Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

lunes, 23 de septiembre de 2013

Adanenak, ez Evarenak.

 Haitzuloko kobatik datozen urek, Goierritik jaisten diren ur lasterrekin bat egiten duten erreka hegian batzen ziren urtean behin, edo birritan, kittano, buhame, motxaile edo ijitoak, bakoitzak aukera dezala zela izendatu!

Herrian agertzen zirenerako hasten ziren nobedadeak. Zerari zertu diotela. Zerarenean zertu direla. Zerarenetik zerak zertu dituztela, hau, bestea, hangoa eta hemengoa, guzti guztiak, frogatu bako egiak.


Esamesa guztien gainetik ordea; Iluntze aldera, herri osoa batzen ginen bi erreken arteko zelaian, buhame, Jaunak kontatzeko zekarrenaren irrikaz. Kontatutakoak ipuin hutsak zirela nekien arren,  sekula ez  nuen neurria hartzerik lortu, zenbat zuen egiatik eta zenbat fikziotik. Baina hori bai: benetan kontatzen zituen, istorioak bizitako moduan senti araziz. . Emozioak sentitzen diren lekuan nabaritzen genituen. Sabelean dena 


Buhame jauna.Barreak sabelean min egiten du (lepoz hasi zuen bere berriketaldia).—Tristurak, sabelean eragiten du. Beldurrak! sabeletik arin jartzen gaitu. Eta maitasunak… Oh maitasunak! Sabelean kilikili egiten digu. Bai badakit! Maitasuna “bihotzean”sentitzen omen dugu! Nik neuk ordea, maitemindu naizen guztietan edo maiteak min egin didan bakoitzean, sabelean igarri dut. Bihotzak ordea, taupada bat gora behera berean jarraitu du. Baina hain itsusi gelditzen da, maiteari “Nire sabeleko azukre koskorra” esatea, edo “Sabelez maite zaitut!” zeren bihotzarekin gelditzea erabaki dut neuk ere. Naiz eta horrek kontraesanak areagotu. Maitasunaren eta grinaren artean, tarte handiegia jarri dugu. Hasieran, buruak dena arrazoitzera eraman aurretik hurbilago zeuden maitasuna eta grina ia leku berean. Gerora, jaun xit jakitun, kreazioaren erdigune, geure burua tituluz hornitu ahala urrundu ditugunak. Urruntze horren ondorioz sortu zen lanera kondenatutako ADAN eta EVAren paradisuko leinu bekataria. Baina gu ez! Motzaileok. – gurdiaren zurezko mailadian jesarri zen eta ahotsa sendotu zuen azken lerroraino hel zedin. — Gure askazikoak, Adanen ondorengoak gara! Baina Evarenak. EZ! Jainkoak, gure ama eta aita buztin berdinetik egin zituen, bata bestearen antzeko. Maitasuna eta elkarrenganako grinan ere pareko. Beraz, berezko joerak animalia oro senetik datorkiona erabiltzera bultzatzen duenez, joko haragikoietan murgildu ziren beste behin. Aldi horretan ordea, gure amak zera oldartu zion gura aitari. 
Gure ama.Hi! Oraingoan neu jarriko nauk gainean eta hi azpian.

Gure aita.— Zer dionan andrea? Hori ez duk sekula santan modua izan. Ze     kirtenkeri  esaten ari haiz?

Gure ama.Hara gizona, ez duk horrenbesterako! Frogatu gura dut! Beste modu batera egin!. Zuk zer sentitzen duzun jakiteko. Ez zaitu gutiziaren harrak zirikatzen?

Gure aita.—Hemen zirikatzen nauen bakarra zeu zara!

Gure ama.—Ez duzu jakingurarik sentitzen?

Gure aita.— Jakin gura? Zer jakin behar dut ba?
       
Gure ama.Azpian zaudenean zer sentitzen den.

Gure aita. Hara! Nik ondo dakit zer sentitzen dudan ez dut esperimentu berririk gura. Betiko legez egingo dugu eta kito!

Gure ama.Ez gizona, ez! Nik ere horrek hasperenok zerk eragiten dituen jakin gura dut. Begiak zuritan dituzula zergatik jartzen zaren. Zelakoa den berea egiten zaituen grina hori. Nik ez bai dut uste horrenbesterako denik.

Gura aita.Hara andrea! Berriketari utzi eta egin dezagun betiko legez hoztu baino lehen!


(Herri hizkeratik ateratako espresioak dira kakotx artean jarritakoak)

Betiko bideari jarraituz egin gura izan zion “beste errekadue” . Baina orduraino zabalik zegoen “hoja biko librue” hesituta aurkitu zuen. “Beheko anaijiek”, gure amaren berna arte guriko haragi estuekin egin zuen talka.   Eta “anaije juanitok”,  “Beheko burue” jasotzen duenean bere nahiak asetzen ez baditu… ez dio bakerik ematen gure aitari. Eta horrelakoetan haserretzen da Adan. 

Gura aita.—Hara Liliht! Ez nazazu bestera begira ipini gero!

Gure ama.Bestera begira neu jarriko nauk! Eta hik begira ezak kanpa dorrera  Eta kontsolamendua behar baduk. Jo ezak kanpa.

Gure aita.—Nik etxoat sekula kanpairik jo.

Gure ama.—Ah ez? Ba joan hadi sakristaurengana eta esaiok, kanpa joleen gozamena deritzon tokea irakasteko.

Buelta erdi eman eta lo gelditu zen gure ama. Gure aitak ordea ez zuen gau guztian begirik batu ez  aldaketa barneratzerik lortu. Biharamunean eguzkiak kiku egin zuenerako Adan  jainkoari kexatu zitzaion.

Gure aita. Aita!  Aita gurea zeruetan zarena … Laguntzat eskaini didazun andre horrekin ez dago zer egini!, Ez dago ulertzeko modurik! Ez dit kasurik egiten, bere gogoa egin behar du beti! Beste andre bat gura dut!

 Jaungoikoak orduan, gure aitaren saihetsetik sortu zuen EVA. (”Beno, egia esan, Evaren kontua idazten ari naizen honen asmakizuna da. Buhameak jaunak ez bai zuen holakorik esan, gainera diodana, entzutez diot eta omen edo ei batzuk aurreratzeagatik idazkian. Bera, ez kasu handirik egin). Gure amaren ostean sortutako gizonaren menpeko emakumea dela gure amaordea. Eta geroko haren semea. gurasoen  bekatuz lanaren zigorrari lotuta bizi den gizakumea. Gu ordea, Kittanook,  sortzez garbiak gara, beraz ez gaude lanaren zigorrari lotuta. Eta inoiz lan egitekotan geuk gura dugulako izaten da, une honetan egiten ari naizen bezala. Eta lanak saria merezi duenez, sar itzazue txanpon batzuk kapelan,  egindakoa ondo dagoela baderitzozue. Arima garbiok ere sabelean min sentitzen bai dugu gose garenean.
Baina zuetariko nork  daki, nondik datorkizuen bekatu hain grabea?  Guztiok?
 Bai?
Seguru?
Zein bertsio?
Lasai hurrengo osteran ahaleginduko naiz argitzen eta.

No hay comentarios: