Buscar este blog

Doro Kontalari

Doro Kontalari
Munduan beste asko lez...

sábado, 16 de noviembre de 2013

XI. atala
Zur egokia
Hamar gehi bat ei da hamaika, bagatoz azkenerantz, euskaldunontzat asko antza. Hats-amarrak bukatzean abilidadeak behatzekin jarraitzean datza.


Martintxok Juanikoteri deitu zion; (Juanikote Martintxoren lagun-mina da, berritsua eta amarru zalea lagunaren atzera.)

Martintxo. — Hi Juanikote. Etorri hadi mesede bat egin behar didak eta.

Juanikote. -  Nik egiteko modukoa bada …

Martintxo. —  Begiratu ezak. Basajaunaren eiherako ardatza zeren egurrez egin da dagoen jakin gura nuke. 

Juanikote. — Ba galde iezaiok!

Martintxo. — Bai zera! Ez dit esango ez da nitaz fidatzen.

Juanikote. — Ni ere ez nintzateke zutaz fidatuko. Baina lagunak gaituk eta Jentilei adarra jotzeko bada edozertarako prest naukazu.

Martintxo. — Hara! Joan hadi inguru guztiotatik,  Beheko errotaren estreinaldira mundu guztia gonbidatzen.

Juanikote. — Ez dik inork sinetsiko. Gutxienez hogeigarren estreinaldia duk. Neu ere ez nauk etorriko eta

Martintxo. — Ez dik inork etorri behar. Entzun behar duenak entzuten badik helburua beteko da.

Horrela egin zuen Juanikotek, auzoz auzo, txokoz txoko, bazterrik bazter zabaldu zuen berria.


Juanikote. — Zatozte, zatozte zioen, beheko errotaren estreinaldira. Oraingoan bai. Zatozte beheko  errotaren estreinaldira! Martintxok aurkitu du ardatza egiteko zur egokia eta …



Halaxe izan zuen Basajaunak Martintxoren errotaren berri. Sinestatzeko  zaila egin zitzaionez, mutilari hurbildu zitzaion sineskor.

Basajaun. — Hi zer esaten ari haiz?

Juanikote.- Entzun duk, Beheko errota berria estreinatzen dela.

Basajauna.- Berriro ere? Zenbatgarrena duk.  Noiz eskarmentatu behar du kakanarru horrek.

Juanikote.- Oraingoan egi da.

Basajauna.- Bai ardatz eta guzti.

Juanikote.- Baietz ba. Ardatzaren kontua konpondu duelako estreinatzen da Beheko errota.

Basajauna.- Eta nola jakin du haltzaren zura dela ardatza egiteko egokiena?

Juanikote.- Ez  jauna ez daki, beraz ezin erabili. Baina egon hadi lasai aurrerantzean erabiliko du eta!

Esandako moduan, Martintxok berria jakin zuenerako aurkitu zuen tantaia eta ardatz bihurtu. Errotak primeran funtzionatu zuen, Goiko eiheraren antzera. Horrelaxe zabaldu omen zen laborantza euskal herrietan

 Basajauna behin eta berriz engainatu ondoren, isilpekoa lapurtu eta munduaren esku jarri zuen. Ordutik haurrera laborearen sekretuekin batera hedatu zen ogia munduan. Eta Martintxo. Amarru zalea, gezurtia, egi erdien jaun da jabea, heroi bihurtu zen munduaren aurrean.

 Dena berriz, ez da laborea, ez jaki guztiak ogiak. Ludian irauterik bada, goiko zein beheko, nagusi zein langile, Jentil edo kristau, guztioi dagokigu buzkantza betetzea eta  indarrak berritzeko aurrekoa libratzea. Beraz aniztasunez jateko, beharrezkoa da aniztasunez, batzea.

Doro

No hay comentarios: