Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

sábado, 28 de septiembre de 2013

Jentilak
Basoko jaunak

I atal
Goroldioaren aroa
Isilduko bagina sikeran!
Berbaroa isiltzen denean
hasten gara entzuten.
Isilik dagoena ulertzen.
Dena ez dela soinua konturatzen
Hertziarren artean badela zer edo zer.
Igitez eta egitez mintzatzen dena.
Mintzaira isilarena.
Giz oneko zein giz txarreko
Gizakiak  entzuten ez duena.
Gainontzekoek dakitena
Oreka apurtzen denean

hondatzen dela dena.

Hirurehun eta berrogeita hamar milioi (350.000.000) urte joan dira  agertu zenetik, zientzialariek diotenez bera izan zen lurzoru lehorra hartu zuen lehen izakia. Edonon agertzen da ugari uzten bazaio. Gaur egun ordea, galtzeko arriskuan dagoela diote eta galtzen bada lur bizigarriaren sorrera galduko dela, ur emarien gordekinak ahituko  direla, higadura areagotuko dela, kutsadura ezin izango dela atzeman berandu den arte eta hortik kontuak ateratzeko.
Galdutakoan ez ei da bakarrik galtzen, beste izaki asko doazela galzorira. Gure Basajaunaren  Beresira arriskua urreratzen ari de arren,  inguru sarriz gordeta basoaren erdiko kortan bizi da. Ez dakigu noiz arte iraungo duen zutik, baina ez da sekula joango, asko jota, berriro itzuliko da bere lekura, lurrera, beste zer edo zertan birsortzeko.
Kontuak kontu goazen harira:
Ele zaharren memoriak gogoratzen duen garaian, izadi osoak elkar ulertzen zuela dio kontalariak, denek zekitelako berbetan. Txoria, katuarekin mintzen zen. Katua, txakurrarekin. Zaldia astoarekin,  pagoak haritza ulertzen zuen,  kontuak atera; gizakiak gizakia ere ulertzen zuen eta.  
Goroldioak ordea ez zuen ezer esaten, mutu zegoen. Hain mutu zeren, guztiek uste baiz zuen ez zekiela berbetan.  Errukiz, elkartasunez edo halabeharrez, izateri osoa  ahalegindu zen mintza zedin, sasietatik  hasi eta azken zizareraino tematu ziren irakasten, baina, goroldioak ez zuen ikasi eta beste guztiei hitz egiten  ahaztu omen zitzaien. Horregatik omen da gizakia hitz egiten duen animalia bakarra.
Beste bertsio batek ordea zera dio: Izadia goroldioak berean jarraitzen zuela ohartzean isildu omen zen mundua, ordura arteko berbaroa mututu zenean, isiltasunaren zirrarak sortutako magiaz gozatzen hasi zen izadia. Astiro, astiro goroldioa eta ama-lurraren komunikazio sistema ulertu zuten eta hartara egokitu zirela.
Gizakiak orde, bere kalaka hutsalen zurrunbiloan galdurik jarraitu zuen, inguruan gertatzen zenak ohartu gabe eta ez zuen ama ulertzen ikasi. Horregatik omen gara gizakiok emakume eta gizonok AMA (izadia) ulertzen ez dakigun animali bakarrak

No hay comentarios: