiarenak egin behar eta hamabost sagar karga batu dituela esanez ibili zen. Neurriz kanpoko bostak kendu nizkion.

Baina ez zen ez horrekin konformatu, atzo bertan, erratuta edo herriko apaizak eskerrak eman dizkio Montes jaunari behartsuei oparitutako karga bi sagarrengatik. Montes jauna ordea, ez du apaiza bere okerretik atera, isilik gelditu da, mundu guztiak bere borondatearen berri izan dezan. Gelditzen zitzaizkion biak kendu dizkiot. Beraz aurten ez da sagardorik izan Montesenean, baina bai mairu-zuloko kupeletan.

Anbotoko dama agurtu eta alde egin zuen Martinek, bide osoa egin zuen, Anbotoko Marirenean edandako sagardoaren goxoa aho. sudur zilo zein burutik kendu ezinik. Asteak eman zituen inguruko kupeletatik zotzak ateratzen, baina alperrik,  ezin haren parekorik aurkitu. Azkenean, damaren leizera joan eta kupel bat eskatzea erabaki zuen. Damak, pitxerkada gura bazuen emango ziola esan zion, baina inondik inora ez ziola kupelik salduko. Martintxok orduan, Anbotoko Anderea ohartu gabe, barrikote bat lepoan hartu eta alde egin zuen. Herrira heldu eta lagunekin barrikotea zabaldu zuenean … hura sagardoaren mikatza! Guztiz ozpinduta zegoen. Ordutik aurrera hor dabil Martintxo, sagardotegiz sagardotegi, kupelik kupel, zotzak atera eta zotzak sartu. Anbotoko damaren sagardoaren parekoa aurkitu guran. Baina ezin.
 Hortik ote dator ba, txotxaren ohitura?

Martintxoren ondorengoak,  Mariren isilpeko sagardoaren bila dabiltza. Basajaunak edaten duena, beresian batzen garenok edaten duguna hain zuzen.
Eta zuk, gizaki teknokrata horrek inoiz edan dezakezuna. Baian hori bai, gure beresian izateko zoririk baduzu.
 
Bitartean jarraituk kupelik kupel, zotzetik tiraka, baina, jentilon sagardoarekin alderatuta guztiak irudituko zaizkizu mikatzak.


Doro