Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

domingo, 29 de septiembre de 2013

II atal
Elkar ulertzen genuenekoa


Basajauna da beraz, goroldioaren mintzaira ez eze, izadi osoarena aditzen dakiena. Artzainek esaterako, Basajauna dute zaindari; arriskuetatik ohartarazten ditu, ekaitza, tximista, otsoa …  holakoren bat hurbil denean, zintzarriak, arrenak, ezkilak, joareak, txilinak, kanpa eta bulunbaka aritzen den guztiak batera joarazten omen du, entzuten dakiena arriskuaz ohartzeko.
Beresikoari
Basoan berez hasitakoari
Basoan jaio basoan hasi
Berak behar luke nagusi
Beti berton egonagatik
Ez haut gaur arte ikusi.

Berezia duk hire Beresia
Basoa, berez hasia.
Zabalik egon arren
sarria  duena hesia.
Ez da erraza hi ikustia

Basajaun duk izena
Zein ordea izana,
Zein hire izatearen funtsa?
Lurretik bizi denaren jakituriak
horretan datza.
Eta munduak hobeto baleki
Basora behar duela adi
zentzuak zabalik
Belarriak erne
Begiak ireki

Arriskua nondik datorren jakitea Komeni zaigu,
Basa jauna horretarako genuen sortu.
Betidanik horrela jokatu.
Gor eta itsu ez bagaude behintzat
Aditzea komeni zaigu.


Hondamendia datorrenean
Ezkilak dilin 
Arrenak dalan
Txilina dabil
txilin, txilin
Zintzarria zintz
Joarek jo
Arriskuren bat datorrelako.

Eta geurez konturatzeko gai ez garenez
Aditu izadiari, aditu animaliak mesedez.
Guk baino arinago bai dakite hondamendirik datorren edo ez

Jentil edo basoko jaun erraldoien aroan, jende txikia agertu aurretik, artzaina bere ardiekin ulertzen zen.
Blasek urtero egiten zuen  Gorbeiatik Bost hirialdeko Haizpera bidea.  Aste santu ostean, Arratiko goiko mendietara itzultzen zen goialdeko belar gurien bila. Hirurogeiren bat buru, zituen, eta goizero, oilarraren kukurrukuarekin batera. inguruko larre-zabalera bidaltzen zituen. Bai ondo ulertu duzue, goizero, goizero artegia zabaldu eta Ondoko agindu honekin “Larre-zabalera” bidaltzen zituen.,


B.J. — Nahiko jandakoan bueltatu!.— Blasek artegiko atea zabaldu eta aharitoari agindua emandakoan, artaldea Larre-balerantz abiatzen zen.  Egun hartan ordea, ardiek belarra jateko burua makurtu zutenerako, belarrak hitz egin zien belarrira. — “Aurrerago eta goxoago” .— Ardiek orduan burua altxatu eta aurrera jarraitu zuten, aurrerago belar gustagarriagoa aurkituko zutelakoan.  Aurrerago horri neurria hartu ziotenean gelditu, ahozpez jarri eta mokadua moztera zioan unean belarrak atzera berba egin zien belarrira. — Aurrerago eta goxoago, aurrerago eta goxoago! – Artaldeak berriro ere kasu egin zion belarrari eta aurrera jo zuen belar goxoagoaren bila. Egun guztia eman zuten beraz, burua gora burua behera aurrerago omen zegoen belar goxoagoaren atzetik. Ilun nabarrean oraindik mokadurik jan gabe zegoen artaldea. Gautu zuenerako etxe bueltatu eta artegira sartu ziren ohi bezala. Artaldea gose zenez ordea, ezin izan zuen lorik egin eta gau osoa eman zuten beka. Jakina, Blasek ere ezin izan zuen lorik egin. Biharamunean, inoizkorik goizen jaiki eta zuzen joan zen Blas artegira, Aharitori mintzatu zitzaion. – Aharito. Zer gertatzen da. Gau osoa orro baten pasatzeko?
.— Zeuk ere balaka  egingo zenuke, urdaila utzik lotara joan beharko bazenu.
.— Zer diok aharito! Gose haizela?
.— Jakina! Hi ere goseak jota egongo hintzateke egun guztia jan gabe pasa izan bahu.
.— Zer dela eta? Zer gertatzen zaio Larre-zabaleko belarrari?
.— Ez zekiat. Baina kontua da, atzo ahokada mozteko makurtzen ginen bakoitzean, belarrak berba egin eta zenbat eta aurrerago joan belar goxoagoa jango genuela esaten zigun. Guk kasu egin eta aurrera jotzen genuen iragarritako belar goxoaren bila, ustez heldutakoan, burua jaitsi eta batera  berriro esaldia “aurrerago eta goxoago”. Horrela eman dugu egun osoa, aurrerago belar goxoagoa zegoela sinetsita, aharik eta ilundu eta artegirako sasoia heldu den arte.

.— Inuzenteak zarete gero! Belarra adarra jotzen ari da, bihar zoaztenean, letania berdinarekin jarraitzen badu, zuek. BERTON GOXO erantzun eta bertan gelditu jaten.

Esandako moduan, Larre-zabalera heldu eta ardiak ahozpez jarri zirenerako egin zuen berba belarrak. — Aurrerago eta goxoago! — Artaldeak orduan, guztiek batera. — Beeeeerton goxo! Beeerton goxo erantzun zuten. — Eta bertan gelditu ziren ahitu arte. Horregatik dakigu  bekerekeak beeka ari direnean zer dioten.



BEEERTON GOXO!!!






No hay comentarios: