Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

sábado, 5 de octubre de 2013

IV atal
Jende txikia


Agureak esandako moduan, belaunaldi baten buruan, igarri zen aro berriaren eragina, eta jende berria agertu zen beheko ibarretara. Txiki zirinak izan arren bizkor fama dunak ziren, eta berton, behe aldeko landa zabal eta erreka egietan pausatu ziren.
  Basajaunak, jentilen leinuak esan gura dut, estimu handian zituzten inguruok,  ez zeuden erreka bazter eta lur lauak erdututakoen esku beste barik uzteko prest. – Batek daki ze tratu emango zioten AMARI! .—  Esaten zuten.

Kakanarruen familiakoak berriz, laster hasi ziren euren jitea erakusten, helburuak lortzeko amarruak prestatzen. Hasteko basokoen jakituria eta sineskeren aldekoei izena aldatu zien, aurrerantzean ez zuten Ama-lur, Egu, Ortzi ez iIaskirik  gurtuko, zuhaitzek, errekek, harriek eta animaliek, hau da: izateri osoak arima galduko zuen, arima bakarra gizakiena izango zen aurrerantzean, benetako espirituaren fedeari lotzen  ez zirenak Jentilak izango ziren .   
 Artean Basajauna, izaeraz oso osokoa zen eta denez; maltzurkeria izpirik bakoa, tankera horretako jenderik munduan izan zitekeenik ere pentsatzen  ez zuena, ez zion kontuari garrantzirik eman. Egun batean ordea, Martintxo, jende txikien artean kakanarru bizkorrena, Basajaunarengana joan eta hala esan zion. —  Hara Kankailu! Zuetariko  indartsuena baino indartsuagoa naiz ni. Baietz edonori burrukan irabazi!

Basajaunak goitik bera begiratu zion; nola ausartzen zen gerrira ere heltzen ez zitzaion  gauzaeztan hura bera desafiatzen?

B.J.— Zer diok, nano horrek!  Ez haiz heure buruaz jabetzen  ala?

M.— Ez nauk jabetuko ba! Horixe jabetzen naizela!

B.J.— Aho bero bat haiz txikito!

M.—  Aho beroa izango nauk bai. Baina hik zer, Jokatu gura duk zer edo zer?

B.J.—  Jokatu!  Zer esaterako?

M.— Ibar honen jabetza. Irabazten badut gureak izango dituk behealdeko lurrok.

B.J.— Eginda zegok! Galtzen baduk zure askazia osoak alde egingo du gure ibarretatik. Ados?

M.— Bat nator. Nola lehiatuko gara ordea?

B.J.—  Basajaunon erara, harriak jaurtiz jakina!
 
Harri bola zuri handi bana hartu zuten esku artean eta jaurtitzeko prestatu ziren. Halako batean, Martintxok, basajauna bestera begira zegoen unean, oharkabean sartu zen Basajaunaren bordako gaztandegian, Basajauna konturatu orduko eskuartean harri antzeko gauza zuri bat zuela agertu zen. Aurkariaren begi bistan, igurzten eta estutzen aritu zen nabarmen, arerioa konturatzeko moduan, zanpaduren eraginez ustezko harri zuria, txiki, txiki egin eta harea bihurtu zuen. Zurtz eginda gelditu zen, erraldoia, ezin zuen sinetsi ikusten ari zena.
 Dema saihestu eta bertan behera uztea erabaki zuen Basajaunak jende hartaz gehiago jakin arte.
 Baina ez hurrengo desafioa jauti agbe, ez zituen ibarreko lurrak beste barik txiki horren eskuetan utziko. – Harriak birrintzen ona da. — Pentsatu zuen. —  Ea jaurtiketan nola dabilen. — Biharamunerako jaurtiketa lehia bat proposatu zion, makila nork urrunago jaurti.

Hurrengo egunean, goizerdi inguruan, mendipeko larrean elkartu ziren, makila handi bana eskuetan zutelarik. Martintxok demarako prestatu zirenean, Basajaunari zuzen du eta zera esan zion.

M.— Hi kankailu ikusten duk han goian dagoen artaldea?

B.j.— Bai eta?

M.— Ba ondo begiratu eta ikusiko duk, Baietz makila jasotzen dudanerako, artalde hori arrapaladan hasi.

Esan eta egin, jaso zuen Martintxok makila eta haren seinalera, goialdean ezkutuan zegoen lagunak artaldea astindu zuen, ardiak arrapaladan hasi ziren eta Basajauna berriro ere aho zabalik.


Oraingoan ordea Martintxo bera izan zen desafioan lehena,

M.— Hara Baso aldeko Jentil jauna. — esan zion. — azken  desafioa egingo diagu eta hau irabazitakoan lurrak guretzako izango dituk beste barik!

B.J.— Desafioren arabera. — erantzun zuen basa jaunak ez bai zen askorik fidatzen.

M.—Ba biotariko zeinek jan gehiago izango duk dema.

B.J.— Primeran, horretan bai ez didazula irabaziko.

Handik pare bat egunera, harpeko atarian bildu ziren, mahian eseri eta elkarri begiratzeko astirik gabe hasi ziran biak jaten. Martintxok jateko plantak egiten zituen, Baina elikagai guztiak gerri bueltan sabelaren parean lotuta zeraman zahagian sartzen zituen jakirik gehienak.- Hara!- dio Martintxok .— Bete, bete eginda nago eta lekua egin beharra daukat urdailean. –  labana eskuetan hartu eta alkandora peko zahagia urratu zuen batetik bestera eta gordetako guztia kanporatu ostean jaten ari zenaren itxura egiten jarraitu zuen. Basajauna, martintxoren jan beharraz eta urdailean lekua egiteko sistema imitatu guran, bere urdaila urratu zuen batetik bestera eta bertan tripak kanpoan zituela hil zen gizajoa. Amarruari esker jabetu zen Martintxo ibarreko lurrez.



Doro

No hay comentarios: