Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

martes, 1 de octubre de 2013

III atala
Berri txarra

Kontuak kontu, zoriontsu bizi zen gure Basajauna, basorik baso, mendirik mendi ordura arte hezitako animaliekin batera,  Basoko jaunen joko eta jolas erraldoietan dibertitzen; harriak jaurti, harriak jaso, harriak metatu, harriekin eho eta harrietatik babestuz. Aharik eta egun batean, ekialdean sekula ikusi bako  argi distiratsua aditu zuen arte. Galdetu arren, inor ez zen argia zer zen edo nondik zetorren esateko gai izan. Jakitekotan, mendialdeko leizean bizi zen agureak jakingo zuen.

Agurea, aspalditik bizi zen damaren koban balbearen zain. Basajaunen askazikoek betidanik egin oi  duten bezala, zahartzaroa heldutakoan, familia eta leinuarentzat  zama bihurtu ez dadin borondatez aldentzen dira damaren kobara, betiko atsedenaren zain.
Agurea, basajaun nagusi izandakoa zen, buru argikoa eta memoria garbi duna. lausoaren erruz itsutua egon arren, oroimenean zutia ikusteko gai zena. Egun betazalik jaso ezin zuen arren  asko ikusitakoa.  
Estu eta larri, arnasestuka heldu zen Basajaun gaztea Basajaun zaharrarengana; damaren kobari zor zaion errespetu barik sartu eta  itsumustuan  jaurti zion galdera. Gaztearen jokabideak, tirabira sortu zuen; agureak errespetu falta leporatu bai zion gazteari, damaren koban sartzeko izandako begirune eskasagatik. Gaur egun ere badakigun kontua da, hau da: koban sartu orduko baimena eskatu behar zaiola damari eta hikan berba egiteaz gain, sekula ez zaiola aurpegirik galdu behar, eta barruan garen bitartean ezin dela ezer hartu haren baimenik gabe. Baina, egoeraren larritasunak, burokrazia atzean utzi eta harira ahalik eta azkarren joatea eskatzen zuen, beraz zegokion barkamena eskatu eta arazoari ekin zioten.

Basajaun gaztea. — Jauna, ekialdean sekula ikusi bako argi distiratsua ikusten da Ereinozarreko gotorlekutik. Inoiz holako oskorririk ikusi duzun galdezka nator. Zer esan gura duen jakin gura dugu.
Basajaun zaharra. — Ez dakit ba; deskriba didazuenagatik ezin diezazueket ezer esan. Eraman nazazue tontorrera eta jar nazazue ekialdera begira.  Betazal zaharrok nola edo ala jaso beharko dizkidazue ikustea gura baduzu. — Eskatutako moduan, Ereinozar gailurrera eroan, eta makila birekin betazala altxa zizkion. Orduan ikusi zuen jentil zaharrak oskorriaren argi miresgarria,  eta ezagutu zuen bai,  heldu zen berri txarra, zoritxarreko egun beldurgarria. Lipar bat baino ez zuen behar izan, kiku egin eta betirako ertzi zituen begiak. Aholku krudel honen ondoren.


BJ.Z. — Kixmi jaio da! Kultura eta fede berria helduko da laster inguruotara, gizaki txikien eskutik. Gure betiko sinesmenekin akabatuko duen fedea jainko bakarrekoa, Gure ama bortxatuko duena. Gizateriarekiko errespetua galaraziko duena.  Bota nazazue amildegi horretatik ez dut gehiago bizi gura eta. Zu eta gure askazikoak ordea , gorde zaitezte basoan lekurik sarrienean, kobazulo eta harperik hertsienean. Salbatu zeuen buruak! Ostendu aro hau pasa arte behintzat.
Agurearen nahia bete eta goga balbeari eman zioten, gorpua trokara, basapiztiak elika zitezen.

Basajaunek basoko patariek hildakoaren gorpua janez gero betirako bizi zirela uste bai zuten, belaunaldiz belaunaldi basapiztien askazian iraunaraziz, gizakiok jaten ditugunak gure izaeran irauten zuten moduan.

No hay comentarios: