Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

miércoles, 25 de septiembre de 2013

Akaba bako lana
Ezer egin gabe bizitzeko bokazioa eta beti lanean, geldi egoten ez dakien aberea da gizakia: Jainkoak bere irudiz eta antzera egina, gainontzekoak ez bezala. Hortik ondorioztatu genezake jainkoaren lana egiteko modua.
                                                                         

Guk ezagutzen ditugun gauza guztiak (paradisua barne) egin omen zituen ahalguztidunak, baina orori gertatzen zaigun antzera, egunak joan egunak etorri, aspertu egin zen Goiko jauna. Esne-mamitan bizi denaren gaitza, antza, horixe baita egungo gaitza.
Jolasaz gogaitu zuenean, jakituria eta esperientzia berrien bila abiatzeko premia sentitu zuen zeruetan dagoenak. Ludiko kontuak bertan behera utzi eta alde egitea pentsatu zuen. Joatekotan dagoela, zeruetatik, bere obrari ordura arte baino arreta handiagoz erreparatu zion. Urruntzeak dakarren ikuspuntutik , mundua norabiderik gabe ikusi zuen, okerra, bihurria, akatsez betea.
Daborduko zeru eta lurren egilea jostailuaz gogaituta zegoen, zertarako beraz, ezer arteztu usteltzetik birsortzen den izakia bada mundua … Ezer konpondu behar bada, arduratu dadila laket duena, gobernatu dezala horretarako grina duenak. Halaxe, mundua salbatzeko hartu omen zuen gure aita Adanek ardura.

Gure aita gizon ona zen arduratsua, baina belarriak arin makurtzekoa. Horregatik ahalguztidunak,  mundua bertan behera utzi zuenean, ardura bere gain hartzera behartuta ikusi zuen bere burua. Jaungoikoa betaz ohartu eta duintasunez  hanka egiteko aukera ikusi zuenean,  munduaren ardura berea zela ikustarazi zion Adani, limurkeriaz bera zela izakirik egokiena belarrira xuxurlatuz. Gure aitari egoa puztu zitzaion eta amua guztiz irentsi zuen, Ahalguztidunaren amarruaz kontura gabe paradisuko lega errespetatzeko agindua hartu zuen, lege haustearen zigor eta guzti. Legea bakarra zen, hura bete eta gainontzekoetan libre ziren, jakituriaren arbolatik jan ezean.

 Gure amak eta Abelelek; gure lehen anaiak, beste mundu horretan jarraitu zuten, ibiltari, artaldearekin hara eta hona, paradisuko legetik aparte, bidean aurkitzen zituzten jakituriaren arbola guztietatik jaten, jainkoaren madarikaziotik at.

Paradisuko aferak asago harrapatu zuen gure familia, dagoeneko beste leinu bat sortzen, zigorpeko lanetik urrun eta erdiminez gozatzen, sorrerako bekaturik gabe.
Harrezkero buelta asko eman ditu munduak, hara eta hona ibili da eta dabil gizakia. Leinuk, askaziak herriak eta R.H.ak nahastu dira. Norden nor jakitea ez da erraza, are gutxiago, lana derrigorrez edo gustuz egiten duena ezberdintzea.

Nik neuk uneak ditut eta batzuetan gustuz egiten dut lana beste batzuetan kostata nator neure alorrera, agian historiaren bidean, gure odolak nahastuko ziren eta ez naiz Buhame garbia.
Eta orain, ekin daiogun bideari, mundua borobila den moduan, denbora ere borobil ei dabil. Beraz, bidearen bukaeran zeuek aurkituko zaituztegu berriro. Eta gu atzera berton amaierak zirkuluaren zein puntutan harrapatuko gaituen asma ezinik. Bitartean behin eta berriz ekin behar bizitzaren istorioei, egunero jango bada ez bai dago beste erremediorik. 

No hay comentarios: