Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

miércoles, 13 de noviembre de 2013

X. atala
Goiko eihera eta Beheko errota
Eihera da laborearen patua, kolpeak edo igurtziak zanpatuz ehoko dena. Nork helduko dio ordea girtenari? Zein mazo indarrak joko du motrailuan? Noren kalipuak higituko du harria. Gizakiaren kolpeak, Morroi, mirabe edo esklaboaren tiraldiak, mandoaren amai bako birak, haizearen putzak edo uraren hotsak. Nola bihurtu laborea irin?

Beterriko larrainean, hiritik hegoalderantz pilatu zuten garaua, bakoitzak eraman zuen berea zorroan, honenbesteko gizalani zegokiona. Gizalana ei da gizonak egun  baten egin dezaken lana, 400m2  alorra.


Garia zorroan, baina irinik ez azpilean. Ezin da beraz, orerik egin oraska hutsik dagoenean. Orduan konturatu ziren Uribarrikoak eho berbaren esan nahiaz. Harri gainean garia, haren kontra astuna suertatzen da ehotarria, eskuhuska egin beharreko lana norberarena denean. Mandoak                                          tenkatu arren mandarria, lan geldo eta urria.

Erreka bazterreko etxetik zetozen karranka hotsek sortzen zioten jakin mina Martini, amai gabeko durundiak gau eta egun irauten zuen ia loa galarazteraino. Baina jentilek, Basajaunak alegia, haraxe eramaten zituen ale zorroak eta handik etxeratu irina. Martintxo ere bere zorroan lepoan hatu eta basajaunen Goiko eiherara hurbildu zen, eiherazainak bekozko iluna jarri zion arren onartu zuen Martinen gariak ehotzea, arazoa ordea ehotakoan sortu zen, errotariak, laka edo mendea eskatu zionean  (lakari bakoitzak 4,6 dm3 egiten ditu) gehiegikeria iruditu zitzaion Martini eiherazainaren asmoa, urak egiten zuen lanaren truke berak egindako gizalanaren laurdenarekin inor gelditzea. Ez horixe! Aurrerantzean ez zen inor bere izerdiaz aberastuko, goiko eiheraren antzekoa eraiki zuen, beterrian. Beheko errota izendatuko zuena. Errekak paduran ahoratu orduko sortzen duen azken sakanean eraiki zuen, basajaunarenaren antzeko, ubide, antepara, harri eta guzti, basajaunaren ur berdinarekin mugitua.

Heldu zen estreinatzeko eguna, errotak lehen aldiz bira egingo zuen unea. Uribarritar guztiak gonbidatu zituen Martintxok. Zabaldu zuen konporta eta txifloiak askatu zuen ura, gurpila jotzean krinki ta kranka, ezpata bitarte errotarrira doan haritzezko ardatza biraka hasi zen. Garaua toberan behera egin eta harri hagin artera sartu zen, biraldi geldo astuna dela medio birrinduta, irin zuri bihurtuta askan amildu arte.

Pozik ageri zen Martin eta pozarren Uribarritarrak euren errota zutelako. Ospatu behar zela eta errota berriaren karranka soinura  kantatu zuen koblakariak eta dantzatu zuen herriak. Baina unerik gozoenean,  erre sunda sumatu zuten gonbidatuen sudurzuloek, kea zerion ardatzari eta karrakada beldurgarri baten hotsak mututu zituen guztiak, zur eta lur, haritzezko ardatz sendoa apurtu zela sinetsi ezinik.


Martintxok goitik behera arakatu zuen guztia, arrazoia aurkitu guran, baina arazoa ez zegoen begi bisatan, beraz ardatz berria egitea erabaki zuen, aurrekoa baino sendoagoa,  baina berdin, haritzezko ardatzak berotu eta erre egiten ziren, zura aldatzea pentsatu zuen, baina guztiek zuten arazoren bat okertzen ez zena, apurtu egiten zen, goitik behera haritik erdibitu batzuk eta ezpaldu sarritan. Ezin egur egokirik aurkitu, zein zen ordea, Basajaunaren errotako ardatzaren materiala, zerezkoa zen?

Garbi zegoen, errota martxan jarri gura bazuen, nola edo ala Basajaunaren sekretua jakin behar zuen!

Nor hurbilduko zitzaion errotariari ordea, eta nork galdetuko zion? Bideak moztuta gelditu ziren, gehiegizko lakariaren kontuarekin. Baina ez zegoen beste aukerarik, bere betiko abileziara jo beharko zuen Martintxok beste behin.


Dagoeneko amarru ugari erabilitakoa zenez ez zen erraza izango berria asmatzea eta are gehiago engainua berak burutzea, ezagunegia zen. Beraz modu berriren bat behar zuen.

Zein ordea?


Doro

No hay comentarios: